2018.03.01
Deabruak Teilatuetan

Deabruak Teilatuetan

  • 1991 - 2010
  • Tolosa (Gipuzkoa)
  • Rocka
  • Webgunea

Atzera

Gaztetxeak martxan!! (Askoren artean)
play_buttonadd_button
 

Gaztetxeak martxan!! (Askoren artean)

2001 - Gasteizko Gaztetxea


18/98 (lau zenbaki iraingarri)(Hitzak eta musika: Joni Ubeda, Imanol Ubeda)
facebook iconfacebook icon
play_button
add_buttton

Formatua: CD


GENEROA

Rocka

Deabruak Teilatuetan Tolosako Bukaera eta Ruido de Rabia musika taldeen entsegu lokalean jaio zen, koadrilako hiru lagunek -Iñigo Arruti (bateria), Imanol Ubeda (gitarra) eta Joni Ubeda (baxua)- lehenengo aldiz musika talde bat sortzea erabaki zutenean. Lehenengo kantuak ia halabeharrez egin zituzten, lagun batek eskatuta. Handik gutxira, Aritz Mendieta (ahotsa) batu zitzaien, eta 1994an Endreduan izeneko maketa kaleratu zuten; oso harrera ona izan zuen. Horrez gain, Tolosako Galtzaundi euskara elkarteak bultzatutako Martxaundi izeneko bi bildumatan esku hartu zuten. Bitartean, kontzertuetan bikain moldatu ziren: taldea indartsu aritzen zen, eta abeslari geldiezinak oso estilo berezia, elektrikoa, erakusten zuen. Era berean, abiadura eta melodia maisuki nahasten ikasi zuten: hardcorearen gordina eta Aritzen ahotsaren melodia.

285

Aritz Mendieta, Aitor Arruti, Joni Ubeda eta Imanol Ubeda.

Maketa atera eta urtebetera, Esan Ozenki diskoetxeak interesa jarri zuen taldean. Kaki Arkarazorekin grabatu zuten Itsumutugor (Esan Ozenki, 1995). Arkarazorekin izandako lehen harremana izan zen. Gainera, Kakik gitarra jo zuen M-ak taldearen “Gasa (opor guztietako zalantza)” bertsioan. Disko horretan, taldea sortu zutenetik bildutako hainbat abesti batu zituzten, tartean maketako batzuk, eta erakutsi zuten doinu gogor eta azkarrak lantzeaz gain, giro goxoek ere lekua zutela beren eskaintzan.

Itsumutugor-ekin tolosarrak emanaldien esprint baten murgildu ziren, diskoak izandako harrera beroari eta Esan Ozenkiren lanari esker. Hala, taldeak hainbeste maite dituen gaztetxe eta areto txikiez gain, agertoki erraldoietan ere aritu behar izan zuen. Esaterako, Oiartzungo Hitz Egin!jaialdi erraldoian eta Esan Ozenkiren 5. urteurrena ospatzeko Bordelen egindako jaian. Horrek guztiak ezagutzera eman zituen, eta 1996an 50 bat kontzertu egin zituzten.

Horren ostean, bigarren diskoa izango zena prestatzen hasi ziren buru-belarri, baina tartean taldekideak hitzak idazterakoan hainbeste inspiratu izan dituen Joseba Sarrionandia idazlearen “Hau da ene ondasun guztia” poema moldatu eta grabatu zuten Euskal Herrian Euskaraz elkarteak bultzatutako bilduma baterako. Horrez gain, Morau bakarlariari lagundu zioten lehenengo diskoa grabatzen.

283

Aritz Mendieta abeslaria, jauzi batean.

Zein da zein? (Esan Ozenki, 1997) bigarren diskoan, Kaki Arkarazo taldeko bosgarren kide bihurtu zen, haien esanetan, entseguetara joan zelako kantuak moldatzen lagundu eta aholkuak ematera. Izenburu horrekin, gatazka politikoaren ondorioz Euskal Herrian bizi den paranoia irudikatu nahi izan zuten. Emaitzari dagokionez, Itsumutugor-en ildoari jarraitu zioten: hardcore melodikoaren eragin garbia, pop-rock zipriztinak eta hitz landu eta metaforikoak. Horren barruan, Jose Luis Otamendiren poema musikatu bat eta M-ak taldearen inoiz argitaratu gabeko “Pay your rents”, taldekideek asmatutako hitzekin. Sasoi horretarako, Bide Ertzean proiektua martxan jarria zuten Ubeda anaiek, Otamendiren poemak musikatzeko.

Ordurako konturatuak ziren zuzenean askotxo jotzen zutela, eta horren ordez estudioan aritzera zaletu ziren. Horren erakusle da Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997) bildumarako Alaitz eta Maiderbikotearekin elkarlanean egindako kantua, “Kantari noa“. Urte berean, Kubara jo zuten bizpahiru kontzertu egitera, eta sasoi hartan Imanol Ubedak Entzun! euskarazko musikari aldizkariko ardura hartu zuen.

1998an, taldearen etenaldia iragarri zuten, Iñigo Arruti bateria jotzailea Bartzelonara ikastera joan zelako. Itxaronaldia goxoagoa egiteko, baina, Deabruak guarda!!(Esan Ozenki, 1998) kaleratu zuten, estudioko abesti argitaragabeekin, zuzenetakoekin, entseguetako grabazioekin eta abar. Gabonetan bi ikuskizun eskaini, eta opor luzeak hartu zituzten, Bide Ertzean taldearekin buru-belarri aritzeko.

3411

Taldeak ’1973′ diskoa grabatu zuen 2007. urtean.

Gerora, inoiz Tolosako Bonbereneagaztetxean jotzeko elkartu badira ere, 2007ra arte ez zuen berri askorik eman. Hala, urte horretan 1973 (Bonberenea Ekintzak) kaleratu zuten —diskoaren izenburua taldekideen jaiotze urteari buruzko erreferentzia da—, eta 2008an agertokietara itzuli ziren. Hatortxu Rock eta Bonberenea Sutan jaialdietan, Herri Urrats egunean, Durangoko Plateruena kafe antzokian eta hainbat herritako jaietan jo zuen taldeak, besteak beste. 2009an, David Gorospe bateria jotzaileak (Gozategi, Buffalo, Skasti…)  Iñigo Arruti ordezkatu zuen hainbat kontzertutan. Hala ere, taldea geldirik da gaur egun.

Testua: Iker Barandiaran

Atzera

1973

Atzera

Nazkaturik (Martxaundi)