Diziplina askotan aritzen da Edurne Arizu artista iruindarra. Akordeoilaria, konpositorea, ekoizlea, performerra eta ikus-entzunezkoen sortzailea da. Musika garaikidea, soinu artea eta ikerketa ditu jardunaren ardatz, eta harreman estua du dantzarekin, antzerkiarekin eta teknologiarekin. Iruñeko Kontserbatorioan akordeoi ikasketak egin ondoren, Musikologia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Zenbait disko kaleratu ditu, eta 2023an Bcn Crea beka eskuratu zuen musikaren eta adimen artifizialaren arteko harremana ikertzeko: Physis triptikoa sortu zuen bekari esker, akordeoia eta adimen artifiziala uztarturik; giza inprobisazioa eta sormena sistema algoritmikoekin elkarrizketan jarri zituen, errealitatea, makinak eta gorputzak tartean dauden espazio bat sortuz. Hemendik At! eta Ados taldeetako abeslari gisa ere ezagutu genuen 2000. urte inguruan.