Jon Mirande poetaren obra berrinterpretatzen duen Mirande diskoa kaleratu zuen Forbidden Records diskoetxeak 2020an. Elena Setien abeslari eta musikari donostiarra, Grande Days taldea eta Xabier Erkizia soinu artista lesakarra elkartu zituen proiektuak, eta sei kantuko disko bat kaleratu zuten. Grande Days laukoteak post-rock kutsuko instrumentazioa jarri zion lanari, eta, Xabier Erkiziak elektronikaren alorrean duen ikuspegi esperimentalarekin kutsatu ondoren, Elena Setienen ahotsak osatu zuen lana.