Lau belaunaldik gurutzatzen dute Koldo eta Unai Etxebarria aita-semeak hainbeste elkartzen dituen historia. Luis Etxebarria aitarekin eta Eduardo Etxebarria Piti aitonarekin hasi zen plazarik plaza Koldo, tekla akordeoi batekin, urte batzuk geroago trikitiarekin eta panderoarekin osatutako formatu klasikoan aritzeko. Unai semea 11 urte zituela murgildu zen euskal folklorearen munduan, aitaren eskutik. Urte asko daramatzate elkarrekin jotzen, trikitiaz eta panderoaz lagunduta. Gaur egun, ez dira gutxi izango beren musika tresnekin bisitatu dituzten herri eta hiriak, gutako askoren etxe atariraino eraman baitute festa.