Fernando San Jose Arze musikari, kantari eta ikus-entzunezkoen ekoizlea, kulturaren munduan Fernando Unsain izenez ezagunagoa, Beasainen jaio zen, langile familia batean. 1965ean Goierriko Bostak taldean aritu zen, eta, hurrengo urtean, Donostiako Gran Festiva de Artistas Noveles lehiaketa irabazi zuen. Bakarkako bidea hasia zuela, Ostenden (Flandria) Nazioarteko Saria irabazi zuen 1973an, euskara hutseko errepertorio batekin. 70eko hamarkadan ahots ezaguna izan zen Madrilgo eta Espainiako protesta kantari eta kantautoreen artean; garai hartan, nagusiki gaztelaniaz aritu zen. Euskal Herrira itzulitakoan, bere lehen disko luzea grabatu zuen, Nire aitaren etxea defendituko dut, IZ diskoetxea sortzearekin batera. Donostiako Orfeoian eta Eltzegor taldean ere aritu zen.