2019.12.16
Guk

Guk

  • 1972 - 1995
  • Herri kanta

Bere belaunaldiko beste kantari askori gertatu bezala, Mixel Labegerie kantari entzutea erabakigarria izan zen Beñat Sarasolarentzat kontzientzia hartzeko. “Ene Lizeo garaia zen, eskola pribatuan ikasten nuen, eta ezagutu nuen laborari eta euskalduna izatea zer den, biziki sofritu nuen izaite hura (…). Alabaina, Enbata mugimendua agertu zen, Mixel Labegerieren lehen kantuak entzun, eta erran bezala, hura nire gurasoen kulturaren balorazio izugarria izan zen niretzat; txundituta utzi ninduen” (1).

Joanes Bordarekin etxean eta lagunartean abesten hasi zen, harik eta jende aitzinean kantatzeko urratsa eman zuten arte. Ostatuetan lehenik, eta agertoki baten gainean geroago. Iparraldean aritzen ziren gehienbat, baina tarteka Hegoaldera joaten ziren. Kantu guztiak eurek sortutakoak ziren, eta horrek entzuleak errazago erakartzen zituen. Eduki politikoa zuten kantuak ziren, hala nola “Eskualduna naiz”, “Donibaneko portuan” eta “Presondegietan (zuengatik)”. Horiek eta beste batzuk bi disko txikitan grabatu zituzten.

1970ean Panpi Lacarrieu bildu zen taldera, eta 1972an Pier Paul Berzaitz eta Beñat Davantekin boskotea osatu zen. Azken bi horien ekarpena alderdi musikalean gertatu zen bereziki, hainbat tresna jotzeko gauza zirelako: akordeoia, txirula, pianoa, saxofoia… Hortaz, aurrerantzean Berzaitzek hartuko zuen doinuak sortzeko ardura, Sarasolaren ordez.

507

Taldearen aurkezpen ofiziala 1972an izan zen, Aita, seme, laborari ikuskizunarekin. Aitarekin lanean ari den seme baten istorioa zen. Aitaren borondatearen aurka, Parisera joango da semea, bizitza ederraren bila, eta, dezepzionaturik, lekuz kanpo dagoela ikusita, aitarengana itzuliko da, barkamena eskatuko dio eta lanean hasiko dela hitzemango. Gazteak herri txikietatik alde egiten ari zirela eta, gurasoen atsekabeari abesten zioten Guk taldekoek. Kantuetan gai politikoak aipatu ondotik, kezka sozialak agertzen hasi ziren, eta kantaldiak antzerki moldean ematen hasi ziren, kantuak lotzen zituzten pasarte antzeztuekin. Borda zen aita, Lacarrieu semea, eta Davant diputatua.

Taldekideen iritziz, “arazo soziala abertzale-politiko arazoari lotzea lortu zuen taldeak. Iparraldean urrats handia izan zen hori. Kontuan hartu hainbat laborari bestela ez zirela sekula kantaldietara etorriko. Izan ere, ordura artekoak abertzaleen kantaldiak ziren, mitinen antza hartzen zutenak. Bazen muga herri eta abertzale gazteen artean. Aldiz, antzerki horri esker laborariak bere burua arazoan barne ikusten zuen. Mugimendu sindikalista Iparraldean, ELB eta abar, antzerki horren ondotik sortuak dira” (2).

Bigarren ikuskizunak Laborari, langile eta nagusi…zuen izenburua, eta berriz ere gizartearen arrenkurak landu zituzten. Ikuskizunak taldearen lehen disko luzea ekarri zuen, 1977an, Elkar diskoetxeak argitaratua.

Pier Paul Berzaitzek taldea utzi zuen 1979an, eta Guk laukote bihurtu zen 1983 arte. Urte hartan Eneko Labegerie batu zitzaien, Mixel Labegerieren semea. Aitarekin disko txiki bat grabatu zuen Enekok, 1972an, eta Guk taldea miresten zuen. “Langile eta laborari mundua aldarrikatzen eta kantatzen zian, eguneroko bizia, gizon eta emakumeen arazoak. Enetako kristorena, nazioaz haratago zihoan Guk” (3).

Taldeak taularatu zuen hirugarren ikuskizuna Geroa izan zen. Etxalde txiki bateko lau anaiaren gorabeherak eta bakoitzaren kontzientzia azaltzen zituen obrak, eta herri gisa aurrera egiteko laborantzatik aparte industria bat sortu beharra aldarrikatzen zuen.

Herria zain (Elkar, 1985) -bertan dira “Arbola”, “Amodioaz” eta “Papo gorri” kantu ezagunak-, Gerlarik ez (Elkar, 1987) eta Arrozten (Elkar, 1990) kaleratu zituzten hurrengo urteetan. Lehenengoan, musika gehiena Berzaitzena zen, baina hurrengo bietan Sarasola eta Labegerieren artean partekatu zuten sorkuntza lana. Disko guztietan Ipar Euskal Herriko abertzaleen kezka eta borrokari buruz kantatzen zuen taldeak, eta, hain zuzen, kantuaren bidez herritarrekin partekatu nahi zituen kezka horiek. Joanes Borda atxilotua izan ondoren, IK erakunde armatuaren bozeramaile izatea leporatu zioten taldeari. Sarasolaren hitzetan, “Iparraldeko borrokaren agerlea izan da Guk taldea. Ez genuen harentzat edo bestearentzat abesten edo hitz egiten, Iparraldeko bertako borroka molde bati abesten genion, bakoitza bere bizilekuan borrokatzera deitzen genuen” (1).

Bidez bide (IZ, 1995) izan zen Guk-en azken diskoa. Aurrekoak baino askoz jantziagoa da (txirula, pianoa, kontrabaxua, trikitia, txeloa, perkusioak…), eta konposizio garaikideagoak biltzen ditu. Halaber, borroka kantuak ez ezik, sentimentalak eta lirikoak ere baditu.

Eneko Labegeriek taldearen hurrengo diskorako kantuak sortu zituen, baina 1998an Beñat Sarasolak taldearekin ez jarraitzea erabaki zuen, nekatuta. Hortaz, abestiok bere kasa grabatu zituen Labegeriek, eta Nazio berria diskoan (Elkar, 1999) argitaratu.
341

2005. urtean, taldearen 30 urteko kantagintzaren bilduma kaleratu zuen taldeak. 107 kantu jaso zituzten bederatzi diskotan, horietako asko inoiz argitaratu gabekoak. Tartean daude, esaterako, Aita, seme, laborari eta Geroa ikuskizunen zuzeneko grabazioak, 1999an Bixentaenian (Baigorri) egindako kantu afari bateko grabazioa, eta sekula grabatu gabeko kantu berriak, “Suak erre” eta “Bidean galdu”, esaterako.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Argia, 1.745. zenbakia, 2000ko urtarrilaren 16
  • (2) Argia, 1.532. zenbakia, 1995eko maiatzaren 28a
  • (3) Argia, 1.723. zenbakia, 1999ko uztailaren 11

Aitarenak

Zendako beti lasterka
jende gaizo hori doa
sos madarikatu horren
ondotik du hatsa galtzen...
aberatsak baliatzen
ogi-lurrak dauzkutela kentzen
trixterik nago Jainkoa
ardien jabe otsoa
ote da beti beharrezkoa?

Beharrezkoa da haurrak sortzia
bihar joko dute horiek ortzia!

Ilhuna jausten denian
etxe hutsaren gainean
ait'amak su-bazterrian
elgarri so ixilian
penaz nigarra begian
su-argirik gabe bihotzian
egun guzian lanian
etxerat bildu ondoan
hotzik gaude iduri neguan...

Negurik ez dago ustez zeruan
betikoa aldiz bai infernuan

Gure herriko bidetan
botz guti ari da kantatzen
ostatu gune xokotan
gazte guti da musetan
pilotarik ez plazetan
mutil-neskato dira hiritan
arrotzak gurelurretan
ihiztariak gure menditan
ondokariak gure oihanetan

Tempesta heldu da hego-aldetik
axeriak jelgi zien xilotik

Gaitzik ez dut desiratzen
zauztener ene behatzen
dautzutet hemen aitortzen
aita baten pena zer den
seme bat delarik urruntzen
bihotza errotik ateratzen
gure herrian arimarik
ez dut gehiago senditzen
zainak odolez zaizkigu husten

Landaretik lore, loretik hazi
hazitik fruitua, ta berriz hasi...