2021.07.23
Haizea

Haizea

  • 1976 - 1980
  • Folka

Aho zabalik utzi zituen entzuleak Haizea diskoak (Herri Gogoa, 1977). Frankismoaren azken urteetako euskal musikaren moldeak hausten zituen lan gozo eta berritzailea zen. Pentagle oinarrizko talde ingelesaren itzalean sortu zen, eta arrakasta handia lortu zuen. “Loa loa”, “Goizeko euri artean” eta “Ura ixuririk” kantuek janzten dute euskal folk musikaren bilakaera ulertzeko ezinbestekoa den disko hori. Taldearen ezaugarriei jarraiki, kantu tradizionalen bertsioak daude, baina baita Artola eta Lasaren kantu bana ere.

Taldea hilabete batzuk lehenago sortu zen. Txomin Artolak Olaxta (Herri Gogoa, 1975) kaleratu ondoren eta Walt Whitmanen poemekin lanean ari zela, bazuen buruan zuzenean aritzeko talde laguntzailea sortzeko asmoa, eta musikariak biltzeari ekin zion. Carlos Busto (bateria), Gabriel Fernandez Barrena (kontrabaxua), Xabier Lasa (gitarra), Amaia Zubiria (ahotsa) eta Txomin Artola (gitarra eta ahotsak) izan ziren hasierako kideak. Errepertorioa prestatzen ari zirela gertatutako sormen prozesuaren ondorioz erabaki zuten hura talde “laguntzailea” baino gehiago zela, eta horren ondorioz sortu zen Haizea.

Lehen diskoa kaleratu ondoren, jaialdi mordoa eman zuten Euskal Herrian zehar. Dena den, urtebete pasa eta gero Txomin Artolak taldea utzi zuen, bere bakarkako ibilbideari berriro heltzeko. Xabier Iriondo (gitarra eta flauta) sartu zen orduan Haizean. Formazio horrekin grabatu zuten bigarren eta azken diskoa: Hontz gaua (Xoxoa, 1979). Disko horretan nabaria da jazz musika eta inprobisazioaren eragina. Horren adibide da diskoaren izen bera duen 14 minutuko lan luzea. Askoz ere disko konplexuago eta anbiziosoagoa gertatu zen, jakina, eta ez zuen lortu aurrekoaren arrakastarik, “Anderea” gisako kantuak izan arren.

2065

Xabier Iriondo, Gabriel Fernandez Barrena, Carlos Busto, Xabier Lasa eta Amaia Zubiria, Hondarribiako eskolako entsegu lokalaren aurrean.

Garai hartan, Pello Lizarralde idazleak lagundu ohi zuen taldea zuzeneko emanaldietan. Izan ere, meza beltza egiten zuten kontzertuetan, eta tarte horretan Lizarralde dantzan eta kantuan aritzen zen. Halaber, Jon Zabaleta marrazkilariak -lehen diskoko azalaren egileak- mimoa egiten zuen Haizearen kontzertuetan.

Taldearen azken urte eta erdia oso gorabeheratsua gertatu zen. Aiete auzoko entsegu lokaletik tresna guztiak lapurtu zizkieten, eta Hondarribiara aldatu ziren. 1979ko udan zuzenekoak ematen eta material berria prestatzen jarraitu zuten. Lehenik eta behin, hirugarren diskorako materiala prest zutela, Amaia Zubiriak taldea utzi zuen eta Frantzia aldera jo zuen, jazz musikariekin lanean hasteko. Amaia Kasasolak hartu zuen Zubiriaren lekukoa. Gero, Carlos Bustok utzi zuen taldea eta hiruko bilakatu zen Haizea: Xabier Lasa, Amaia Kasasola eta Gabriel Fernandez Barrena.

Formazio horrek bi emanaldi eman zituen, horietako bat 1980an Lemoiz gelditu Bilboko erakustazokan egindako bi eguneko makrojaialdi jendetsuan. Jaialdi haren lekuko gisara kaleratutako Nuklearrik ez, eskerrik asko. Lemoiz gelditu! diskoan (Tic Tac, 1980) topa daiteke “Kolorez busti nauzu”, Haizearen izenean grabatutako azken kantua. Urte horretan taldea desegin egin zen.

Amaia Kasasolak eta Gabriel Fernandez Barrenak Mandaeuli taldea osatu zuten. Ez zuen oso luzaro iraun, eta kantariak bakarlari gisara jarraitu zuen. Handik urte batzuetara, Amaia Kasasolak Zatoz (Tsunami, 1986) kaleratu zuen. Xabier Lasak, berriz, hainbat elkarlan egin zuen Haizeako kide ohiekin, La fuga de Segovia (Imanol Uribe, 1981) filmerako musika Amaia Zubiriarekin, adibidez. Horretaz gain, Txomin Artolaren bakarkako hainbat diskotan parte hartu zuen.

Testua: Andoni Tolosa

Goizeko euri artean

Goizeko euri artean aterkiñarik gabe
eskuak sakelean pena bat bihotzean
etxetik urruti nago kalean bakarrik
goizeko euri artean kitarra bakarrekin.

Lan bat hartu behar dut gaur zerbait bazkaltzeko
inork ez nau hartu nahi harrotza naizelako.
Kaletan abestu dut nere herriko kanta,
jendeak zerbait utzi du goizeko euri artean.

Ez horrela ibili, nezkatxak esaten dit
hobeki hemen bizi gu biok elkarrekin,
batzuetan galdetzen diot neure buruari
zertarako naizen hemen
zergatik ari naizen
betiro kezkatzen.

Baina aurrera joan behar dut bidea hartu arte
bakarrik izan behar dut hori iritsi arte,
eta egun on batean pozik ikusiko dut
eguzkia agertzen goizeko euri artean.