Formatua: CD-LP
Iraupena: 36' 21"
Argi kodea: O-236
Azala: Jose Ordorika
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
LAGUNTZAILEA
GENEROA
Rocka
Denboraren orratzak
1992 - Oihuka
Formatua: CD-LP
Iraupena: 36' 21"
Argi kodea: O-236
Azala: Jose Ordorika
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Elkar estudioa
SOINU TEKNIKARIA
Jean Phocas
LAGUNTZAILEA
GENEROA
Rocka
Garaiko beste musika taldeen antzera, Ingalaterrako punk mugimendua izan zuten abiapuntu eta eredu Hertzainak taldea sortzeko unean. Rock&rolla eta euskal giroa elkartu nahi zituzten, eta musika eta hitzak erabilitako formula. Testuinguru politikoak garrantzi handia izan zuen taldearen sorreran, eta lehen garaiko kantuen hitzek ere norabide horretan jotzen zuten: kaleko giroa islatu, Poliziaren errepresioa salatu eta batzokietako jelkideen kontra jo zuten, besteak beste.
Josu Zabala eta Xabier Montoia izan ziren taldearen sortzaileak, eta haiek mamitu zuten lehen urteetan Hertzainak-en izaera. Lehen uneko taldekide aldaketak izan ondoren, honako hau izan zen 1981eko Urtezaharrean taula gainera igo zen taldea: Xabier Montoia Gamma (ahotsa), Josu Zabala (baxua), Kike Saez de Villaverde (gitarra), Curro (bateria), Tito Aldama (saxofoia; 1944-2012) eta Delfo (gitarra). Taldearen inguruan ibili ziren Gerardo Pozo Gene gazte gasteiztarra eta Karra Elejalde aktorea ere.
Lehen emanaldiak egin eta gero, taldean aldaketa nabarmenak gertatu ziren. Curroren ordez, Luis Javier Saiz Txanpi sartu zen bateria astintzera, eta Delfok ere taldea utzi zuen. Aldaketa nabarmenena 1983ko irailean izan zen, Xabier Montoia taldetik kanpo geratu eta gero (M-ak taldean agertuko zen geroago). Horrela, hilabete batzuk abeslari finkorik gabe aritu eta gero, Iñaki Igon Garitaonandia Gari sartu zen abestera. Legazpiko Ziper taldeko abeslaria zen Gari orduan.
Kideak erabat finkaturik, taldearen lehen maketa grabatzera sartu ziren IZ diskoetxearen estudioetan. Horretarako, taldearen zortzi kantu esanguratsu prestatu zituzten, eta Angel Katarain soinu teknikari lanetan zela erregistratu zen kasete formatuan kaleraturiko lana. Maketako kantuak ziztu bizian zabaldu ziren Gasteizen, eta, apurka-apurka, Euskal Herri guztian jotzen hasi zen Hertzainak. Kontzertu mordoa egin zuen taldeak garai horretan; besteak beste, Tuteran tiro eremuaren kontra egindako kontzertu mitikoan jo zuen. Bertan, Zarama, RIP, Eskorbuto, Barricada eta beste hainbat talde ere aritu ziren. Kontzertu horren karira sortuko zen, hain zuzen, RRV Rock Radikal Vasco deitura. Denbora luzez lagunduko zuen deitura horrek taldea.
1984. urtea indartsu hasi zen Hertzainak-entzat. Egin egunkariak antolatutako Egin Rock txapelketan, irabazle suertatu zen Araban, La Polla Records taldearekin lehia gogorra izan eta gero. Urte hartan bertan, Espainiara atera zen lehenengoz, eta lehen diskoa prestatzeko lanetan hasi. Urte amaieran argitaratu zen Hertzainak taldearen lehen disko luzea, Hertzainak (1984), Soñua diskoetxearen babesean, eta Marino Goñik egin zituen ekoizpen lanak. Soinu hartzea, Donostiako Tsunami estudioan egin zuten, eta teknikari Oscar Clavel Brujo aritu zen. Taldeak sortutako hamar kantu jasotzen ditu, tartean maketako hiru kantu. Disko horretakoak dira denborarekin ereserki bihurtu direnzenbait kanta; esaterako, “Ta zer ez da berdin”, “Pakean utzi arte”, “Kamarada” eta “Si vis pacem, parabellum“. Diskoa ixteko, “Arraultz bat pinu batean” aukeratu zuten, geroago Euskadi tropikala leloaren zabaltzea ekarriko zuena. Natxo Etxebarrietak (Cicatriz), Gasteizko La Banda Municipal de Skak eta Ruper Ordorikak kolaboratu zuten diskoan.
Arrakasta itzela izan zuen diskoak. Hertzainak-en kantuek argi islatzen zuten kalean zer egosten ari zen. Poliziek ezartzen zuten kontrol zorrotza (“Kontrola”), biolentziaren zirkulu itxia (“Si vis pacem, parabellum”), ezberdin sentitzearen inguruko gogoeta (“Ta zer ez da berdin“), euskaldun izatearen afera (“Drogak AEK’n“), estatuaren kontrako borroka (“Pakean utzi arte“)… Era berean, festa eta adarjotze kutsua nabari zen testuetan. Erraz irentsi zuen diskoa borrokarako eta festarako prest zegoen gazteriak.
Lehen diskoaren arrakasta barruratzeko astirik gabe, beste disko bat grabatzen hasi zen taldea 1985eko udan. Hau dena aldatu nahi nuke bigarren diskoan (Soñua, 1985), musika garapena nabarmena da aurreko lanaren aldean. Kantu batzuetan hasierako bideari jarraitu bazioten ere, jai giroak eta ska erritmoek apenas duten lekurik (“Egunero”, The Selecters taldearen bertsioa). Ilunagoa da, eta barrura begira egindako kantuak nagusitzen dira. Grabazioan ere arazoak izan zituzten, eta, soinuari dagokionez, azken emaitza ez zen izan taldeak desio zuena. Hitzen gaiak ere aldatzen hasi ziren. Nahiz eta kaleko bizitza islatu, kontu pertsonalak eta bestelako gogoetak nagusitu ziren. Hala ere, taldearen kantu enblematikoetako bi gordetzen ditu disko horrek: “Eutsi gogor”, Euskalduna ontziolako langileei eskainitako kantua, eta “Hil ezazu aita”, batzuen arabera euskarazko lehen rap kantua.
Salgai jarri ziren lehen 2.000 aleek single bat zekarten opari, beste lau kanturekin: maketa garaiko “Galtzailea” eta “Rock&roll batzokian”, inoiz grabatu gabeko “Itxoiten nago” eta taldearen ereserkia, “Hertzainak”: «Ixilik nola ez, hobe da abestu / eta gure musika mundu zaharra deuseztu…».
Soñua utzi eta Elkar diskoetxearekin grabatu zuen hirugarren diskoa,Salda badago (1988). Taldeak rockera bideratu zuen musika, eta guztiz desagertu ziren ska melodiak. Ordurako saxofoiak ez zuen tokirik taldearen musikan, eta, beste zenbait arrazoi zirela tarteko, Tito Aldama taldetik at geratu zen, Hertzainak laukote bihurtuz. Hala ere, disko horretan eta hurrengoetan taldearekin kolaboratu zuen Tito Aldamak. Salda badagograbatzeko, Ruper Ordorika aritu zen produkzio lanetan. Grabazioa nahiko korapilatsua izan zen, eta, bobinan izandako arazoak zirela medio, grabazioa behin baino gehiagotan errepikatu behar izan zen. Tartean, Garik moto istripua izan zuen, estudiotik Gasteizera zihoala. Disko horretan, Bingen Mendizabalek lehen aldiz kolaboratu zuen taldearekin, eta urte batzuk geroago taldeko kide bilakatu zen. “Esaiok” eta “No time for love” kantuak nabarmendu ziren disko horretan, biak folk ukituko baladak.
Amets prefabrikatuak (Oihuka, 1989) kaleratu aurretik, maxi single bat argitaratu zuten. Hiru kantu horien artean, “Aitormena” zegoen, denborarekin taldearen kantu ezagunenetakoa izango zena. Hertzainak-en sona izugarri handitu zuen kantu horrek, talde entzule talde berri eta gazteago batera hurbilduz.
Diskoak “Aitormena“-ren moldaketa harrigarri bat zekarren, Bingen Mendizabalek hari instrumentuetarako moldatutako partitura jotzen baitzuen Gasteizko Jesus Guridi laukoteak. Kantuari are doinu malenkoniatsu eta gozoago bat eman zioten. Garai horretarako, rockaz gain bestelako eraginak nabari ziren taldearen musikan. “Aitormena” izan zen diskoko izarra, “Bi minutuero” eta “564“-rekin batera. “Zuzen heriotzeraino” berreskuratu zuten, Montoia taldeko abeslaria zen garaikoa, eta Derribos Arias taldearen “Tupeak gora” moldatu zuten.
1990. urtearen amaieran, Kubara bidaiatu zuten, euskal kulturako kide batzuk biltzen zituen espedizio batean. Karlos Argiñano sukaldaria, Mikel Laboa eta Ruper Ordorika musikariak, Jose Luis Zumeta margolaria eta Bernardo Atxaga idazlea ere bazeuden espediziokideen artean. Bidaia horretan sortu zen “Guantanamera” kantuaren bertsioa egiteko aukera. Abesti hori eta beste hiru, tartean “Arraultz bat pinu batean” kantaren zuzeneko bertsioa, Mundu berria daramagu bihotzeanEPan (Aketo, 1991) bildu zituzten. Diskoaren salmentan jasotako dirua Komite Internazionalistak erakundearentzat izan zen.
Horren aurretik, ordea, zuzeneko disko bat argitaratu zuten. Garai hartan, aski zabalduta zegoen taldea desagertuko zen zurrumurrua, eta zuzeneko grabazio horrekin mamuak uxatzea lortu zuten. Bergarako (Gipuzkoa) Txibisto aretoan prestatu eta grabatu zuten Zuzenean: 91-1-19(Aketo, 1991). Grabaziorako antolakuntza lanak izugarriak izan ziren, eta, soinuaz gain, irudiak ere hartu zituzten, VHS formatuko bideoan argitaratzeko. Hain zuzen, zuzeneko lan horrekin estreinatu zen Aketo zigilua, taldeak berak beste hainbat lagunekin batera sortutakoa. Diskoetxe finkatu bat utzi eta diskoa bere kasa argitaratzera ausartu zen Hertzainak, Euskal Herrikoan ez ezik kanpoko merkatuan ere sartzeko ilusio handiz. Haatik, Aketoren abenturak ez zuen arrakastarik izan, eta handik bi urtera Aketo desegin eta betiko diskoetxera bueltatu zen.
Taldea desegiteko erabakia hartua zuten Denboraren orratzak (Oihuka, 1992) grabatu zutenean -izenburua esanguratsua zen-. Lehen aldiz Garik parte hartu zuen hainbat kanturen konposizioan (“Bihurtuko zara, txo”, “Zoratzen ari naizela“…), geroago hartuko zuen bakarkako bidea iragarriz, eta The Clash taldearen “I fought the law” euskarara ekarri zuten.
Euskal merkatuaren txikitasuna eta kanpora ateratzeko zailtasunak aipatu zituen taldeak desegiteko arrazoi gisa. Josu Zabalaren hitzetan, «gurea gora egiterik ez izatera kondenaturik dagoen istorioa da» (1).
Musikan bezala, hitzetan ere garapena gertatu zen urteak pasa ahala. Lehen hiru diskoetako kantuen eduki kritiko, adarjotzaile eta errebeldeek lekua utzi zieten intimismoari eta barne gogoetari, Amets prefabrikatuak-etik aurrera. Hala ere, taldeak beti jakin zuen hitza eta musika uztartzen eta, batez ere, lelo egokiak sortzen eta ereserki bihurtuko ziren esaldiak borobiltzen.
Egun, Hertzainak-eko taldekide ohiek musikan murgilduak jarraitzen dute. Gari bakarkako diskoak kaleratzen ari da, Josu Zabalak Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuak sortu ditu Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariekin, eta Txanpik Doctor Deseo taldean jotzen du. Kike ere aritu zen Doctor Deseon, baina utzi eta gero musika mundutik aparte dabilen bakarra da.
2008ko otsailean hainbat blogarik Hertzainak taldearen “No Time For Love“ abestia erabili zuten Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren ilegalizazioaren kontra protestatzeko. Blogetako mezuetan abestiaren izena eta kantua erreproduzitzen zuen playerra jarri zuten.
Testua: Koldo Otamendi
JOSU ZABALA ETA GARI –HERTZAINAK– KAFE ANTZOKIAN
2019ko Irailak 17, Kafe Antzokian, zuzenean grabatutako diskoa.