2019.12.19
Hertzainak

Hertzainak

Garaiko beste musika taldeen antzera, Ingalaterrako punk mugimendua izan zuten abiapuntu eta eredu Hertzainak taldea sortzeko unean. Rock&rolla eta euskal giroa elkartu nahi zituzten, eta musika eta hitzak erabilitako formula. Testuinguru politikoak garrantzi handia izan zuen taldearen sorreran, eta lehen garaiko kantuen hitzek ere norabide horretan jotzen zuten: kaleko giroa islatu, Poliziaren errepresioa salatu eta batzokietako jelkideen kontra jo zuten, besteak beste.

Josu Zabala eta Xabier Montoia izan ziren taldearen sortzaileak, eta haiek mamitu zuten lehen urteetan Hertzainak-en izaera. Lehen uneko taldekide aldaketak izan ondoren, honako hau izan zen 1981eko Urtezaharrean taula gainera igo zen taldea: Xabier Montoia Gamma (ahotsa), Josu Zabala (baxua), Kike Saez de Villaverde (gitarra), Curro (bateria), Tito Aldama (saxofoia; 1944-2012) eta Delfo (gitarra). Taldearen inguruan ibili ziren Gerardo Pozo Gene gazte gasteiztarra eta Karra Elejalde aktorea ere.

Lehen emanaldiak egin eta gero, taldean aldaketa nabarmenak gertatu ziren. Curroren ordez, Luis Javier Saiz Txanpi sartu zen bateria astintzera, eta Delfok ere taldea utzi zuen. Aldaketa nabarmenena 1983ko irailean izan zen, Xabier Montoia taldetik kanpo geratu eta gero (M-ak taldean agertuko zen geroago). Horrela, hilabete batzuk abeslari finkorik gabe aritu eta gero, Iñaki Igon Garitaonandia Gari sartu zen abestera. Legazpiko Ziper taldeko abeslaria zen Gari orduan.

2996

Gari abeslaria. (Aitor Arregi “Txisto”)

Kideak erabat finkaturik, taldearen lehen maketa grabatzera sartu ziren IZ diskoetxearen estudioetan. Horretarako, taldearen zortzi kantu esanguratsu prestatu zituzten, eta Angel Katarain soinu teknikari lanetan zela erregistratu zen kasete formatuan kaleraturiko lana. Maketako kantuak ziztu bizian zabaldu ziren Gasteizen, eta, apurka-apurka, Euskal Herri guztian jotzen hasi zen Hertzainak. Kontzertu mordoa egin zuen taldeak garai horretan; besteak beste, Tuteran tiro eremuaren kontra egindako kontzertu mitikoan jo zuen. Bertan, Zarama, RIP, Eskorbuto, Barricada eta beste hainbat talde ere aritu ziren. Kontzertu horren karira sortuko zen, hain zuzen, RRV Rock Radikal Vasco deitura. Denbora luzez lagunduko zuen deitura horrek taldea.

1984. urtea indartsu hasi zen Hertzainak-entzat. Egin egunkariak antolatutako Egin Rock txapelketan, irabazle suertatu zen Araban, La Polla Records taldearekin lehia gogorra izan eta gero. Urte hartan bertan, Espainiara atera zen lehenengoz, eta lehen diskoa prestatzeko lanetan hasi. Urte amaieran argitaratu zen Hertzainak taldearen lehen disko luzea, Hertzainak (1984), Soñua diskoetxearen babesean, eta Marino Goñik egin zituen ekoizpen lanak. Soinu hartzea, Donostiako Tsunami estudioan egin zuten, eta teknikari Oscar Clavel Brujo aritu zen. Taldeak sortutako hamar kantu jasotzen ditu, tartean maketako hiru kantu. Disko horretakoak dira denborarekin ereserki bihurtu direnzenbait kanta; esaterako, “Ta zer ez da berdin”,Pakean utzi arte”, “Kamarada” eta “Si vis pacem, parabellum“. Diskoa ixteko, “Arraultz bat pinu batean” aukeratu zuten, geroago Euskadi tropikala leloaren zabaltzea ekarriko zuena. Natxo Etxebarrietak (Cicatriz), Gasteizko La Banda Municipal de Skak eta Ruper Ordorikak kolaboratu zuten diskoan.

Arrakasta itzela izan zuen diskoak. Hertzainak-en kantuek argi islatzen zuten kalean zer egosten ari zen. Poliziek ezartzen zuten kontrol zorrotza (“Kontrola”), biolentziaren zirkulu itxia (“Si vis pacem, parabellum”), ezberdin sentitzearen inguruko gogoeta (“Ta zer ez da berdin“), euskaldun izatearen afera (“Drogak AEK’n“), estatuaren kontrako borroka (“Pakean utzi arte“)… Era berean, festa eta adarjotze kutsua nabari zen testuetan. Erraz irentsi zuen diskoa borrokarako eta festarako prest zegoen gazteriak.

251

Donostiako Anoeta kiroldegian. (Jon Iraundegi)

Lehen diskoaren arrakasta barruratzeko astirik gabe, beste disko bat grabatzen hasi zen taldea 1985eko udan. Hau dena aldatu nahi nuke bigarren diskoan (Soñua, 1985), musika garapena nabarmena da aurreko lanaren aldean. Kantu batzuetan hasierako bideari jarraitu bazioten ere, jai giroak eta ska erritmoek apenas duten lekurik (“Egunero”, The Selecters taldearen bertsioa). Ilunagoa da, eta barrura begira egindako kantuak nagusitzen dira. Grabazioan ere arazoak izan zituzten, eta, soinuari dagokionez, azken emaitza ez zen izan taldeak desio zuena. Hitzen gaiak ere aldatzen hasi ziren. Nahiz eta kaleko bizitza islatu, kontu pertsonalak eta bestelako gogoetak nagusitu ziren. Hala ere, taldearen kantu enblematikoetako bi gordetzen ditu disko horrek: “Eutsi gogor”, Euskalduna ontziolako langileei eskainitako kantua, eta “Hil ezazu aita”, batzuen arabera euskarazko lehen rap kantua.

Salgai jarri ziren lehen 2.000 aleek single bat zekarten opari, beste lau kanturekin: maketa garaiko “Galtzailea” eta “Rock&roll batzokian”, inoiz grabatu gabeko “Itxoiten nago” eta taldearen ereserkia, “Hertzainak”: «Ixilik nola ez, hobe da abestu / eta gure musika mundu zaharra deuseztu…».

Soñua utzi eta Elkar diskoetxearekin grabatu zuen hirugarren diskoa,Salda badago (1988). Taldeak rockera bideratu zuen musika, eta guztiz desagertu ziren ska melodiak. Ordurako saxofoiak ez zuen tokirik taldearen musikan, eta, beste zenbait arrazoi zirela tarteko, Tito Aldama taldetik at geratu zen, Hertzainak laukote bihurtuz. Hala ere, disko horretan eta hurrengoetan taldearekin kolaboratu zuen Tito Aldamak. Salda badagograbatzeko, Ruper Ordorika aritu zen produkzio lanetan. Grabazioa nahiko korapilatsua izan zen, eta, bobinan izandako arazoak zirela medio, grabazioa behin baino gehiagotan errepikatu behar izan zen. Tartean, Garik moto istripua izan zuen, estudiotik Gasteizera zihoala. Disko horretan, Bingen Mendizabalek lehen aldiz kolaboratu zuen taldearekin, eta urte batzuk geroago taldeko kide bilakatu zen. “Esaiok” eta “No time for love” kantuak nabarmendu ziren disko horretan, biak folk ukituko baladak.

Amets prefabrikatuak (Oihuka, 1989) kaleratu aurretik, maxi single bat argitaratu zuten. Hiru kantu horien artean, “Aitormena” zegoen, denborarekin taldearen kantu ezagunenetakoa izango zena. Hertzainak-en sona izugarri handitu zuen kantu horrek, talde entzule talde berri eta gazteago batera hurbilduz.

252

1989an, Hondarribian. (Jon Iraundegi)

Diskoak “Aitormena“-ren moldaketa harrigarri bat zekarren, Bingen Mendizabalek hari instrumentuetarako moldatutako partitura jotzen baitzuen Gasteizko Jesus Guridi laukoteak. Kantuari are doinu malenkoniatsu eta gozoago bat eman zioten. Garai horretarako, rockaz gain bestelako eraginak nabari ziren taldearen musikan. “Aitormena” izan zen diskoko izarra, “Bi minutuero” eta “564“-rekin batera. “Zuzen heriotzeraino” berreskuratu zuten, Montoia taldeko abeslaria zen garaikoa, eta Derribos Arias taldearen “Tupeak gora” moldatu zuten.

1990. urtearen amaieran, Kubara bidaiatu zuten, euskal kulturako kide batzuk biltzen zituen espedizio batean. Karlos Argiñano sukaldaria, Mikel Laboa eta Ruper Ordorika musikariak, Jose Luis Zumeta margolaria eta Bernardo Atxaga idazlea ere bazeuden espediziokideen artean. Bidaia horretan sortu zen “Guantanamera” kantuaren bertsioa egiteko aukera. Abesti hori eta beste hiru, tartean “Arraultz bat pinu batean” kantaren zuzeneko bertsioa, Mundu berria daramagu bihotzeanEPan (Aketo, 1991) bildu zituzten. Diskoaren salmentan jasotako dirua Komite Internazionalistak erakundearentzat izan zen.

Horren aurretik, ordea, zuzeneko disko bat argitaratu zuten. Garai hartan, aski zabalduta zegoen taldea desagertuko zen zurrumurrua, eta zuzeneko grabazio horrekin mamuak uxatzea lortu zuten. Bergarako (Gipuzkoa) Txibisto aretoan prestatu eta grabatu zuten Zuzenean: 91-1-19(Aketo, 1991). Grabaziorako antolakuntza lanak izugarriak izan ziren, eta, soinuaz gain, irudiak ere hartu zituzten, VHS formatuko bideoan argitaratzeko. Hain zuzen, zuzeneko lan horrekin estreinatu zen Aketo zigilua, taldeak berak beste hainbat lagunekin batera sortutakoa. Diskoetxe finkatu bat utzi eta diskoa bere kasa argitaratzera ausartu zen Hertzainak, Euskal Herrikoan ez ezik kanpoko merkatuan ere sartzeko ilusio handiz. Haatik, Aketoren abenturak ez zuen arrakastarik izan, eta handik bi urtera Aketo desegin eta betiko diskoetxera bueltatu zen.

570

Boskote formatuan, Bingen Mendizabalekin.

Taldea desegiteko erabakia hartua zuten Denboraren orratzak (Oihuka, 1992) grabatu zutenean -izenburua esanguratsua zen-. Lehen aldiz Garik parte hartu zuen hainbat kanturen konposizioan (“Bihurtuko zara, txo”, “Zoratzen ari naizela“…), geroago hartuko zuen bakarkako bidea iragarriz, eta The Clash taldearen “I fought the law” euskarara ekarri zuten.

Euskal merkatuaren txikitasuna eta kanpora ateratzeko zailtasunak aipatu zituen taldeak desegiteko arrazoi gisa. Josu Zabalaren hitzetan, «gurea gora egiterik ez izatera kondenaturik dagoen istorioa da» (1).

Taldeak, agur esateko, kontzertu bira antolatu zuen Euskal Herritik barna, eta azken emanaldiak Iruñean (Anaitasuna kiroldegian), Gasteizen (bi egunez El Elefante Blanco aretoan), Donibane Garazin, Bilbon (Casilla kiroldegian) eta Donostian (Gaska kiroldegian). 1993ko urtarrilaren 24an, Donostiako azken kontzertuan, lagun ugari izan zituzten taula gainean: Ruper Ordorika, Evaristo (La Polla Records), Mahoma (RIP), Tito Aldama, Bixente Martinez (Izukaitz, Oskorri, Hiru Truku), Xabier Amuriza, Jon Sarasua, Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak, txistulariak, dultzaineroak… Festa giroa nagusitu zen taldearen agurreko kontzertu ofizialean. Hilabete batzuk geroago, ordea, urrian, Kubari elkartasuna adierazteko kontzertu bat egiteko elkartu zen Hertzainak laukote moduan. Hori izan zen Gasteizko banda taula gainera igo zen azken aldia, harik eta 2012ko apirilaren 28an Gasteizko Helldorado aretoan berragertu zen arte. Tito Aldama taldekide ohi zendu berriari omenaldia egin zion, bost kantuz osaturiko emanaldi laburrean.
Josu Zabala izan zen Hertzainak-eko burua. Harenak izan ziren taldea sortu zenetik 1990. urtera arteko melodia guztiak. Abestien hitzak, ordea, hainbaten artean sortu ziren: Xabier Montoia, Gerardo Pozo Gene, Curro, Bego, Karra Elejalde, Javi Okendo (Potato taldeko kidea), Josu Landa, Josu Zabala bera… Bitxia bada ere, horietako hainbat gaztelaniaz sortu ziren, eta gero euskarara itzuli zituzten. “Salda badago” kantuaren kasua da, esate baterako; Karra Elejalderen jatorrizko bertsioan, “Hay caldo” izenburua zuen.

Musikan bezala, hitzetan ere garapena gertatu zen urteak pasa ahala. Lehen hiru diskoetako kantuen eduki kritiko, adarjotzaile eta errebeldeek lekua utzi zieten intimismoari eta barne gogoetari, Amets prefabrikatuak-etik aurrera. Hala ere, taldeak beti jakin zuen hitza eta musika uztartzen eta, batez ere, lelo egokiak sortzen eta ereserki bihurtuko ziren esaldiak borobiltzen.

Egun, Hertzainak-eko taldekide ohiek musikan murgilduak jarraitzen dute. Gari bakarkako diskoak kaleratzen ari da, Josu Zabalak Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuak sortu ditu Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariekin, eta Txanpik Doctor Deseo taldean jotzen du. Kike ere aritu zen Doctor Deseon, baina utzi eta gero musika mundutik aparte dabilen bakarra da.

2008ko otsailean hainbat blogarik Hertzainak taldearen No Time For Love abestia erabili zuten Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren ilegalizazioaren kontra protestatzeko. Blogetako mezuetan abestiaren izena eta kantua erreproduzitzen zuen playerra jarri zuten.

Testua: Koldo Otamendi

  • (1) Euskaldunon Egunkaria, 1993ko urtarrilaren 24a
564

564

JOSU ZABALA ETA GARI –HERTZAINAK– KAFE ANTZOKIAN

2019ko Irailak 17, Kafe Antzokian, zuzenean grabatutako diskoa.

Zuzenean 91.01.19

Zuzenean 91.01.19

Txibisto aretoa (Bergara, Gipuzkoa), 1991ko urtarrilaren 18a eta 19a

Atzera

564

JOSU ZABALA ETA GARI –HERTZAINAK– KAFE ANTZOKIAN

2019ko Irailak 17, Kafe Antzokian, zuzenean grabatutako diskoa.

Atzera

Zuzenean 91.01.19

Txibisto aretoa (Bergara, Gipuzkoa), 1991ko urtarrilaren 18a eta 19a

Arraultz bat pinu batean

Gaurko paseoan
arraultz bat pinu batean
txorakeri bat dirudi
bainan guztiz egia da
pinura igo
arraultza begira
sargento baten potroa
okupazio ejerzitoaren
seio ta guzti darama
ta esaten diot nik
nere buruari
parakaidistaren batek galdu du hori
heroia ala eroa, biak segurazki
hainbeste pinudi eta abiotik jaurti.
Jarraitzen dut paseatzen
pinu asko dago bai
bainan zoritxarrez
beste arraultxik ez
pinuz potrotaraino
eta militarrez nola esan ?
Haiek pinuak hona ekarri
ta orain bere arraultz ustelak utzi
obeto genduke artu ta pinukin guztiak
kanpora bialzera hemendik
baina heroi bat izan nahi ba duzu
obe ipurdian tiro bat bota ezazu
au orgasmoa!
Eta beharbada egunen batean
Euskadi izango da libre ta tropikala
militarrik gabe, buruaren jabe edo
zergatik ez buru gabe obe ?
Beltzak eta alferral bihurtuko gara
kooperatibak ere itxi behar eta
leku guztiotik deskomekatuak
libre egiteko edozein pekatuak
euskal txokoetan platerik onena
bermeoko iguana pil pilean
arratsalde osoa siesta batetan
porrusaldak, rona, wisky eta izotza
ta nekazariek landuko dituzte
kokoteroak pinuen ordez
eta arrantzaleek kontrabandora ta piraterira
pasako dira
eta bukatzeko Gernikako arbola
palmera lirain bat bihurtuko da, eh!
Euskaldun guztiok ibiliko gata
ipurdia mugitzen bermudetan
au astakeria.