2019.05.13
Jojo eta Ramuntxo

Jojo eta Ramuntxo

  • 1990 - 2004
  • Folka, Herri kanta

Hamabi urte zituenetik herrietan kantari aritu da Jojo Bordagarai. 1973an, Jojo eta Bernadette taldea osatu zuen arrebarekin, eta Txomin Hegi kantari, idazle eta antzerkilariak laguntzen zien gitarrarekin. Urte batzuk lehenago, Hegik berak eta Peio Serbiellek Urrakoa kantu ikuskizuna landu zuten. Jojok eta Bernadettek Agur diskoa (Elkar) grabatu zuten 1978an, Bordagaraik eta Hegik sortutako kantuekin. Hurrengo urtean taldea desegin egin zen, eta Jojo Garaziko Nekez Ari abesbatzan hasi zen kantari. Ahotsaren trebakuntzak Euskal Kantu Txapelketan parte hartzera eraman zuen, 1987an, eta lehiaketa hartan bertan ezagutu zuen Ramuntxo Carrere.

JOJO_BORDAGARAI

Jojo Bordagarai. (Joanes Etxeberria)

Bikotea beste musikari batzuez inguratu zen taldea osatzeko, eta folk herrikoiaren bidetik ekin zioten (akordeoia, gaita, flauta…). Bordagaraik hartu zuen kantuetako hitzak idazteko ardura, eta doinuak bien artean sortu zituzten. Haize andrea estreinako diskoa (Elkar, 1990) Niko Etxart kantariaren estudioan grabatu zuten, eta Vladimir Cosma errumaniar konpositorearen lan bat moldatu zuten, “Xabinari“. Horren aurretik, Azala taldearen Marigaizto diskoan parte hartu zuen bikoteak.

Bordagarai

Jojo Bordagarai eta bere taldea. (Ander Gillenea)

Geroago beste bi disko etorri ziren: Maitasunez ba ote… (Elkar, 1993) eta Zure kanpoetara (Agorila, 2001). Disko bakoitzean, baina batez ere azken horretan, taldearen soinua osatuz joan zen musikari berrien ekarpenekin: Matthieu Haranboure (baxua; King Mafrundi, Txakun…), Phillipe Ezkurra (akordeoia, bandoneoia; Peio Serbielle, Pier Paul Berzaitz…), Mixel Etxekopar (xirula, ttun-ttuna)…

2004. urtean Ramuntxo Carrerek kantatzeari utzi zion, eta Jojo Bordagaraik Pil Pil taldearekin jarraitu zuen. Alexandre aitak, Bernadette arrebak eta Mixel Thikoipe lehengusuak osatzen dute taldea. Beste egitasmo batean ere aritu da, Triki Trakan. Xabi Pery (Itoiz) musikari eta soinu teknikariaren inguruan sortutakoa da hori.

PIL PIL

Pil Pil taldea: Aletxandre Bordagarai, Jojo Bordagarai, Bernadette Bordagarai eta Mixel Thikoipe.

Haatik, orain bakarkako proiektuan dabil murgilduta. Bahaki… diskoa (Elkar, 2008) da lan horren orain arteko fruitua, Philippe Ezkurraren laguntzaz egindakoa. Jazz musikariz inguratu da Bordagarai, eta Europako ekialdeko musikatik eta kantu tradizionaletik asko duten konposizio garaikideak, emozio askotarikoak eta koloretsuak lantzen dituzte.

Testua: Jon Eskisabel

Azaleiko Maria

Azaleiko Maria maitemindua dago
Bere bihotz garbia Pettani du emango
Bere bihotz garbia bizi osorako.

Pettan Hariñordoki Pekotxeko primuak
Aspaldian badaki Mariaren begiak
Aspaldian badaki zoin diren argiak.

Manez Ithurribordak nahi luzke goxatu
Gauak eta egunak horiekin pasatu
Gauak eta egunak Maria etxen hartu.

Garrüzeko feiretan deklaratüko dela
Gau batez lokartzean azkar pentsu du hala
Gau batez lokartzean berekin duela.

Ai… ai… ai… ai… ai…
Nola den bizia!...
Batzuk aiseria besteek nekezia
Emazte eta gizonen arteko guzia
Maitasunaren joko berezia.

Ene izar lilia aitortu behar dauxut
Xu ba izar lilia ixtant bat beha zaxu
Maite xitut Maria, lotarik mintzo nauxu
Maite xitu Maria, zerbait errakoxu!...

Barka... barka gaixoa ezin hut kontsolatu!...
Manez giza gaizoa ezin hu kontsolatu
Ene amodioa Pettanek bere baitu
Bere amodioa Pettanentzat duk sortu.

Manez dohakabea urrundu zen urrundu
Aldiz gure parea amentseri hurbildu
Pettan eta Maria ber kanberarat bildu.

Ai… ai… ai… ai… ai…