2019.05.13
Jojo eta Ramuntxo

Jojo eta Ramuntxo

  • 1990 - 2004
  • Folka, Herri kanta

Hamabi urte zituenetik herrietan kantari aritu da Jojo Bordagarai. 1973an, Jojo eta Bernadette taldea osatu zuen arrebarekin, eta Txomin Hegi kantari, idazle eta antzerkilariak laguntzen zien gitarrarekin. Urte batzuk lehenago, Hegik berak eta Peio Serbiellek Urrakoa kantu ikuskizuna landu zuten. Jojok eta Bernadettek Agur diskoa (Elkar) grabatu zuten 1978an, Bordagaraik eta Hegik sortutako kantuekin. Hurrengo urtean taldea desegin egin zen, eta Jojo Garaziko Nekez Ari abesbatzan hasi zen kantari. Ahotsaren trebakuntzak Euskal Kantu Txapelketan parte hartzera eraman zuen, 1987an, eta lehiaketa hartan bertan ezagutu zuen Ramuntxo Carrere.

JOJO_BORDAGARAI

Jojo Bordagarai. (Joanes Etxeberria)

Bikotea beste musikari batzuez inguratu zen taldea osatzeko, eta folk herrikoiaren bidetik ekin zioten (akordeoia, gaita, flauta…). Bordagaraik hartu zuen kantuetako hitzak idazteko ardura, eta doinuak bien artean sortu zituzten. Haize andrea estreinako diskoa (Elkar, 1990) Niko Etxart kantariaren estudioan grabatu zuten, eta Vladimir Cosma errumaniar konpositorearen lan bat moldatu zuten, “Xabinari“. Horren aurretik, Azala taldearen Marigaizto diskoan parte hartu zuen bikoteak.

Bordagarai

Jojo Bordagarai eta bere taldea. (Ander Gillenea)

Geroago beste bi disko etorri ziren: Maitasunez ba ote… (Elkar, 1993) eta Zure kanpoetara (Agorila, 2001). Disko bakoitzean, baina batez ere azken horretan, taldearen soinua osatuz joan zen musikari berrien ekarpenekin: Matthieu Haranboure (baxua; King Mafrundi, Txakun…), Phillipe Ezkurra (akordeoia, bandoneoia; Peio Serbielle, Pier Paul Berzaitz…), Mixel Etxekopar (xirula, ttun-ttuna)…

2004. urtean Ramuntxo Carrerek kantatzeari utzi zion, eta Jojo Bordagaraik Pil Pil taldearekin jarraitu zuen. Alexandre aitak, Bernadette arrebak eta Mixel Thikoipe lehengusuak osatzen dute taldea. Beste egitasmo batean ere aritu da, Triki Trakan. Xabi Pery (Itoiz) musikari eta soinu teknikariaren inguruan sortutakoa da hori.

PIL PIL

Pil Pil taldea: Aletxandre Bordagarai, Jojo Bordagarai, Bernadette Bordagarai eta Mixel Thikoipe.

Haatik, orain bakarkako proiektuan dabil murgilduta. Bahaki… diskoa (Elkar, 2008) da lan horren orain arteko fruitua, Philippe Ezkurraren laguntzaz egindakoa. Jazz musikariz inguratu da Bordagarai, eta Europako ekialdeko musikatik eta kantu tradizionaletik asko duten konposizio garaikideak, emozio askotarikoak eta koloretsuak lantzen dituzte.

Testua: Jon Eskisabel

Biziaz egarri

Konpania ona hemen baigira elgarrekin goxuan
Bertsu zonbeit kantatu nahiz aire xahar batian
Eskü batez atxikiz gora edari fina airian
Ilüsione gabeko bizirik ez daiteke ba mündian.

Zonbat aldiz ez da aditzen: "Gizon horrek zergatik
Eremaiten dü bizi güzia edariak hartürik?"
Nehork ez dü pentsatzen ahal zer daukan ez barnetik
Bihotzak ere badü itzala tristezian delarik.

Aita gaixoa nundik heldü zira hola edanik
Ama nigarrez ari baita zü hola ikusirik
Ostalerak bildü dautzü sosak oro moltsatik
Zure lagünek ützi zitute trüfatüz hürrünetik.

Jüjamenduak aisetak dira oraiko egünian
Itzalik gabe ustez baigira mündiaren parian
Hartü beharrez lasto mehea kanpokoa denian
Etxen ikusi nahi gabeko pitraillaren heinian.

Ene semiak ez zitiela ostatietan abüsa
Gizonaren galgarri baita arno gorri filusa
Goizik erretiratü dena maiz izan dük irusa
Egündainotik tiratü diat mandorik gabe karrosa.

Karrosa bati konparatzeko mündüko bizitzia
Zonbeitentzat aisetzia da kargaren tiratzia
Beste batzuentzako aldiz zuin neke pusatzia
Ez jakin nula izanen dügün bürüraino heltzia.