2019.05.13
Jojo eta Ramuntxo

Jojo eta Ramuntxo

  • 1990 - 2004
  • Folka, Herri kanta

Hamabi urte zituenetik herrietan kantari aritu da Jojo Bordagarai. 1973an, Jojo eta Bernadette taldea osatu zuen arrebarekin, eta Txomin Hegi kantari, idazle eta antzerkilariak laguntzen zien gitarrarekin. Urte batzuk lehenago, Hegik berak eta Peio Serbiellek Urrakoa kantu ikuskizuna landu zuten. Jojok eta Bernadettek Agur diskoa (Elkar) grabatu zuten 1978an, Bordagaraik eta Hegik sortutako kantuekin. Hurrengo urtean taldea desegin egin zen, eta Jojo Garaziko Nekez Ari abesbatzan hasi zen kantari. Ahotsaren trebakuntzak Euskal Kantu Txapelketan parte hartzera eraman zuen, 1987an, eta lehiaketa hartan bertan ezagutu zuen Ramuntxo Carrere.

JOJO_BORDAGARAI

Jojo Bordagarai. (Joanes Etxeberria)

Bikotea beste musikari batzuez inguratu zen taldea osatzeko, eta folk herrikoiaren bidetik ekin zioten (akordeoia, gaita, flauta…). Bordagaraik hartu zuen kantuetako hitzak idazteko ardura, eta doinuak bien artean sortu zituzten. Haize andrea estreinako diskoa (Elkar, 1990) Niko Etxart kantariaren estudioan grabatu zuten, eta Vladimir Cosma errumaniar konpositorearen lan bat moldatu zuten, “Xabinari“. Horren aurretik, Azala taldearen Marigaizto diskoan parte hartu zuen bikoteak.

Bordagarai

Jojo Bordagarai eta bere taldea. (Ander Gillenea)

Geroago beste bi disko etorri ziren: Maitasunez ba ote… (Elkar, 1993) eta Zure kanpoetara (Agorila, 2001). Disko bakoitzean, baina batez ere azken horretan, taldearen soinua osatuz joan zen musikari berrien ekarpenekin: Matthieu Haranboure (baxua; King Mafrundi, Txakun…), Phillipe Ezkurra (akordeoia, bandoneoia; Peio Serbielle, Pier Paul Berzaitz…), Mixel Etxekopar (xirula, ttun-ttuna)…

2004. urtean Ramuntxo Carrerek kantatzeari utzi zion, eta Jojo Bordagaraik Pil Pil taldearekin jarraitu zuen. Alexandre aitak, Bernadette arrebak eta Mixel Thikoipe lehengusuak osatzen dute taldea. Beste egitasmo batean ere aritu da, Triki Trakan. Xabi Pery (Itoiz) musikari eta soinu teknikariaren inguruan sortutakoa da hori.

PIL PIL

Pil Pil taldea: Aletxandre Bordagarai, Jojo Bordagarai, Bernadette Bordagarai eta Mixel Thikoipe.

Haatik, orain bakarkako proiektuan dabil murgilduta. Bahaki… diskoa (Elkar, 2008) da lan horren orain arteko fruitua, Philippe Ezkurraren laguntzaz egindakoa. Jazz musikariz inguratu da Bordagarai, eta Europako ekialdeko musikatik eta kantu tradizionaletik asko duten konposizio garaikideak, emozio askotarikoak eta koloretsuak lantzen dituzte.

Testua: Jon Eskisabel

Eskuaraz kanta eta mintza

Eskuaraz kanta eta mintza
Atxik dezagun hitza
Gure herriak aurki beza
Iraupenaren giltza
Eskuaraz kanta eta mintza
Atxik dezagun hitza
Bizirik duguno hizkuntza
Bizirik baikabiltza

Hego-haizearekin
Sumatu nuen behin
Mezuño bat, mezuño bat... Eskuaraz...
Itzul hadi herrirat
Ene besarkatzerat
Amodioz, amodioz... Eskuaraz...

Zure soaren bila
Egunero nabila
Etengabe, etengabe... Eskuaraz...
Zutan sua pizteko
Mugak ditut hautsiko
Zuri buruz, zuri buruz... Eskuaraz...

Urrun nintzen, hor nago
Zutarik hurbilago
Ene maite, ene maite... Eskuaraz...
Ezpainetan ikara
Xukatzen dut nigarra
Irrifarrez, irrifarrez... Eskuaraz...