2015.06.05
Juan Carlos Perez

Juan Carlos Perez

  • 1958
  • Mutriku (Gipuzkoa)
  • Popa

Juan Carlos Perez (Mutriku, Gipuzkoa, 1958) oso gazterik murgildu zen musikaren sorkuntzan. Solfeo, gitarra eta klarineteko oinarrizko ikasketak egin zituen Mutrikuko Udal Musika Eskolan, eta, hamasei urte zituela, Indar Trabes plaza taldea sortu zuen, Mutriku eta Ondarroako beste lau lagunekin. Indar Trabes Itoiz bilakatu zen 1978an, eta zazpi disko kaleratu zituen hurrengo hamarkadan; euskal musikaren erreferentziazko talde bihurtu zuten disko horiek.

388

‘Atlantic River’ (1994) diskoa izan zen Itoizen ondoren argitaratu zuen lehenengoa.

Itoizen garaian, 1984an, hasi zen Juan Carlos Perez bestelako sorkuntza lanak egiten, pianoa ikastearekin batera. Telebistarako (TVE eta ETB) sintoniak sortzen hasi zen, La aventura humana, Los tres anillos, La puerta abierta, Dr. Livingstonesupongo eta beste zenbait saiotarako, hain zuzen ere. Lan hori Bitacora cahiera (Esan Ozenki, 2002) diskoan bildu zuen. Halaber, Bernardo Atxaga idazleak asmatutako istorio baten gainean ETBk ekoitzitako Flannery etabere astokiloak (1986) marrazki bizidunetako sailari musika jarri zion.

Itoizen desagerpenak, 1988an, diskoak eta kontzertuak egiteko zurrunbilotik askatu zuen Perez, eta Bilboko Kontserbatorioan solfeo, piano eta estetika ikasketak egiteko baliatu zuen aukera. Adierazpide berriak ikertzeari ekin zion, gaur egungo musikako sorkuntzari lotutakoak batez ere. Arkatza eta borragoma hartu, eta musika idazten hasi zen. Bakarkako lanera lotu zen. Hala ere, ez du pop musika erabat baztertu, baizik eta sorkuntzaren beste alderdi horrekin tartekatu du azken hogei urteetan. Hala, JC Perez izenarekin hiru disko plazaratu ditu: Atlantic River (Elkar, 1994) -Itoiz desegin eta gero gitarraren ordez pianoarekin eta partitura baten gainean konposatzeak bere kantugintzara ekarritako aldaketen lekuko garden eta ederra-, Hau berua (Elkar, 1996) -Van Morrisonen eta orkestra latindarren soul eta jazz eraginak azaldu zituen lan horretan, eta berau aurkezteko agertokietara itzuli zen talde handi batekin- eta Hiriko istorioak (Elkar, 2006), Itoizen diskoetatik eta bakarka grabatutakoetatik aukeratutako hainbat kantu eta berri batzuk jazz moldean emanak jasotzen dituen obra. Tartean, Maskarada antzerki taldearen Ikaro dantza ikuskizunerako musika sortu zuen, «rock psikodelikoa», Ikaro (Elkar, 2000) diskoan argitaratutakoa.

389

“Hau berua” diskoa aurkezteko emanaldietako batean, Mikel Irazoki (baxua) eta Fran Iturbe (gitarra) musikariekin, besteak beste.

Dena den, gaur egungo musikaren esparruak bereganatu dio arreta nagusia azken hamarkadan. «Sonoritate berrien bila nabil beti, eta musika garaikideak lehen rockak ematen zidana ematen dit: mundu zabal bat lan egiteko (…) Beti interesatu izan zait bide hau, eta esango nuke nire lanaren oinarrian beti egon dela konposiziorako lotura bat. Beharbada jende askok euskal kantari gisa ikusten nau, baina ni ez naiz sekula rock edo folk singer sentitu» (1). Hari laukoterako obra bat, Blues for string quartet, idatzi zuen 1997an, eta Musika Berrien Donostiako VIII. Jaialdian estreinatu zuen Arkadius hari laukoteak, hari instrumentuetarako beste hiru obrarekin batera. Lau konposizioak Quatuor diskoan (No-CD Rekords, 1997) grabatu zituen Arkadius String Quartetek. Hari laukoterako obra hori Estatu Batuetako Louisville hiriko Unibertsitatearen Grawemeyer Music Collection bilduman dago.

Esparru berean Juan Carlos Perezek sortu dituen beste obra batzuk dira Zazpi dantza haize boskoterako konposizioa, Gintonic 8:40 in the blue night flauta eta pianorako sonata, Foxtrot eta Zortziko saxofoi eta perkusiorako lanak… Bizkaiko Diputazioaren enkarguz, Bizkaieraz sortu zuen, orkestra sinfonikorako lana, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak 2007an estreinatu zuen, Bilkoko Euskalduna jauregian. Albokaren soinuan inspiratuta dago Bizkaieraz, tresna horrek definitzen baitu herrialdearen soinua, Perezen iritziz.

Lan haren haritik sortu zen Itoizen kantuak arlo sinfonikora eramateko proiektua. Perez bera arduratu zen taldearen abesti esanguratsuenetako batzuen zatiekin osaturiko konposizioa sortzeaz, Itoiz Suite. 2009ko Bilboko Aste Nagusian estreinatu zuen Bilbao Orkestra Sinfonikoak, eta geroago CD eta DVDan argitaratu zen.

713

“Bizkaieraz” obraren aurkezpenean, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren egoitzan (Jon Hernaez / Argazki Press)

Perezen obrak Donostiako Musika Hamabostaldian, Zumaiako Hamabostaldian, Bilbao Orkrestra Sinfonikoaren Ganbera Musikako Zikloan eta Leioako Gaur Egungo Musikaren Astean estreinatu dira, besteak beste. Bestalde, 2010. urtean Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko zuzendari akademiko izendatu zuten. Bere izendapenak zalaparta handia sortu zuen, eta urtebeteko kontratua bete ondoren kargua utzi zuen Perezek.

Azken urteetan eszenatokietatik urrun ibili da Perez. Azkenengoz, Hiriko istorioak aurkezteko igo zen Perez taula gainera, Fernan Irazoki (bateria), Gonzalo Tejada (kontrabaxua), Andrzej Olejniczak (saxofoia), Ruben Salvador (tronpeta) eta Alberto Urretxok (tronboia) osatutako taldearekin.

Beste taldeentzako ekoizpen lanak ere egin ditu Juan Carlos Perezek urte hauetan guztietan: Jotakie, Tahures Zurdos, Laja trikitilaria, Maixa ta Ixiar, Sugan…

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Berria, 2005eko urtarrilaren 21a

Atzera

Kantu eroa (Kafe Antzokian, 2000-06-01)

Iluntzear dihoanean

Iluntzear Dihoanean
Kabo Matxitxakok, iluntzear dihoanean
keinuak egiten dizkio Mendebalde gorriari...
Mendebalde gorriari...

Ekialdeko horitasunaz ohartzeke bere kaosaz
Bere hiri eta zelaietako iluntzeaz
Bere liburu Saintuetan idatzitako bakeaz
...ohartu egin gabe ere...
...ohartu egin gabe ere...
...eguzkiak, egunero, izpi batzuk gorde
izpi batzuk gordetzen bait ditu
Bir Bou Rebka estazioko adreilu zurietan
Adreilu zurietan.

Aizak! ...esaidak munduarekiko
nere istorio hau, atsegina al dukan...

"ez zik esan polita ez dela" azpi kantatzen
Sakabiren 'Larriñaga-Guerrini'arekin
eta gero atseden bat hartzen duenean."