2016.10.28
Labrit

Labrit

  • 1978
  • Usurbil (Gipuzkoa)
  • Popa

Musika eta, oro har, arte zaletasuna txikitatik jaso zuen etxean Labrit Zabalak (Usurbil, 1978ko martxoak 22), ama kantaria baitu, eta aita, Carlos Zabala Arrastalu, margolaria. Hamalau urterekin ondu zuen lehen kantua, pianoarekin; lau urte geroago eman zuen lehen kontzertua, eta beste horrenbeste urte pasa ziren bakarkako lehen diskoa kaleratu arte. Horren aurretik Bide Ertzean taldean aritu zen kantari, eta haren lehen bi diskoetan parte hartu zuen, Bide ertzean eta Zure minari.

Paradisua (Elkar, 2000) grabatu aurretik, hiru urte eman zituen Labritek kantuak diskora eramateko zenbait musikarirekin lanean, baina Pascal Gaigne aurkitu arte ez zen lasai gelditu. Gaigne arduratu zen Labriten kantuak apaintzeaz eta ekoizpen gardena emateaz. Esperientzia handiko musikariek lagundu zioten grabazioan: Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi), Ritxi Salaberria (Sorotan Bele, Zaldibobo…). Labriten estiloaren zutabeak finkatu zituen disko hark: pop kantu gardenak, melodia goxoak, maitasun eta naturari buruzko hitzak, eta Labriten ahots eder eta moldakorra. Amak hasitako bideari jarraitzeko eta 50-60 urterekin gustura sentitzeko moduko obra uzteko desioa agertu zuen kantari gazteak orduan.

648

Labrit.

Urte eta erdi geroago, Nori egin so! (Oihuka, 2001) kaleratu zuen. Pascal Gaigneren ordez, Baldin Bada taldeko Kandi Fernandez teklatu jotzaileak hartu zuen ekoizpenaren ardura, eta musikari taldea ere aldatu zen. Halaber, zenbait kantu Dani Riaño Baldin Badako baxu jotzailearekin sortu zituen Labritek. Hortaz, aurreko diskoarekiko soinua gogortu eta, pop-rock doinuez gain, funk, reggae eta erritmo latinoak ere bildu zituen bigarren lan horrek.

2002. urtean Batasuna alderdia legez kanporatzearen aurka abian jarritako Demokrazia Euskal Herriarentzat kanpainarako egindako “Koloretan” kantua izan da Labritek grabatu duen azkena. Kontzertuak emateari utzi dio azken urteetan, eta oraingoz betetzeke dauka lehen diskoa atera zuenean agertu zuen desioa: egunen batean bere amaren kantu baten moldaketa grabatzea.

Testua: Jon Eskisabel

Atzera

Horrela bai

Atzera

Amaren musua

Maitasunaren paradisuan murgilduta

Nire bizitzan sartu zinen

Tximista bezain azkar

Ez zenidan denbora eman

Ez bainuen behar.

 

Zurea zuretzat

Bainaiz

Ilargia da gure

Babesa

Eguzkia guretzat

Indarra

Betirako.

 

Elkar hegan (egin)go dugu

Argiz beteriko bizitzara

Elkar hegan (egin)go dugu

Maitasunak esanahia

Duen paradisura.

 

Zurea zuretzat

Bainaiz

Ilargia da gure

Babesa

Eguzkia guretzat

Indarra

Betirako.

 

Gogoratu izango dugu

Momentu hura

Non beti amestu

Izan dugun

Maitasuna bilatu

Genuen.

 

Zurea zuretzat

Bainaiz

Ilargia da gure

Babesa

Eguzkia guretzat

Indarra

Betirako.