2020.02.25
Mikel Laboa

Mikel Laboa

  • 1934 - 2008
  • Donostia
  • Herri kanta
  • Webgunea

Mikel Laboa musika maite zuen familia batean jaio zen. Feliciano Laboa zuen aita, sortzez Pasai Donibanekoa eta EAJko zinegotzia izana Donostiako Udalean. Gainera, fiskornioa jotzen zuen Donibaneko La Constancia bandan. Amak, berriz, Donibaneko abesbatzan kantatzen zuen. Ohikoa zen Mikel gaztearen etxean kantuz ibiltzea; euskal kanta zahar asko ikasi zituen etxe giroan. Baina 36ko gerrak aldaketa handiak ekarri zizkien laboatarrei. Aitak Bordelera egin zuen ihes, eta amak Lekeitioko baserri batera joan behar izan zuen, zazpi seme-alabekin. Bertan bizi izan zuten Gernikako bonbardaketa, Laboak 3 urte zituenean.

Gerra amaitu zenean, Donostiara itzuli zen familia; handik urte gutxitara aita ere bueltatuko zen. Gaztetan harmonikarekin saiatu zen Laboa, baina 16 urte zituenean gitarrarekin hasi zen. Marianistetan ikasten zuen, eta han Jangoluke izeneko hirukotea osatu zuen. Urte haietan neska gazte bat ezagutu zuen Donostian; Marisol Bastida zen inpresio handia utzi zion gazte hura. 1964. urtean ezkondu ziren.

683

60ko hamarkadako emanaldi batean.

Laboak medikuntza ikastea erabaki zuen, eta horrek Donostiatik kanpo joatera behartu zuen. 1953-54ko ikasturtean Madrilen egon zen. Handik Iruñera egin zuen, eta bertan berreskuratu zuen euskara. Iruñean egin zuen bere lehen kontzertua ere: Gaiarre antzokian izan zen, elbarrituen aldeko jaialdi batean. Laboak miresten zituen musikarien kantuak jo zituen: George Brassens, Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra, The Beatles…

Gaixotasun larria izan ostean, Zaragozara (Espainia) joan zen ikasketekin segitzera. Han izan zuen Ipar Euskal Herriko kantagintzaren berri; handik aurrera, herri kantagintza ezinbesteko bihurtuko zen musikari gaztearen errepertorioan.

Zaragozatik Bartzelonara, neuropsikiatria espezialitatea egitera. Katalunian Nova Cançó eta Els Setze Jutges mugimenduekin egin zuen topo. Horietako askorekin harremana egin zuen musikarekiko gero eta joera handia zuen ikasleak. Bartzelonan sortu zuen lehen kanta, Gabriel Arestiren “Apur dezagun katea” poema musikatuz. 1963an amaitu zituen medikuntza ikasketak; hurrengo urteak Donostia eta Bartzelona artean eman zituen. Euskal Herriko egonaldietan, Katalunian ezagututako mugimenduen antzeko zerbait sortzeko ideia zerabilen. Ordurako kantuan hasiak ziren Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondo, eta haiekin harremanetan jarri zen. Horiez gain, JosAnton Artze, Jose Angel Irigarai, Julen Lekuona, Xabier Lete, Jose Antonio Villar eta beste artista batzuekin hasi zen elkartzen Kursaaleko behean. Ez Dok Amairu izango zena mamitzen hasi ziren.

259

Benito Lertxundi eta Maite Idirinekin.

Baina talde lanaz aparte, bakarkako ibilbideari ekin zion Mikel Laboak. Baionan grabaturiko bere lehen disko txikia eman zuen argitara: Azken (Goiztiri, 1964). Lau kantu zeuden lan horretan: “Amonatxo“, “Bereterretxen kanthoria“, “O Pello Pello” eta “Aurtxo txikia“. Bi urte geroago, bigarren diskoa argitaratu zuen -ordurako Ez Dok Amairu martxan zegoen-, hura ere Baionan grabatua eta izenbururik gabekoa. Horretan ere lau kantu zeuden, horietatik bi tradizionalak: “Urtsuako kanta” eta “Goizuetan”. Beste biak Gabriel Arestiren poema musikatuak ziren: “Apur dezagun katea” eta “Egun da Santimamiña”. 1969an beste bi disko txiki ailegatuko ziren, Urnietan Herri Gogoa diskoetxeak apailaturiko estudioan grabaturikoak. Batean, bi herri kanta (“Haika mutil” eta “Iturengo arotza”) eta bi olerki musikatuak zeuden, Daniel Landarten“Zure begiek” eta JosAnton Artzeren “Zilbor hesteak“. Bigarrenarekin (Goiztiri, 1969)—, arazo handiak izan zituen, Irigaraik euskaratutako Bertolt Brechten lau olerkiz osatuta baitzegoen diskoa. Zentsurak ez zuen onartu, eta Ipar Euskal Herrian argitaratu behar izan zuen.

Urte hartan bertan, Baga-biga-higa kantua sortu zuen, geroago Ez Dok Amairu taldearen sentikariari izena eman ziona. Manuel Lekuonak Literatura oral vasca liburuan jasotako bi poema onomatopeiko oinarri hartuta, kantu esperimentala sortu zuen musikari donostiarrak. Lekeitio sailaren bigarren alea izan zen, horren aurretik sekula grabatu gabeko beste lekeitio bat izan zelako. Baga-biga-higa abestia Avilan (Espainia) estreinatu zuen Laboak, euskal ikasleek antolaturiko kontzertu batean. Modu horretan, 1969 urrun horretan, finkatuta gelditu ziren Mikel Laboaren musikaren hiru zutabe nagusiak. Lehena, herri kantuena da; handik eta hemendik bildutako kantu tradizionalak moldatu izan ditu Laboak. Bigarrenik, poeta garaikideen olerkien musikatzea: hainbat euskal poetaren testuak erabili izan ditu, baina bereziki Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Xabier Lete eta JosAnton Artzerenak. Eta, azkenik, kantu esperimentalen bidea: lekeitioek osatzen duten bide propio eta imitaezina. Onomatopeiak, errepikapenak eta soinu sailkaezinak erabiliz, estilo berezia lortu du, abangoardia guztien aurretik, moda guztien gainetik. “Lekeitiok gerra garaian ezagutu nuen Lekeitioko baserri batekin zerikusi handia du, hortik dator, hain zuzen ere, tituloa. Bertako berbaren musikalitatea inpakto handikoa izan zen neretzat. Geroztik maiz joan izan naiz baserri hartara. Fonema eta espresibitate diferenteak ikusirik, ohartu nintzen komunikatzeko bide desberdinak daudela konbentzionaletik aparte, irrintziak… gorputzarekin ere komunikatzeko biderik badugu. Neri ahotsa bidezko komunikazioa ateratzen zait gehienetan” (1). 1971n Dialektikaren laudorioa (Lekeitio 3) abestu zuen Parisen, Brechten poema bat errezitatuz hasten den obra esperimentala, eta 1972an Gernika (Lekeitio 4) estreinatu zuen Gernikan bertan.

18

Mikel Laboa. (1999)

Ez Dok Amairu 1972an desegin zen. Orduan Laboak eta Artze anaiek Ikimilikiliklik ikuskaria prestatu zuten, non poemak, kantuak, diapositibak eta marrazkiak tartekatzen ziren. Marrazkiak Jose Luis Zumetarenak ziren; Laboarekin harreman estua izan du margolari gipuzkoarrak: harenak dira musikariaren diskoetako azalak, baita afixa asko ere. 1974an disko txikietan emandako kantuak bildu nahi izan zituen Laboak; emaitza Bat-Hiru disko bikoitza (Herri Gogoa, 1974) izan zen. Lan horretatik kanpo gelditu ziren Brechten poema euskaratuak, zentsuratuta segitzen baitzuten. Diskoan Laboaren hiru zutabe nagusiak agertzen ziren: herri kantuak —zortzi—, olerkietan oinarritutako abestiak —Artze eta Leterenak— eta lekeitioak. Azken horietan, sinbolismo handiko doinua zegoen diskoan, “Gernika (Lekeitio 4)”, bonbardaketaren musikatze hunkigarria. Horrez gain, “Txoriak txori” bere abestirik ezagunenetakoa grabatu zuen, JosAnton Artzeren poema baten gainean.

1975ean hiru abesti sortu eta estreinatu zituen Laboak: “Nahiz eta heriotza“, “Besterik…” eta “Izarren hautsa“. Hiru kantu horiek eta Bat-Hiru diskoan grabatuak zeuden beste batzuek osatu zuten Ikimilikiliklik, Laboak eta Artze anaiek ondutako ikuskaria. JosAnton Artzeren gidoia zuen ikuskariak, eta Laboaren abestiek bat egiten zuten txalapartaren soinuarekin eta Zumetaren irudien proiekzioarekin. Donostiako Trinitate plazan, Madrilen, Parisen, Veneziako Biurtekoan… taularatu zuten ikuskizuna. 70eko hamarkadan kantaldien loraldia gertatu zen, eta kontzertu asko eman zituen Laboak 1978. urtera arte, Ikimilikiliklik ikuskariarekin tartekatuta. 1976an 24 ordu euskaraz jaialdian parte hartu zuen Donostiako Belodromoan, baita Madrilgo Herri Iberiarren Jaialdian ere, Galizian, Mallorcan —Pi de la Serrarekin—, Donibane Lohizunen —Raimonekin—, Beasainen —lehen Kilometroak jaian—… abestu zuen. Halaber, 1977an Lluis Llachekin Bilboko Casillan emandako kontzertu batean, “Komunikazio-inkomunikazioa” lekeitioa estreinatu zuen taula gainean, 25 minutuko antzezpen guztiz apurtzailea.

27

Lluis Llach abeslari katalanarekin, Donostian, 1999. urtean.

Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere egin zituen emanaldiak Laboak: Madril, Londres, Bartzelona, Paris… 70eko hamarkadaren amaieran, Espainiako Ariola diskoetxeak kontratua eskaini zion. Baina 1978. urterako Laboa nekatuta sentitu zen, eta, garai hartako beste abeslari askoren moduan, etenaldia egitea erabaki zuen. 1984. urte arte iraun zuen atsedenaldiak, eta tarte horretan Lau-Bost disko bikoitza (Xoxoa, 1980) argitaratu zuen. Ohi zuenez, herri kantak daude (“Xoxo beltza“, “Kantuz“), poeta garaikideen hitzak (Leteren “Izarren hautsa” ezaguna edo zentsura atzean utzitako Bertolt Brechten “Liluraren kontra“) eta, jakina, lekeitioak (“Komunikazio-inkomunikazioa“, “Dialektikaren laudorioa“, “Orreaga”).

1984an itzuli zen agertokietara, Donibane Garazin eman zuen kontzertu batean. Dena den, osasun arazoak zituen berriro, eta medikuek atseden hartzeko gomendatu izan diote behin eta berriz. Handik aurrera, bakanagoak izango dira haren emanaldiak. Urte hartan bertan, beraren ibilbidean garrantzi handia izan duen musikari batekin elkarlan emankorra hasi zuen: Iñaki Salvador. Jazz munduan trebatuta zegoen Salvador, eta aurrerantzean estilo horretara hurbilduko zen Laboaren musika, kantuak piano eta bestelako musika tresnekin jantziz.

Horren lekuko da hurrengo diskoa, 6 (Elkar, 1985). Estilo irekiera nabarmena (Lizardi) eta instrumentazio aberatsagoa dago diskoan (Negu hurbilak). Sorterriko koblak kantuarekin JosebaSarrionandiarekin harreman berezia hasiko zuen. Horrez gain, zazpigarren lekeitioa grabatu zuen, Itsasoa eta lehorra. Haiz zuzen ere, hurrengo diskoa lekeitioen bilduma izan zen, Lekeitioak (Elkar, 1988). Baga Biga Higa eta Itsasoa eta lehorra izan ezik, berriro grabatu zituen ordu arteko lekeitio guztiak. Halaber, bi kantu berri zeuden: Iñaki Salvadorrekpianoan moldatutako “Haika mutil” eta Joseba Tapiaren”Trikitixa“. Hurrengo bi diskoetan —12 (Elkar, 1989) eta 14 (Elkar, 1994)—, 6 lanean irekitako ildotik segituko zuen. Testuetan Sarrionandia (“Hegazti errariak“, “Oroitzen zaitudanean, ama“, “Gure oroitzapenak“…) eta Atxaga (“Antzinako bihotz“…) ziren nagusi. Eta lekeitioen sorkuntzak ez zuen etenik: “Cherokee” eta Camaron eta John Cageren omenezko “Mugak“.

Osasun arazoen ondorioz, hurrengo diskoaren grabazioa eta argitalpena asko atzeratu zen. Xoriek 17 (Elkar, 2005) Laboaren estudioko azken diskoa izan zen. Bertan, James Joyce, Billie Holiday, Jacques Brel, Atahualpa Yupanqui eta Jesus Artzeomendu zituen abesti banarekin, herri kantu batzuk berriro grabatu zituen (“Xoxo beltza“) eta Lisabö rock taldearekin “Orduan” kantu apurtzailea egin zuen. Horrez gain, Ruper Ordorika eta Xabier Montoia izan zituen ahotsetan laguntzaile “Langile baten galderak liburu baten aurrean” kantuan, bestehainbat kolaboratzaileren artean.

260

Jose Luis Zumeta margolariaren estudioan.

Disko horiez aparte, Laboaren ibilbidea laburbiltzen duten hainbat bilduma karrikaratu dituzte: 60ak + 2 (Elkar, 2003) eta Lekeitioak (Elkar, 2007). Bi zuzeneko ere argitaratu ditu: Zuzenean (Elkar, 1997) eta Gernika-Zuzenean 2(Elkar, 1999). Azken lan horrek musikariak 1999ko abuztuan Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan egin zuen kontzertu errepikaezina jasotzen du.

Halaber, Laboa 60ko hamarkadan sortu zen kantagintza berriaren eta pop-rocketik edan duen belaunaldiaren arteko zubia izan da. Talde gazte askok miretsi egin dute Laboaren musika, eta erreferente handia da belaunaldi berrientzat. Horren lekuko da rock taldeekin izan duen harreman berezia. Kortatu taldearen Kolpez kolpe diskoan “Ehun ginen” abestian kantatu zuen 1988an, eta 1990. urtean, berriz, hainbat rock taldek Txerokee (IZ-Seaska-Elkar, 1990) diskoa grabatu zuten, Laboaren kantuen bertsioez osaturik: Su ta Gar, Negu Gorriak, Delirium Tremens, M-ak, Bap!!…

Omenaldi kutsuko beste lan batzuk ere izan dira. Iñaki Salvadorrek Zilbor hestea disko instrumentala (Elkar, 1992) osatu zuen Laboaren kantuekin, eta Tanttaka antzerki taldeak izen bereko antzezlana osatu zuen dantza eta musika uztartuz. Beste maila batean, 1995. urtean Euskal Herri osoa zeharkatu zuen bederatzigarren  Korrikak Laboa omendu zuen, eta horren harira Mikel Laboa liburua argitaratu zuen AEK-k. Bestetik, Julio Medem zinemagileak Laboaren doinuak baliatu zituen La pelota vasca. La piel contra la piedra filmerako.

Mikel Laboak eman zuen azken kontzertua 2006ko uztailaren 11n izan zen, Donostiako Zurriola hondartzan. Donostiako Udalak “bakearen alde” antolatutako kontzertu hartan Bob Dylanek ere parte hartu zuen.

CONCIERTO POR LA PAZ-MIKEL LABOA

Azken kontzertuan, Donostian, 2007ko uztailaren 11n. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

2008ko abenduaren 1ean hil zen, Donostiako Poliklinikan, 74 urte zituela. Haren errautsak Agiñako gainean (Lesaka) haizatu zituzten abenduaren 7an, Jorge Oteizak Aita Donostiaren omenez egindako oroitarriaren ondoan, eta abenduaren 23an Gipuzkoako Diputazioak Urrezko Domina eman zion. Hari emateko erabakia ordea, Laboa zendu aurretik hartu zuen Diputazioak.

2009ko ekainean Laboaren ibilbide osoa jasotzen duen DVDa kaleratu zuen Elkar diskoetxeak: Mikel Laboa (1934-2008). Laboaren emazte Mari Sol Bastidak zuzendutako lanak kantariaren bizitzaren errepasoa egiten du, Laboaren beraren ahotsaren bidez zein haren gertukoenei egindako elkarrizketen bidez.

Horrez gain, Bidehuts kolektiboak Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak argitaratu zuen 2010eko abenduan, kantariaren heriotzaren bigarren urteurrenarekin bat eginez. Hemeretzi talde eta abeslarik Laboaren kantu bana moldatu zuten bilduma horretarako, hogei urte lehenago Txerokee diskoan egin bezala.

EHUk eta Gipuzkoako Diputazioak Mikel Laboa Katedra sortu zuten 2013an, kantaria arte berritzaile gisa ikertzeko eta ezagutarazteko eta, oro har, arteen arloko ikerlanak bultzatzeko.

Testua: Gontzal Agote

  • (1) Argia, 1.306. zenbakia, 1990eko irailaren 23a

Atzera

Gernika Lekeitio 4

Atzera

Gure bazterrak (Kafe Antzokia, 1997-10-31)

Gaztetasuna eta zahartasuna

Ene izpirituan bazen zenbait pertsu

Oraino den guzia etzerait hustu.
Zertaz dutan solasa emazue kasu
Esplikatuko baitut ahal bezain justu.

Zahar bezain prestu
Odola zaut hoztu
Bihotza ere laztu,
Gorputza beraztu.
Oraino gazte banintz banuke gostu!

Zahar gazten arteko hau da parabola:
Zuzen esplikatzia hein bat gogor da,
Gaztea ez daiteke adin batez molda,
Gorputza sendo eta azkar du odola.

Zahar’ez da hola;
Iragan denbora
Etortzen gogora,
Et’ ezin kontsola...
Nekez bihurtzen baita zahar arbola!

Egunak badoazi egunen ondotik
Ez dir’elgar iduri joaiten hargatik:
Atzo iguzkiaren distira zerutik,
Egun hobela jalgi itsaso aldetik.

Euria ondotik
Hasi da gogotik
Hedoien barnetik
Hortakotz badakit.
Erituko naizela bustiz geroztik!