2014.05.26
Miren Aranburu

Miren Aranburu

  • Lazkao (Gipuzkoa)
  • Herri kanta, Jazza

Miren Aranburu (Lazkao, Gipuzkoa) 70eko hamarkadan hasi zen kantuan. Euskal kantagintza berriaren garaiak ziren, kantua eta politika eskutik helduta zihoazen garaiak: “Zer edo zer esan beharra zegoen, errealitatearen berri eman” (1). Natxo de Feliperekin (Oskorri) ikasi zuen Bilbon gitarra jotzen, eta “Ni naiz Lazkaoko herrian jaioa, praile kale inguruan…” kantatzen hasi zen, hark berak idatzitako letra eta sortutako musikarekin. 1977an LP bat grabatzeko aukera izan zuen Madrilen, Movieplay diskoetxearen Kardantxa zigiluaren laguntzarekin. Lehertu da izan zen Miren Aranburuk argitaratu zuen lehen lana.

80ko hamarkadaren hasieran alde batera utzi zuen musika. “Nik beste bideak jorratu nahi nituen, olerkiak kantatu… baina sentitzen nuen ezin zela” (1). Aktore eta bikoizketa lanetan murgildu zen orduan, eta Irusoin enpresako bikoizleen zuzendaria izan zen. Musikan kolaborazio bakan batzuk besterik ez zituen egin urte horietan, Imanol Lartzabalekin eta Les Mecaniciens taldearekin.

1313

Miren Aranburu. (DV)

Musikarekiko ilusioa Jean Louis Hargous musikaria bere bidean gurutzatu zenean berreskuratu zuen Aranburuk. “Ez nuen batere gogorik, eta Jean Louisek kantatuak izan zitezkeen erritmo ezberdinetako doinuak nire esku jarri arte ez nion ekin kantatzeari; berak lortu zuen doinu hauen bidez nik kantatzeko gogoa izatea” (1). Garairako berritzaileak ziren lanetan kolaboratu zuen Aranburuk Hargousekin, Diztira eta Jarioak sorkuntza poetiko literarioetan esate baterako, eta poesia, abestia, dantza eta pintura nahasten zituen Hosto gorri, hosto berde (Feuille rouge, feuille verte) ikuskizunean ere kolaboratu zuen.

Miren Aranburu Quintet sortu zuten. Hargous musika elektroakustikotik zetorren. Euskal Herrian egiten zen musika, melodia aldetik, oso sinplea iruditzen zitzaion Hargousi, lehen diskoaren karietara adierazi zuenez: «Melodiak ohiz lantzen direna baino gehixeago lantzen saiatu naiz; herri honetan lantzen diren melodiek maiz ez dute helburu berezirik izaten, oso sinpleak dira; nik jazz harmonia eta erritmoa izateko landu ditut; `jazzy’ da, ez jazz garbia” (1).

Bilatzen zuten estiloa aurkitu zutenean Etorkizunaren memoria (IZ, 1996) izeneko lehen disko hori grabatu zuten. Jazza, baltsa, bossanova, rap bat eta baladak zekartzan lehen disko hark. Aranbururen diskoetan ohi bezala, hitz denak hark sortuak ziren.

Jazza euskaraz kantatzen aitzindari egin zen horrela. Ondorioz, Euskal Herriko jazzaz hitz egiteko garaian, ezinbestekoa da Aranburu aipatzea beste hauekin batean: Pirineos Jazz Orchestra, Gorka Benitez, Victor de Diego, Mikel Andueza, Josetxo Goia-Aribe, Iñaki Askunze eta Josetxo Silguero.

Baina Etorkizunaren memoria hark oso zabalpen urria izan zuen Euskal Herrian, eta, ondorioz, bigarren lana Internet bidez zabaltzea erabaki zuten, diskoetxe bat bilatu beharrean. Bioleten negua (mp3.com, 2000) izan zen bigarren lan hori. Lan horrek ere Euskal Herrian oihartzun txikia izan zuen. Orduan, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeari aurkeztu zioten lan hura; eta nahasketak berregin, abesti batzuk kendu eta berriak sartu eta Gorri isila (Errabal, 2002) egin zuten. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak jazz musika kaleratzeko sorturiko Errabal zigiluaren estreinaldiko argitalpena izan zen. 2002a zen, eta, ordurako, Miren Aranburu Ensemble izena zuen taldeak. Disko horretan kolaboratu zuten honako hauek: Iñaki Salvadorrek eta Joseba Loinazek pianoan, Gonzalo Tejadak eta Jean Paul Gillesek kontrabaxuan, Edio Pessik gitarran eta Victor Celadak baterian.

Errabalekin atera zuten hurrengo diskoa 2005ean etorri zen: Lorategi hibridoa. Aranbururen ahotsari eta Hargousen saxofoi eta klarinete baxuari, Juan Paul Gillesen kontrabaxuak, Vicente Thomasen bateriak eta Arnaud Labastieren pianoak lagundu zioten disko berrian.

MIREN_ARANBURU_

Miren Aranburu eta Jean Louis Hargous. (Gari Garaialde / Argazki Press)

Miren Aranburuk ahotsaz gain, hitzak jartzen ditu bere proiektuetan. Fernando Pessoa, Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Jose Maria Iparragirre —“Zibilek esan naute“, Gorri isila diskoan— eta Iratzeder idazleen letra batzuk kenduta, bereak baitira abesten dituen ia letra guztiak. Antimilitarismoaz eta amodioaz idazten eta abesten du, haurtzaroaz nahiz Ponpeiaz, emakumearen egoeraz nahiz desamodioaz… bizitzaz.

Testua: Ainara Gorostitzu

  • (1) Argia, 1.593. zenbakia, 1996

Zibilak esan naute

Zibilak esan naute
biziro egoki
Tolosan biar dala
gauza erabaki
Zibilak esan naute
biziro egoki
Tolosan biar dala
gauza erabaki
giltzapian sartu naute
poliki poliki
negar egingo luke
nere amak baleki.

Jesus tribunalian
zutenian sartu
etzion Pilatosek
kulparik bilatu.
Jesus tribunalian
zutenian sartu
etzion Pilatosek
kulparik bilatu.
Neri ere arkitu ez arren
ez didate barkatu
zergatik ez dituzte
eskuak garbitu.
Neri ere arkitu ez arren
ez didate barkatu
zergatik ez dituzte
eskuak garbitu.

Kartzelatik aterata
fiskalen etxera
abisatu ziraten
juateko beriala
Kartzelatik aterata
fiskalen etxera
abisatu ziraten
juateko beriala
ez etortzeko geiago
probintzi onetara
orduan artu nuan
Santander aldera.