2020.05.26
Montauk

Montauk

  • 2014 - 2020
  • Gasteiz
  • Rocka

Montauk taldea, Gasteizen, 2014ko azaroan sortu zen. Beñat Goitia abeslari eta gitarra joleak bakarlari gisa sortu zenbait kantu gorpuztetik abiatu zen proiektua. Beraz, bakarkako proiektuaren gorpuzteak sortu du Montauk. Hasieran, Gorka Etxeberria bateria jolea eta Jon Aranburu gitarra jolea hasi ziren Beñatekin batera proiektuari arnasa ematen eta beranduago sartuko ziren Goio Askartza baxuan eta Aitor Garcia de Vicuña egungo gitarra jolea.

Urte luze bat proiektua sendotzen igaro ostean, 2015eko azaroa eta abenduan taldearen aurkezpena izango ziren zenbait kontzertu eskaini zituzten Euskal Herrian zehar; tartean, Gasteizko Udalak antolatu Gaztetalent lehiaketan irabazle izan ziren. 2016 lehen diskoaren urtea izan da Montaukentzat.

2016ko Aste Santuan grabatu zuten diskoa Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudioetan Jonan Ordorikaren gidaritzapean, eta apirilean zehar nahasketak eta masterizazioa Azkaraten bertan egin dituzte, Mamia estudioetan, hauek ere Jonan Ordorikarekin. Diskoa 2016ko maiatzean argitaratu zen.

Montauken doinuak deskribatzeko, diskoa entzutea da gomendio fidelena, rock intimistaren atmosfera pisutsuetatik pop esperimentalagoetaraino egiten baitute jauzi.

Montauk New York ondoko hiriburu bat da, baztertua, berezia, bereizia. Bertan kokatzen da Max Frisch idazle suitzarraren Montauk nobela. Baina gasteiztarren izenaren zioak Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelan du jatorria, bertan aipatzen baita Frisch-en nobela eta bertan ezagutu baitzuten Montauk. Eleberri honi eta literaturari keinu hau eginez, Montauk taldearen kantuetan hitzek duten garrantzia azpimarratu nahi izan da, ez baitira lerroak osatzeko aitzakia hutsa.

Atzera

Ezintasuna (Apolo, 2016-10-21)

Atzera

Hartzak hotzez hiltzen

Egilea: Unai Portilla

Atzera

Oihaneder (Gasteiz, 2018/12/23)

Nahiz eta ez jakin

Nahiz eta ez jakin nora doan erreka hau
ziur naiz nonbait bukatuko dela
Nahiz eta ez jakin nora doan bizitza hau
ziur naiz nonbait bukatuko dela
Nahiz eta ez jakin nora doan aberri hau
ziur naiz nonbait bukatuko dela
Nahiz eta ez jakin nora doan gure arteko hau
ziur naiz nonbait bukatuko dela

Nahiz badakidan non dagoen itsasoa
askoz hobe dut bidean gera
Nahiz badakidan non dagoen paradisua
askoz hobe dut bidean gera
Nahiz badakidan non dagoen garaipena
askoz hobe dut bidean gera
Nahiz badakidan non dagoen zoriona
Askoz hobe dut bertara iristea.

Aroen arteko mailaketa ikusezinak
urratu beharreko pausoen nekeak,
helburuak lortzea nahikoa ez denean
bidean segitzeko aitzakien bilaketan,
eraikitzearen sentsazio oparoa
eboluzioaren estasi egoera,
uraz maitemindurik aberria erailik
aberria maiteaz bizitzan itoak,
epinefrinaren hauts zuria
ekoitzi, nahasten, zainen artean,
arrotza ozeanoan, arrotza aberrian,
arrotza bizitzan zurekin naizenean.