2020.05.26
Montauk

Montauk

  • 2014 - 2020
  • Gasteiz
  • Rocka

Montauk taldea, Gasteizen, 2014ko azaroan sortu zen. Beñat Goitia abeslari eta gitarra joleak bakarlari gisa sortu zenbait kantu gorpuztetik abiatu zen proiektua. Beraz, bakarkako proiektuaren gorpuzteak sortu du Montauk. Hasieran, Gorka Etxeberria bateria jolea eta Jon Aranburu gitarra jolea hasi ziren Beñatekin batera proiektuari arnasa ematen eta beranduago sartuko ziren Goio Askartza baxuan eta Aitor Garcia de Vicuña egungo gitarra jolea.

Urte luze bat proiektua sendotzen igaro ostean, 2015eko azaroa eta abenduan taldearen aurkezpena izango ziren zenbait kontzertu eskaini zituzten Euskal Herrian zehar; tartean, Gasteizko Udalak antolatu Gaztetalent lehiaketan irabazle izan ziren. 2016 lehen diskoaren urtea izan da Montaukentzat.

2016ko Aste Santuan grabatu zuten diskoa Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudioetan Jonan Ordorikaren gidaritzapean, eta apirilean zehar nahasketak eta masterizazioa Azkaraten bertan egin dituzte, Mamia estudioetan, hauek ere Jonan Ordorikarekin. Diskoa 2016ko maiatzean argitaratu zen.

Montauken doinuak deskribatzeko, diskoa entzutea da gomendio fidelena, rock intimistaren atmosfera pisutsuetatik pop esperimentalagoetaraino egiten baitute jauzi.

Montauk New York ondoko hiriburu bat da, baztertua, berezia, bereizia. Bertan kokatzen da Max Frisch idazle suitzarraren Montauk nobela. Baina gasteiztarren izenaren zioak Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelan du jatorria, bertan aipatzen baita Frisch-en nobela eta bertan ezagutu baitzuten Montauk. Eleberri honi eta literaturari keinu hau eginez, Montauk taldearen kantuetan hitzek duten garrantzia azpimarratu nahi izan da, ez baitira lerroak osatzeko aitzakia hutsa.

Atzera

Ezintasuna (Apolo, 2016-10-21)

Atzera

Hartzak hotzez hiltzen

Egilea: Unai Portilla

Atzera

Oihaneder (Gasteiz, 2018/12/23)

Entzun esan zenidan

“Entzun!” esan zenidan, “ahaztu beldur guztiak, eman gorputza eta sentí”. 
Haragitu sentsuak, laztan eta dardarak, azala ere nahiko nizuke erantzi. 

Orain. 

Hautsi ditut zubiak, etxe orratzen kabiak, orain eta hemen nahi dut egon. 
Erre jaki guztiak, printzeen jauregiak, gorputza da orain geratzen den bidea. 

Egunsentiaren bortxaren zain, ilunetan ikusten zaitudanean. 
Arnasaren hezetasunak blai, ihintzak geruza bat azalean. 

Orain. 

Estalperik gabeko etxean, zelai bat, lau pareta hauen artean. 
Ekaitzaren izpi grisetan blai, euri tantetan urtzen garenean. 
Tximistak jo nau gorputz gainean, begietara so zintudanean. 

Orain.