2021.06.28
Mutürbeltz

Mutürbeltz

  • 2012 - 2013
  • Urretxu, Hondarribia, Bera
  • Hard-rocka, Rocka, Rock&rolla

Zaharrak berritzeko gogotsu dator Mutürbeltz. Bi oinarri dituen zutabe sendoa. Edo alderantziz. Urretxu rock city-n, The Hot Dogs taldea banatu orduko segitzeko beharra sentitu zuen Iñigo Agirrebalzategi gitarra jotzaileak. Bera rock city-n, sentsazio berbera izan zuen Mikel Larratxe abeslariak, Sexty Sexers banda lozorrora bidali zutenean. Bi arima galdu amildegiaren ertzean. Bertara jaustean elkarrekin topo egin eta muturrak belzten hasi ziren. Zikintzen. Batek musika eta besteak hitzak. Lanak banatu orduko sortu ziren lehen kantak, soilik taldea osatzea falta zen. Gutxira agertu ziren Eñaut Balentziaga (Kabul, Zura) bateria eta Aitor Castillo “Txiki” (Plan B, Boogie Van) baxu jotzailea. Biak zikintzeko prest.

Oinarriei tiraka rock talde sendoa osatu dute. Aipatu bi taldeen erdibidean daude. Australiatik Euskal Herrirako ibilbidean. Kanpora begira jarri dira, zinez gustuko duten hori egiteko. Begi lizunarekin, esku klasikoarekin, eta noski, mutur beltzarekin. Ez dirudi lehen saiakera, baina bada. “Amildegia maite” estreinako long play edo lan luzeak zaharberritze lan zaindua islatzen du. Eskarmentuaren akordeak eta esanak. Inolaz ere berritzaileak. Inolaz ere munduko beste txokoetan entzun ez direnak. Baina badute zerbait. Agian da kantuen sinpletasun biribila, agian doinu klasikoekiko maitasuna, agian transmititzen duten bizitasuna… Agian da amildegia bera, amiltzera bultzatzen zaituena.

Testua: Inaxio Esnaola

Kea ikus dadila

Ene begiek ez dute zer ikusirik.
Ene begiek mina beste ez dute ikusi.
Isuri malko guztiek zoriona balekarte,
zeru puska bat banuke.

Ene begiak, nahikoa malko boteak.
Ene begiak, atzo indarka atereak.
Hasiak dira erretzen, hasiak dira goritzen,
sua besterik ez dute.

Bota sua, eman sua, kea ikus dadila.

Zure begiak dira nire askapena,
zure begiak nire ikusmira berria.
Garenon hats berria, izandakoen hats guztia,
sua darion hatsa.

Bota sua, eman sua, kea ikus dadila.
Sua.