2021.06.28
Mutürbeltz

Mutürbeltz

  • 2012 - 2013
  • Urretxu, Hondarribia, Bera
  • Hard-rocka, Rocka, Rock&rolla

Zaharrak berritzeko gogotsu dator Mutürbeltz. Bi oinarri dituen zutabe sendoa. Edo alderantziz. Urretxu rock city-n, The Hot Dogs taldea banatu orduko segitzeko beharra sentitu zuen Iñigo Agirrebalzategi gitarra jotzaileak. Bera rock city-n, sentsazio berbera izan zuen Mikel Larratxe abeslariak, Sexty Sexers banda lozorrora bidali zutenean. Bi arima galdu amildegiaren ertzean. Bertara jaustean elkarrekin topo egin eta muturrak belzten hasi ziren. Zikintzen. Batek musika eta besteak hitzak. Lanak banatu orduko sortu ziren lehen kantak, soilik taldea osatzea falta zen. Gutxira agertu ziren Eñaut Balentziaga (Kabul, Zura) bateria eta Aitor Castillo “Txiki” (Plan B, Boogie Van) baxu jotzailea. Biak zikintzeko prest.

Oinarriei tiraka rock talde sendoa osatu dute. Aipatu bi taldeen erdibidean daude. Australiatik Euskal Herrirako ibilbidean. Kanpora begira jarri dira, zinez gustuko duten hori egiteko. Begi lizunarekin, esku klasikoarekin, eta noski, mutur beltzarekin. Ez dirudi lehen saiakera, baina bada. “Amildegia maite” estreinako long play edo lan luzeak zaharberritze lan zaindua islatzen du. Eskarmentuaren akordeak eta esanak. Inolaz ere berritzaileak. Inolaz ere munduko beste txokoetan entzun ez direnak. Baina badute zerbait. Agian da kantuen sinpletasun biribila, agian doinu klasikoekiko maitasuna, agian transmititzen duten bizitasuna… Agian da amildegia bera, amiltzera bultzatzen zaituena.

Testua: Inaxio Esnaola

Euria

Lokatza doa, kopetan doa, uger bete da ahoa.
Zurbil eta mehe, azal heze, gaitz guztien doluzko eramaile.
Zakur buru duten horiek ezten koroa jarri nahi didate,
bedeinkatua izan behar banuke bezala.

Eta zu hor zutik niri so beirazko botilak murtxikatzen.
Egin beza, bota beza, garbituko nauen euria.

Odol arroa, beso harroan, iltze gabeko zuloan.
Malko gezak, eme apezak, bekatari lizunik gabeko meza.
Nekea azalean dabil narras, gogoa aspaldian itzalia balaz,
inongo armarik erabili ez balitz bezala.

Eta zu hor zutik niri so beirazko botilak murtxikatzen.
Egin beza, bota beza, garbituko nauen euria.

Euriak beti darrai erortzen,
odola beti darrai irensten
eta neke zaharrak garbitzen,
eta zauri zaharrak garbitzen,
malkoak irensten.