2021.02.03
Nahiko

Nahiko

  • 1983 - 1988
  • Popa

Ander Ibañez, Simon Ibarretxe eta Juan Mestreren ekimenez sortu zen Nahiko taldea. Ibañez eta Ibarretxe Mirotz taldean aritutakoak ziren, eta Harrika hildako mitxeleta (1982) diskoa grabatu zuten Gasteizen euskaraz egindako rockaren talde aitzindari hartan. Proiektu berrian musika “modernoagoa eta abangoardistagoa” (1) egin nahi zuten, Euskal Herriko talde gehienen ildotik urrun, eta funk estilora hurbilduz.

Hirukote gisa maketa bat grabatu ostean, beste hiru kide batu zitzaizkien: Montxo Ruiz (gitarra), Fede Barrio (saxofoia) eta Carlos Jordana (tronpeta). 1984ko udan Sestaoko Udalak antolatutako rock lehiaketara aurkeztu zen Nahiko, eta euskarazko taldeei emandako saria eskuratu zuen. Horri esker single bat grabatu zuten, “Saia zaitez” eta “Ez dago zereginik” kantuekin. Joaquin Delgado “Kini” eta Mauro Entrialgo komikilariek egin zuten azala (geroago,TMEO aldizkariaren sorreran parte hartu zuten). Handik hilabete batzuetara, Elkar diskoetxearekin bi disko grabatzeko akordioa sinatu zuten (azkenean, bakarra baino ez zuten grabatu).

Horrez gain, Euskal Herritik kanpo ere bidea urratzen saiatu zen taldea. Esaterako, 1985eko ekainean Benidormeko Nuevo Pop Español jaialdian parte hartu zuen, eta laugarren lekuan sailkatu zen. Halaber, urte bukaeran Madrilgo San Juan Evangelista antzokian jo zuen, eta, antza, harrera ona jaso zuen. Level 42 eta Kid Creole & The Coconuts taldeekin konparatu zuten kritikariek, Elkar diskoetxeak lehen diskoarekin batera komunikabideetara bidalitako promozio orrian azaldu zuenez.

1985eko abuztuan grabatu zuten Suizidio legal diskoa, Jean Phocas soinu teknikariarekin. Horren aurretik, beste single bat kaleratu zuen, “Autobidea” eta “Gauaren neon bezala” kantuekin. Hala ere, bi horietatik lehenengoa bakarrik sartu zen diskoan. Ibañez eta Mestrerekin batera, Bingen Mendizabal-ek, Eduardo Iglesiasek, Carlos Barredok, Jose Antonio Acebedok (bateria) eta Edwardo Miskirwicz-ek osatu zuten taldea disko hartan. Kanta guztiak taldeak sortutakoak ziren, baina kasu honetan, azalaren diseinua, lehen bi singleenaren oso bestelakoa, Fernando Illana artista gasteiztarraren lana izan zen. Diskoa grabatu eta gero, Patxi Agirrek (tronpeta) hartu zuen Miskirwiczen lekua taldean.

Diskoak ez zuen oihartzunik izan, eta oso kontzertu gutxi eman zituen taldeak. Nahiko 1988an desegin zen. Ondoren, Juan Mestrek eta Simon Ibarretxek La Obesa Negra taldea sortu zuten, Arturo Blasco (Itoiz) eta Roberto Mirandarekin. Bingen Mendizabalek Hertzainak taldearekin jo zuen, eta ondoren Mikel Urdangarin kantariarekin ere aritu da. Hala ere, zinemarako soinu banden sorkuntzan egin du ibilbiderik luze eta emankorrena Bingen Mendizabalek. Jose Antonio Acebedok Hertzainak-en Salda badago diskoan (Elkar, 1988) kolaboratu zuen.

Testua: Jon Eskisabel 

  • (1) Muskaria, 21. zenbakia, 1984ko maiatza-ekaina