2022.10.06
Nigara Zuek

Nigara Zuek

  • 1981
  • Errenteria (Gipuzkoa)
  • Kantautorea
  • Webgunea

Atzera

Bb agurra

Erdipurdikoen falta

Gezurra da ezberdinak izan nahi dugula 
erdipurdiko ereduen, kopia estandarren 
ahalik ta antz handiena izaten saiatuak 
garenaz ase, garenaz zoriontsu 

Ez gara gu baino ederragoen ondoan 
luzaroan gelditzen 
ezta gure itsustasuna desbideratzearren ere 

Gure klon zarpaila nahi dugu alboan 
guk bezain gutxi dakiena liburuetaz 
gure enfasi maila neurtzeko bi aldaera : 
adjetiboen aurrean oso jartzeko aldaera piztua 
eta adjetiboen aurrean oso jartzeko aldaera itzalia 

Kalean ta tabernan 
inork gehiegi begira ez gaitzan 

Elkar maiteko dugu baina neurrian 
gure arteko bikoteak ez du mundua asaldatu nahi 
gure arteko bikoteak ez du mundua aldatu nahi 

Iletara goazela isuritako malkoek ez gaituzte itoko 
ez dugu altuegi barrerik egingo 
zoriontsuegi garela nabari ez dadin 

Bikotekideekin eta maitaleekin 
soilik egingo dugu txortan 
ez gaitezen sutan erre 
hildakorik gabeko gatazkan 
ez gaitezen sutan erre 
kerik gabeko tabernan 

Tabernan ta kalean 
inork gehiegi begira ez gaitzan 

Elkar maiteko dugu baina neurrian 
gure arteko bikoteak ez du mundua asaldatuko 
gure arteko bikoteak ez du mundua aldatuko