2016.06.03
Nikkin

Nikkin

  • Beasain (Gipuzkoa)
  • Rocka, Industriala

Bada jende mota bat, gela batean sekula ikusi ez duen musika instrumentu batekin sartu, atea giltzaz itxi eta ordu gutxi barru barru itzuliko bagina, instrumentu horri txispak ateratzeko gai izango litzatekeena. Igor Alustiza Garmendia beasaindarra, A.K.A. Nikkin, horietako bat dugu.

Bederatzi urterekin hasi zen gitarra jotzen eta lehen egunetik zur eta lur utzi zituen irakasleak gitarra baino txikiagoa zen kakanarru hark instrumentuari doinuak atera eta kantuak sortzeko zuen gaitasunarekin. Txikitatik ezagutzen dugunok pegatinaz jositako gitarra eskuan eta Nirvanaren sudadera hilezkor harrekin gogoratzen dugu oraindik. Igorrentzat gitarra zahar hura zen bere jostailurik maiteena eta hamahiru urterekin, bere lehen rock taldea sortu zuen gerora Goierriko musika eskenan garrantzia izan duten beste hainbat kakanarrurekin batera. Lehen esperientzia hartan gustuko taldeen bertsio zein moldaketak egitera mugatu ziren baina argi eta garbi ikusi zuten musikak beraien bizietan izango zuen garrantzia sekulakoa izango zela.

Igorrek ordea, sormen etengabean topatzen du plazerra eta hamasei urterekin Spurium taldea jarri zuen abian haurtzaroko lau lagunekin batera. Bertan izan zuen lehen aldiz bere kantuak garatzeko aukera eta egun hartatik, ez da geratu.

Gerora, The Gu edo Zero taldeetan aritu zen instrumentu ezberdinak jotzen. Beti ere grunge, stoner, rock alternatibo deitu zitzaionaren edo rock industrialaren influentziapean. Zero taldea desegitean eta taldeko entsegu zein eskenatokiez nekatuta, atseden baten beharra sentitu eta bere kantuak bakarka garatzen hasi zen hauek ezagutzera emateko asmorik gabe.

Orduan ordea, Igorren musika ibilbidea etxeko zein lagunei begirako zerbaitean geratuko zela zirudienean, inork nahi ez duena etorri zen, gaixotasuna. Giltzurruneko gaitz larri batek jota, horrek suposatu zuen guztiarekin, musikan topatu zuen babesa eta motibazioa. Nikkin sortu eta bere bakardadean buruan zituen doinu eta kantuei forma ematen hasi zen eriondo izan zen denbora luzean. Etxean estudio txiki bat atondu eta lehen kantuak grabatzen hasi zen inoren laguntzarik gabe. Hasieratik bukaerara Igorrek sortu eta jotako kantu hauek lagunek entzun zituztenean aho bete hortz utzi zituen: “Horrekin zerbait egin behar dek Igor”

Musikaren munduak urte batzuk lehenago sortutako nekea ahaztu eta musikan zentratu zen Igor orduan. Horrela aurkeztu zitzaigun 2014ko Jazpana! jaialdira. Bakarrik eszenatoki gainean eta loop zein programazioz osatutako ikuskizun ikaragarri batekin. Herriko musikari moduan gehitu zen kartelera baina bai zaleek, eta baita prentsa espezializatuak ere, bere kontzertua nabarmendu zuten Za! handienarekin batera.

Kontzertu hartan aurkeztutako kantuetako batzuei berri batzuk gehitu eta etxean grabatu zituen bere kabuz Ihes izan den lana osatuz. Ondoren, Sound Source estudioetako Arkaitz Carrascoren laguntzaz soinuak findu eta gure eskuetara iritsi da Nikkinen lehen lan luzea. Rock Industriala dela dio berak baina Ihes, hori baino askoz gehiago da. Bere bizia musika den talentu baten proiekturik pertsonalena da. Musikatik aldendu eta bizitzaren krudeltasunak sekula utzi behar ez zuen bidera itzuli duen talentu baten lana. Gauzak sekula baino ilunago zeudenean, babesa eta zoriontasuna musika topatu duen musikari baten uztarik zintzoena.

Testua: Mikel Alvarez (The Indezents)

Loser

Ken zan min hau
Azalak bat batzen.
Ez naiz baretzen
Zentzuei lan
Ezpain estutuei.

Orain da, erabat busti zaude
Nik, indar hautsak dauzkat.
Ken zan min hau
Bakardade honi.

Geldi zan tren hau
Geldi inora ez doazen gauei
Geldi tronu hau
Azal leun eta izar galduez.

Gau bat berriz banoa
Nire parean dagoena izan nahiko nuke
Pentsatze itsua, ez dut aberastu nahi.
Zure azpian, gainean, aldean, beroan
Zure minek atzamarkaz josi naute.