2015.02.23
Niko Etxart

Niko Etxart

  • 1953
  • Altzürükü (Zuberoa)
  • Bluesa, Herri kanta, Rocka
  • KONTZERTUAK

Altzürükun jaio zen Niko Etxart, eta, bi urte zituela, gurasoekin Parisera bizitzera joan zen. Dena den, beste askok ez bezala, haurra zelarik jaso zuen euskara, eta gaztaroan euskal kulturaren berri ere izan zuen, bereziki Parisko Euskal Etxearen bitartez. Eskola utzirik, kantagintzatik bizi nahi izan zuen, eta 1972. urtean musikarekin lehen harreman estua izan zuen, kantari frantses ezagun baten diskoan koruak egin baizituen. Urte berean, Tinka izeneko taldea sortu zuen, beste bi lagunekin batera.

523

Niko Etxart. (Christophe de Prada)

Handik bi urtera, 1974. urtean, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Ordurako ideia ausart bat zuen buruan: rocka egin nahi zuen, euskaraz. Baina giroa ez zen horretarako sobera aproposa, are gutxiago Zuberoan. Kantagintza tradizionala zen nagusi, eta hortik kanpoko guztiak mespretxatua izateko arriskua zuen. “Nik artean Euskal Herrira etortzea eta guztiz bide hori hartzea erabaki nuen, rockaren bidea erran nahi dut. Garai hartan rockaren bidea zen gaitzena. Gaurko eguna hartzen badugu, gaur egun errazena da metal, techno edo ez dakit zer egitea, baina garai hartan ez zen posible euskaraz egitea pentsatzea ere. Hori traizioa zen, garai hartan ere ezin zen egin. (…) Etsai asko ziren. Etsaiak ziren, alde batetik, zinez kontserbadoreak ziren euskaldun kulturakoak, bertsolariak-eta barne. Garai hartan oso kontra ziren. Gero, apaizak ere kontra ziren… denak gure kontra ziren” (1).

Nolanahi ere, Etxartek ez zuen etsi, eta Jean anaiarekin eta lehengusu batekin, Odol Berri taldea sortu zuten 1974an, eta Iparraldean oso ezaguna egin zen lehen singlea plazaratu. Ondoren, Ximinorak osatu zuen, berehala arrakasta handia lortu zuen taldea. Berez, plaza taldea zen, baina egindako bertsioek aukera eman zioten bere nahia gauzatzeko, rock abestiak euskaraz emateko, alegia. Zeregin horretan ez zegoen bakarrik; 1973an, Mixel Ducauk eta Anje DuhaldekErrobitaldea sortu zuten: euskal rock-and-rolla martxan zen.

524

Euskal rockaren aita da Niko Etxart.

1975ean Zazpi Gara taldearekin single bat grabatu zuen, “Dezagün algarreki“, “Basabüria bizi dadila“, “Uskal-Herriko lür maitia” eta “Jin bedi gure artila” kantuekin, eta 1976an Etxahun-Topeten omenezko diskoan parte hartu zuen. Urte berean Minxoriak taldea osatu zuen. Talde horrekin bi disko eman zituen argitara. Ordurako batere ohikoa ez zen itxura laster ezagun egin zen Euskal Herri osoan: txima luze eta orraztu gabeak, larruzko jaka eta ke susmagarria jaurtitzen zuen zigarro gaizki bildua.

Bakarkako lehen lan diskografikoa Nahasteka izan zen (Movieplay-Kardantxa, 1979). Diskoan zeuden bederatzi abestietako musikaren eta letren egilea zen Niko Etxart, eta horietan argi gelditu zen zuberotarrak rock musikarekiko zuen zaletasuna. Nolanahi ere, lan horretan ez zegoen bultzadarik handiena eman zion abestia. Urte berean, bi abestiz osatutako single bat karrikaratu zuen: Euskal rock´n´roll (Movieplay-Kardantxa, 1979). Han, “Eperra” herri kantaren bertsio gaurkotua egiteaz gain, “Euskal rock´n´roll” abestia zegoen, berehala garai hartako ereserki bihurtu zena. Abesti horri esker, Etxartek sekula euskal musikari batek lortu gabekoa lortu zuen, Los 40 Principales Espainiako musika zerrenda ezagunaren 18. posturaino ailegatzea.

“Garai haietan Euskal rock´n´roll denetan entzuten zen. Ni gogoratzen naiz Madrilen, Donostian, Otsagabian… leku askotan entzuten zela. Gaur egun euskal musikarik ez du presentziarik, eta nik eduki nuen garai hartan. Nik uste dut hor garai bat izan zela non Euskal Herriko galdera, gure autonomia, independentzia edo nahi duzun bezala deitu, oso gogorra zegoen Espainian, indarrean zegoen, nik onura bat eduki dut hor. Momentu ona izan zen musika hori egiteko, eta ni aukeratua izan nintzen. Gainera, nire musikak ez zuen hain politizatua ematen, nahiz eta ni beti izan naizen politizatua. Enetako, esperientzia polit bat izan zen zinez, eta hori bizitzea oso gauza aparta izan da” (1).

Kanta horri esker lortutako arrakasta itzela aprobetxatuz, bigarren diskoa berehala ailegatuko zen. Eibarren egindako emanaldi baten grabazioa izan zen, Has´dantzan (Movieplay-Kardantxa, 1980), eta hor bai, “Euskal rock´n´roll” famatua agertu zen. Horrez gain, beste bi herri kantu moldatu zituen, “Gizon gazteak ezkontzeko” eta “Baga, biga, klik”. Azken horrek ere oso harrera beroa izan zuen. Halaber, lehenengo aldiz Jon Mirandepoetaren hitzak musikatu zituen, “Ametsetarik” kantuan.

Hurrengo urteetan, Minxoriaktaldearen martxa eta bakarkako ibilbidea uztartu zituen. Ordurako hainbat gauza aldatuak ziren; 80ko hamarkadaren hasieran rock musika euskaraz egitea ez zen bekatu; Hego Euskal Herrian hasia zenRock Radical Vascoren inguruko eztanda, eta pixkanaka-pixkanaka urte horietan sortutako talde berriek hartu zuten Niko Etxartek eta Errobik piztutako garraren lekukoa. Hala ere, 1983. urtean, oraindik zeresan handia emanen zuen disko bat argitaratu zuen, Tumatxa (Elkar, 1983). Talde handi batek lagunduta -horien artean Mixel Ducau-, hamar abesti bildu zituen lan horretan. Guztiak ziren Etxartek konposatuak, hiru izan ezik: “Ortziren ttunttuna” eta “Eresi” Jon Miranderen letrak ziren, eta diskoaren amaieran bazen rock-and-rollaren hainbat klasikorekin egindako medley bat. Horretan Jimi Hendrix, Eric Clapton, Pete Townshend, Mick Jagger, Ian Anderson eta beste musikari ezagun batzuen bertsioak jo zituen, nahaste-borraste batean.

NIKO HAPA HAPA

Hapa-Hapa taldeko kideekin: Pierre Hartmann, Didier Etxeberria, Dominique Earl eta Kiki Kraciet. (Ander Gillenea)

Beste musika zeregin batzuetan sartuta, disko gehiagorik gabe amaitu zen 80ko hamarkada. Ordurako, gero eta gutxiago jotzen zuen Hego Euskal Herrian, hortik aurrera Ipar Euskal Herrian eginen zituen kontzertu gehienak. Bestalde, Kilikas estudioa sortu zuen Altzain (Zuberoa), 1987an, eta harrezkero bertan grabatu ditu bere lan guztiak, baita beste askorenak ere. 1990ean etorri zen haren laugarrena, Baikor (Elkar, 1990). Berriro ere, Etxart abesti guztietako letren eta musikaren egilea izan zen. Kolaboratzaileen artean, Mixel Ducau eta Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi) izan ziren. Urte berean, beste aro bat hasi zuen Etxartek, Hapa-hapa taldearekin lanean hasi baitzen. Dominic Earl, Baionan bizi den ingelesa (gitarra), Kiki Graciet (ahosoinua), Didier Etxeberria alsaziarra (baxua), Pierre Hartmann (atabalak) eta Kristof Ithurritze (teklatua) dira Hapa-hapa osatzen duten musikariak. Boskote horrekin hainbat urtez lanean aritu ostean, bi disko argitaratu ditu: Gili-gilikatzen haüt (Zohardi, 1996) eta Minuette(Elkar, 2005). Azken horretan Tina Turner abeslari ospetsuari kanta bat eskaini zion, “Tina perla beltza” bertsioaren bitartez.

Horrez gain, 2007an egin zen hamabosgarren Korrikaren kantua egin zuen, “Heldu Korrikari“. Hapa-hapa taldearekin batera jo zuen, baita beste hainbat musikarirekin ere: Enrique Villarreal El Drogas (Barricada), Joseba Gotzon… Halaber, bidegabekerien kontrako borrokan engaiatuta, hainbat musikarirekin batera egindako zenbait diskotan hartu du parte: Nuklearrik ez, eskerrik asko. Lemoiz gelditu!(Tic Tac, 1980), Hamahiru (t)alde(IZ, 1997), Euskal presoak Euskal Herrira (Euskal Preso Politikoen Sustengu Komiteak-Elkar, 1998)…

528

Robert Larrandaburu, Dominika Etxart eta Niko Etxart, Gure Irratiaren aldeko jaialdian. (Eneko Bidegain)

Baina euskal rockaren aitzindaria izatearekin batera, euskal kanta tradizionala ere landu du Niko Etxartek. Dominika Etxart aitarekin (1932-2012) eta Robert Larrandaburu koinatuarekin batera, urte askoan herriz herri ibili da Zuberoako kantu tradizionalak ezagutarazten. Lan horren lekukotasuna disko batean jaso zuten, Eperra(Elkar, 2004). A capella egindako diskoa da, abesti guztiak zubereraz dira, italierazko bat izan ezik. Ahotsa jartzeaz aparte, Niko Etxartek ekoizle eta soinu teknikari lanak ere egin zituen disko horretarako.

Ez da hori Niko Etxartek herri musikarekin izan duen lotura bakarra. Pastoralak ere landu ditu zuberotarrak. 1989. urteko Zumalakarregi pastoralaren musika egin zuen, eta hamar urte geroago gauza bera egin zuen Agota pastoralarekin. 2002an, berriz, bere sorterrian eman zuten Ürrüti Jauregiko Peirot pastoralaren egilea izan zen.

Testua: Gontzal Agote

  • (1)Aho bete doinu (Askoren artean, Kutixiak, 2001)

Atzera

Minuette

Atzera

Elkarrizketa Ipar Euskal Herriko Hitzan

Atzera

Euskal rock 'n' roll (Esker 1000)

Ama Euskadi

Zelütik jinik dei sühar bat ene iratzartzera
Amari bi kobla hontzeko bortxatü niz sinestera
Eta ez niz segür herabe ama zuri kantatzera
Hain beitzira andere handi ümil eta alagera.

Bedatseko lehen beroetan Orhi delarik berdatzen
Harrotürik artzainak dira peti gora abiatzen
Beha itzazü kantan ari zure lürraren laidatzen
Zuri diren amodioa ez dizie ezabatzen.

Ama egün xiberotar bat düzü zure zerbütxari
Nahiz zuri beztimenta bat pare gabeko berezi
Artzain batek eskentzen deizü Orhi bortüan da bizi
Egün oroz gogoan zütü oi! gaixo ama Euskadi.