2021.10.01
Oskorri

Oskorri

  • 1971 - 2015
  • Bilbo
  • Folka, Herri kanta

Atzera

Oskorri & The Pub Ibiltaria 5
 

Oskorri & The Pub Ibiltaria 5

2001 - Elkar


Oriko xoria(Roger Idiart)
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Galai bat etorri zait
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Hiru damatxo
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Berdabioko semea (Goizuetan)
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Juana Bixenta Olabe
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Amugileen kantak
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Esaten dute bada (Nire senarra)
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Triste bizi naiz eta
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Ardoaren bentajak (Goazen, goazen!)
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Edderra zira, maitea
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Barku sinple batean
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Axuri beltza
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Jose Tejeria
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Din don
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Eguntto batez
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Ikusten duzu goizean (Nere etxea)
facebook iconfacebook iconhitzak icon
Ixil-ixilik dago
facebook iconfacebook iconhitzak icon

Formatua: CD


Bilduma: The Pub Ibiltaria


Iraupena: 119' 18"


Argi kodea: KD-570, KD-571


GRABAZIOA

Bilbo, 2000ko abenduaren 21a


GENEROA

Oskorri 1971n sortu zen, Deustuko Unibertsitatean emandako kantaldi baten harira. Natxo de Felipe da garai hartatik taldean jarraitzen duen kide bakarra. De Felipe bera bakarlari gisa hasi zen kantuan 60ko hamarkadan, eta 1969an Abrako II. Sariketa irabazi zuen, “Nire maiteari” eta “Inoren menpe” kantuekin. Ondoren, Itziar Gallastegi kantariarekin (Bozkari taldean ibilitakoa) bikotea osatu zuen 1970-71. urteetan. Taldearen izena Gabriel Arestirekin batera sortutako Oskorri gaitz lehen ikuskizunetik dator. Ikuskizun hori erdi klandestinoa zen, eta oso leku gutxitan eman zuten. Oskorri sortzerakoan musika eta antzerkia uztartu nahi zituen egitasmoa zuten buruan. Nahiz eta betiere jarraitua eta emankorra izan den taldeak antzerkigintzarekin eduki duen harremana, musika talde bilakatu zen handik bi urtera Oskorri.

Oskorri 1

Oskorri, 1977an: Natxo de Felipe, Bixente Martinez, Karlos Gimenez, Anton Latxa eta Santi Gimenez. (Garcia Frances)

Taldea sortu eta bi urtera, lehen aldaketa sakonak gertatu ziren. De Felipek, bakarrik geratu, eta musikari berriekin osatu zuen taldea. Batez ere, txikitatik ezagutzen zuen Antxon Latxa (gitarra akustikoa eta ahotsa) eta Eibar aldeko (Gipuzkoa) gitarra jotzaile gazte bat, Bixente Martinez (gitarra elektrikoa, mandolina, bouzukia…) bilakatu ziren Oskorriko kide berriak. Polin Gurrea (flauta, klarinetea eta saxofoia) eta Zelaida Biurrunekin batera (biolina) taldea osatu eta grabatu zuten lehen lana, Gabriel Arestiren oroimenez (CBS, 1976).

Aspaldikoa zen Natxo de Feliperen eta Gabriel Arestiren arteko harremana. Bartzelonan ezagutu zuten elkar, 1969an, eta gero Oskorriren sortzailea “poetaren hitzak” musikatzen hasi zen. Arestiren eraginez hasi zen De Felipe herri musika ikertzen, eta idazleak antzerkiari zion zaletasunak zerikusi handia eduki zuen taldearen hasierako asmoekin. Ez da harritzekoa Oskorriren lehen diskoa, beraz, hil berria zen idazle bilbotarraren omenezkoa izatea.

Diskoaren egitasmoa asko atzeratu zen, zentsurarekin zituzten arazoak zirela medio. Dena dela, disko luzea kaleratu baino lehen, bi single plazaratu zituzten; batean, “Aita semeak”, taldearen lehen kantu ezaguna, eta “Gosetea” agertzen ziren (CBS, 1975); bestean, “Egia da” eta “Anaitasuna” (CBS, 1976). Bi single horiek lortutako erantzunari esker kaleratu zuten disko luzea. Diskoaren zabalkunde irregularrak eta taldeak “españolismoa” zela-eta edukitako gorabeherek (boikota eta abar…) diskoaren oihartzuna mugatu bazuten ere, bertako kantu batzuk klasiko bilakatu dira Oskorriren kantutegian: “Gora ta gora beti”, “Astoarena”…

Bigarren diskoa ere idazle bati, Mosen Bernat Etxepareri, eskainitako monografikoa gertatu zen. Mosen Bernat Etxepare 1545 (CBS, 1977) grabatzeko, aldaketak gertatu ziren taldean. Musikalitate landuagoa lortzeko asmoz, Karlos Gimenez (pianoa) eta Santi Gimenez (saxofoia) aritu ziren oinarrizko hirukoarekin (De Felipe, Martinez, Latxa) lanean. Elkarlan horrek, ordea, ez zuen luze iraun, diskoa kaleratu eta zuzeneko hainbat emanaldi egin eta gero Gimenez anaiek taldea utzi baitzuten eta Klabelin Komik osatu. Ondoren, bi disko grabatu zituzten Imanol kantariarekin: Sentimentuen hauspoz (IZ, 1979) eta Jo ezan (IZ, 1981).

Hurrengo diskoa, Oskorri (Xoxoa, 1979), funtsezkoa gertatu zen taldearen bilakaerarako. Alde batetik, ordu arteko diskoetan poeten kantuak musikatzeaz arduratu baziren ere, hirugarren honetan kantu eta doinu tradizionalen bertsio berritzaileak agertu ziren, askotan instrumentalak. Orduz geroztik ildo musikal hori Oskorriren jardunaren ezaugarri nagusietakoa bilakatu zen. Gainera, errekonozimendu publikoaren garaia iritsi zen. Besteak beste, urte horretako Durangoko Azokako disko onenaren saria jaso zuen. Azkenik, taldearen nortasun musikalaren definizioa markatu zuen diskoa ere bada. Latxa, De Felipe eta Martinez ziren taldearen motorra, eta haien arteko kimika musikalaren emaitza ere bazen, disko sosegatu, biluzi eta esanguratsua.

oskorri 2

Oskorri taldea, tartean Kepa Junkera dagoela (eskuinetik hirugarrena).

Bixente Martinez taldea utzita Izukaitz-era joan bazen ere, taldearen arrakasta geldiezina zen. Aingeru Bergizes (baxua) eta Jose Manuel Cacho (biolina) sartu ziren taldean Plazarik plaza (Xoxoa, 1980) grabatzeko. Arrakasta masiboaren diskoa da. Oskorri Euskal Herriko talderik ezagunenetakoa zen, bai hemen eta bai atzerrian. 1978an egin zituzten lehen emanaldiak Alemanian eta Frantzian. Handik aurrera taldearen sonoritatearen hainbat ezaugarri nagusi agertu ziren harribitxiz betetako disko horretan. “Gaztelugatxe”, “Violetaren martxa”, “Furra furra”… bezalakoetan agerian daude balada gozoak zein dantzarako kantu arinak egiteko gaitasuna, ironia eta umorearen erabilera kritikoa, folklorearen irakurketa berritzailea eta tresna elektrikoek jantzitako sonoritate gehienbat akustikoa.

oskorri 3

Flaco Jimenez mexikarrarekin.

Izukaitzekin bi urte eman ondoren, Oskorrira bueltatu zen Bixente Martinez (Hiru Truku, Igelaren Banda), eta harekin Fran Lasuen biolin jotzailea ere (Izukaitz, Eguen Banda, Fran Lasuen eta Eskuadra Zarra). Haiekin eta Txarli de Pablo (baxua) eta Polin Gurrearekin osatuko da Oskorriren formaziorik klasikoena. Ehunka emanaldi eta zortzi disko izan ziren 80ko hamarkadaren uzta. Taldeak sari ugari jaso eta emanaldi ugari egin zituen Euskal Herritik kanpora.

Zentsurak debekatutako hainbat kantuz osatutako Natxo de Felipe… eta Oskorri sortu zen diskoa (Xoxoa, 1981) kaleratuz hasi zuten hamarkada. Ondoren etorri zen taldekideen ustez Oskorriren ordu arteko lanik borobil eta landuena, Adio Kattalina (Elkar, 1982). Plazarik plaza-ren jarraipen zuzena da disko hori: balada goxoak (“Euskal Herrian euskaraz”, “Nafarroa”) eta kantu dantzagarriak (“Gu gaituzu Oskorri”, “Kalera noa ihesi”). Baina formulak horretan eman zuen bere fruiturik dirdiratsuena. Arrakasta handia gertatu zen diskoa: 15.000 ale saldu zituzten, kopuru bikaina garai hartako euskal talde batentzat. Ildo berekoak dira hurrengo disko gehienak; handik aurrera bada Oskorri identifikatzen duen musika ulertzeko modu bat.

Taldeak Europan zuen arrakastaren seinale da hurrengo diskoa, Alemanian euskaraz (Elkar, 1984). Berez, Alemaniako Folk Freak-Pläna diskoetxeak Europara begira kaleratutako bilduma baten Euskal Herrirako edizioa zen. Diskoan, Oskorriren kanturik ezagunenetako batzuen bertsio berrituak agertu ziren, eta arrakasta lagun izan zuten Euskal Herrian ere. Hamarkada hartako diskoetan daude taldearen kanturik ezagunenetako batzuk (“Hau da debilidadea”, “Irlandar abiadoreak bere heriotza igarri du”…). Idazle ezagunen hitzak musikatzeaz gain (Sarrionandia, Aresti, Izagirre, Mirande, Joxe Austin Arrieta…), gero eta gehiago lan egiten hasi ziren bertsolariekin, hala nola Xabier Amuriza eta Jon Sarasuarekin, alde batera utzi gabe bertsolaritzaren altxorretatik jasotako koplak eta bertso askotan anonimoak. Kantuen hitzak izugarri zaintzea izan da Oskorriren beste ezaugarrietako bat hasieratik.

oskorri 4

80ko hamarkadako emanaldi jendetsu batean.

Urte hauetan ez da diskoetan bakarrik garatzen Oskorriren lan musikala. Besteak beste, Kalabaza tripontzia (Juanba Berasategi, 1985) marrazki bizidunetako lehen euskal film luzerako musika osatu zuten. Horretaz gain, Maskarada antzerki taldearen bi lanetako musika ere ondu zuten: Marc Legasseren Gaztinbeltzako Karabinak (1985) eta Arestiren inguruan osatutako Harrizko Aresti hau (1986). Horretaz gain, beste hainbat egitasmotan ere parte hartu zuten, bai talde gisara eta bai bakoitzak bere aldetik.

Oskorrik 15 urte betetzen zituela-eta, bi emanaldi berezi egin zituen Bilboko Arriaga antzokian 1987ko martxoaren 21 eta 22an. Emanaldi horien grabazioetatik sortu zen taldearen zuzeneko lehen diskoa: Hamabost urte… eta gero hau (Elkar, 1987). Taldearen emanaldietan lortzen zen berotasunaren lekuko zuzena da. Urte hartan bertan sortu zen handik hiru urtera gauzatu zen beste egitasmo garrantzitsu bat, Oskorriren kantutegia liburu bakarrean biltzea: Ehun ta hamaikatxo kantu (Elkar, 1990).

Herri musikaren inguruko ikerketa lana izan da taldearen beste ezaugarri nagusietako bat. Hi ere dantzari (Elkar, 1991) izan zen alor horretako lehen lan monografikoa. Disko horretan, Euskal Herriko 17 dantza ezagunen bertsioak egin zituzten. Ez zen bakarra izan: Katuen testamentua (Elkar, 1993) bizkaierazko haur kantutegiaren errepaso eder eta freskoa gertatu zen. Disko horrek, gainera, haur musikaren bidea zabaldu zion, handik aurrera taldearen lan eremua gertatuko zena. Ildo horren hurrengo aleak izan ziren Marijane kanta zan! (Elkar, 1997), Marijane Minaberrik idatzitako testuekin egindako kantuez osatutakoa, eta Doktor Do Re Mi eta Benedizebra (Elkar, 2005) Gipuzkoako haur kantuez betetakoa.

Oskorri 5

‘Landalan’ diskoaren promozioko irudia (1996).

Taldearen 25. urtemuga ospatzeko 1996an Getxoko Folk Jaialdiko egitarauaren barnean egindako emanaldi entzutetsua izan zen taldearen unerik azpimarragarrienetakoa. Euskal Herriko (Joseba TapiaMikel LaboaFermin MuguruzaRuper Ordorika…) zein atzerriko (Martin Carthy, Liam O’Flim, Gabriel Yacoub, Anton Reixa, Albert Pla…) hainbat musikariren laguntzarekin, bere kantagintzari begiratu bat eman zioten; gerora, ikuzkizuna telebistarako saio eta disko bikoitz bilakatuko zen: 25 kantu urte (Elkar, 1997). Oskorriren lanik arrakastatsuena da, ziurrenik.

Hurrengo urtean sortu zen aurrera begira Oskorriren beste lan ildo ezagun bilakatuko zena: Oskorri & The Pub Ibiltaria, urtero San Tomas egunean Bilboko Areatzan gertatzen den taldearen eta entzuleen arteko kantu festa, diskora eramana. 2009ra arte 13 ale kaleratu dituen bilduma horrek begiratu ederra ematen dio euskal kantutegiari.

Lehengo ildoko hainbat diskoren ondoren —Ura (Elkar, 2000), Vizcayatik… Bizkaiara (Elkar, 2001)…—, taldean izandako eboluzio etengabearen seinaletzat jo daiteke Desertore (Elkar, 2003). Alde batetik, hiru musikari gazte sartu ziren taldean: Iñigo Egia, Gorka Eskauriaza eta Iker Goenaga. Idazle gazteen hitzak dira nagusi: Jon Maia, Maialen Lujanbio, Harkaitz Cano… Eta haustura musikal handirik ez badakar ere, nabaria da sonoritate sendoago baten bilakaera, alde batera utzi gabe, noski, taldearen ezaugarri nagusia, alegia, akustikotasuna. Diskoa World Music Chart Europe izeneko “munduko musiken” hileroko zerrenda ezagunean 20. lekura iritsi zen 2004ko otsailean. Ohikoa da Oskorriren izena Europako folk jaialdien zirkuituan.

Oskorri 6

Bilboko Arriaga antzokian, ‘Banda Band’ grabatzeko saioetan.

Banda Band (Elkar, 2007) taldearen 35. urtemuga ospatzeko taldeak kaleratutako 33. diskoa da. Berriro ere zuzeneko emanaldi bat, eta berriro ere Arriaga antzokian. Bilboko Udal Bandarekin batera grabatutako disko horretan, herri musika ulertzeko bi modu uztartzen dira: modu herrikoia eta modu akademikoa. Kantuei dagokienez, 25. urtemugako ospakizunetik kanpo geratutako taldearen hainbat kantu historiko berreskuratu zituzten.

2013ko otsailean Gabriel Aresti bizsitan emanaldi akustikoa estreinatu zuen Oskorrik, eta 2015ean taldearen desegitea iragarri zuen. Azken zortzi emanaldi eskaini zituen Getxon, Baionan, Gasteizen, Donostian, Bartzelonan, Iruñean, Maulen eta Bilbon.

Testua: Andoni Tolosa

Atzera

Festival Folk Benidorm 1983

Atzera

Ezpatadantza (1996-09-13)

Atzera

Aita-semeak (1988-12-04)

Atzera

Emazurtz (zuzenean)

Atzera

Gu gaituzu Oskorri

Atzera

Hauxe da despedidia / Gora ta gora beti

Atzera

Hauxe da despedidia