2017.04.18
Paddy Rekalde & Itsua

Paddy Rekalde & Itsua

  • 2016
  • Elektronikoa

Izotza eta sua

Demagun Jack Kerouac hizpide zutela udal igloo hartan
eta instituzioen diru laguntzaz gauzatzen zela hitzaldia
(hauteskundeak gertu ziren, lagunok)
Beat idazle hark hain maite zituen alkohol barik
tabako barik, bebop erritmo barik,
Mardou Fox haren antzeko aingeru eme beltz eder barik...
 
Demagun zzzuzzzen antolatuta zegoela guztia,
Jack Kerouacen lan eta bidaiez jardun nahi zutela,
New Yorketik San Franciscora merkantzia-trenez
eta San Franciscotik Mexico Cityra alderrai bueltaka,
pasioaren eta zoramenaren atzaparrek ukitu barik,
Viajes El Corte Ingles-ek prestatu izan balu bezala
 
Demagun zubiaz bestaldeko San Franciscora bidean,
egun eta inguru hauetako beste Jack Kerouac bat zegoela,
amorruaz eta suaz beteriko literatura baten jabea,
zubitik gora igotzen diren kale estu eta ilunei begira
idatzi barik zegoen liburuaren orriak irakurtzen ari zela,
hiriak berez eskaintzen duen soinu-banda tarteko
 
Demagun, itsurik itsuenak ere ederto ikusiko luke,
izotza eta sua nahastu nahi dituen koktela ezina dela,
eta literatur igloo hartan hotza ikaragarria bazen ere
Jack Kerouac berri haren begiradapean
sutan zeudela kaleak