1990eko urteetan euskal musikaren eremuan lan handia egindako musikariek egin zuten bat Sen proiektu berrian hamarkadaren amaieran. Hirukotearen alde batean Haritz Harreguy zegoen, Larrua Truk metal talde ilunean gitarra jotzen hasi eta gerora Soziedad Alkoholika, Berri Txarrak, Latzen, Kaotiko eta Ken Zazpi-rekin soinu teknikari, ekoizle eta zuzeneko teknikari gisa ondutako musikaria. Beste batean, Aitor Uriarte, Oñatiko Latzen taldearekin heavy metalak urte haietan bizi izan zuen loraldiari ekarpen arrakastatsua egin zion abeslaria. Aiheko Zubimendi Mixil talde gogorreko bateria jotzailea bihurtu zen hirukotearen hirugarren erpina.
Larrua Truk desegin ondoren, Harreguyk melodia gazi-gozoetako pop-rocka egiteko gogoa zuen eta 1999an Uriarterekin elkartu zen, Latzen desegin berria zela, eginda zituen musikei hitzak eta ahotsa jartzeko. Handik gutxira bihurtu zen Zubimendi taldeko bateria jotzailea, eta Mikel Artieda baxu jotzailearen laguntzarekin eta hainbat kolaboratzailerekin -Mikel Azpiroz (Lau Behi, Elkano Browning Cream), hari laukote bat-, Andoaingo Garate estudio berrian sartu ziren taldearen izen bereko lehenengo diskoa (Oihuka, 2000) grabatzeko. Harreguy bera arduratu zen grabazioaz, eta Sen-en musikaren ezaugarri nagusiak aurreratu zituen lehen disko hark: tempo ertaineko pop-rocka (“Kontaidazu“, “Begi bat“), baladaren bat (“Atzo gaur bihar zan“) eta baita une arinagoak ere (“Bidaiari“). Baina disko osoari giro goibel eta malenkoniatsua zerion, eta horretan bazuten zerikusia hitzek ere. Alderdi horretaz Uriarte arduratu zen lau kantutan, baina gainontzekoetan JosAnton Artze txalapartari eta poetaren (Ez Dok Amairu, Artze anaiak) eta Jon Garmendia Txuria bertsolariaren hitzak musikatu zituen taldeak. Artze Harreguyren osaba da. Kredituetan ez azaldu arren, Gorka Urbizuk ere (Berri Txarrak) kolaboratu zuen diskoan.
Diskoa zuzenean aurkezteko ordua iritsi zenean, Joseba San Sebastianek hartu zuen Artiedaren lekua, eta horrela, laukote gisa, ekin zioten zuzenekoari. 2001. urtea apal-apal hasi zuten, baina poliki-poliki, kontzertu ugari eskaini zituen taldeak urte osoan. Eta horrekin batera, bigarren diskoa izango zenaren kantuak osatzen joan ziren, orduko hartan laukote bat bezala. “Lehen diskoa Haritzen proiektua izan zen, eta pixkanaka jende gehiagorengana zabaldu zen. Bigarren diskoan, berriz, talde baten nortasuna ikusten da. Musikari bakoitzak askatasuna izan du nahi zuen eran lan egiteko”, adierazi zuen Aitor Uriartek Gaizki esanak… (Metak, 2002) bigarren lana argitaratu berritan (1).
Estilo aldetik ez zegoen aldaketa handirik disko baten eta bestearen artean, baina emandako kontzertu andanak sendotasuna emana zion taldeari, Harreguyk berak zioenez: “Taldea finkatuta dagoela nabaritzen da. Kontzertu ugari eman ditugu eta zuzeneko soinu sendo hori diskoan islatzen saiatuko gara. Aurrekoari hori falta zitzaion” (1). Diskoa zuzenean aritutako laukoteak grabatu zuen, baina aurrekoan bezala, hari laukote baten moldaketez jantzi zituzten zenbait kantu. Hendrik Röever gitarrista espainiarrak ere (Del Tonos, Hank) kolaboratu zuen, single gisa aukeratutako kantuan; “Metropolitan“. Hitzez, aurrekoan bezala, Uriarte arduratu zen nagusiki, baina lehenengoan bezalaxe, hainbat idazleren lanetara ere jo zuten: JosAnton Artze, Juan Luis Zabala (“Adiskidetasuna“, “Hire bila nabilen“) eta Jon Garmendia Txuria (“Esperoan“).
Diskoak harrera ona izan zuen, eta halaber, Sen-en azken lan diskografikoaren hazia erein zuen. Izan ere, Roeverren eta taldekideen artean grabazioan sortutako giroak elkarrekin lan egitera eraman zituen denbora gutxira. “Abestien bihotza hartu eta beste ikuspegi batetik eraldatzea gustatu izan zait beti; modu horretan, Sen-en “Kontaidazu” kantua hartu eta, inori ezer esan gabe, bestelako moldaketa egin nuen», zioen Roeverrek 2003ko urrian (2). Abestiaren interpretazio hura entzun zuenean, Harreguyri kolaborazioa urrunago eramatea eta Roeverrekin elkarlanean disko akustiko bat grabatzea otu zitzaion. Horrela sortu zen Metak zigiluak elkarlanetarako sortutako Pil-Pil Sessions sailerako disko bat grabatzeko aukera.
Sen-en eta Hendrik Roeverren arteko kolaborazio diskoak zortzi kantu jaso zituen. Horietako sei Sen-en aurreko bi diskoetan agertutako kantuen bertsio akustikoak ziren, batzuk Roeverrek berak abestutakoak (“Zure askatasunagatik“, “Kontaidazu“), eta besteak Uriarteren ahotsarekin (“Atzo gaur bihar zan“, “Hire bila nabilen“, “Bidaiari“, “Zer nahi eta hura eman“). Beste bi bitxikeria ere grabatu zituzten diskorako. Batetik, hari moldaketa dotoreekin jantzi eta JosAnton Artzek errezitatutako “Dagoenean dagoena“, eta bestetik, Latzenen “Laztana” kantu ezagunaren pop bertsioa.
Diskoa kalean zela, Sen desegin egin zen, eta hurrengo urtean Aitor Uriarte Une taldean sartu zen. Harreguy, berriz, soinu teknikari eta ekoizle lanetan nabarmendu da azkeneko urteetan. Hainbat urtez Garate estudioan lan egin ostean, bere estudio propioa zabaldu zuen Usurbilen (Gipuzkoa), Hi Gain estudioa. Horrez gain, 4 Itzal taldearen diskoan, Denek dakite (Oihuka, 2001), parte hartu zuen gitarrista eta soinu teknikari gisa.
Sen laukotea 2013an batu zen berriro, bira bat egiteko. Martxoaren 16an eman zuen lehen kontzertua, Usurbilen, eta ondoren Urduñako Gazte Danbada jaialdian jo zuen. Halaber, “Izarrak berri” kantua plazaratu zuen. Haatik, urte bereko abenduaren 14an agur esan zuen berriro, Usurbilen.
Testua: Mikel Lizarralde
Atzo gaur bihar zan
eta ametsak
betetzeko egun bat
gutxiago
Denboraren eskutan
eta erlojua
astiro edo azkar
aurrera
Urte bat ulertzeko
Alcala Meco-n
izan den presoari
galdetu
Hilabete bat zer den
haurdun dagoen
neska gazteari
galdetu
“Oroitzapenak
ahaztu ahal badira,
etorkizuna
gogoratu dadila”
Ordu bat ulertzeko
elkartzekotan
dauden bi maitaleri
galdetu
Segunduak zer diren
azkenengo hatsa
galdu duenari
galdetu
“Oroitzapenak
ahaztu ahal badira,
etorkizuna
gogoratu dadila”
Orainak lehena
atzean uztean
bide berri bat
hasten da.