Formatua: CD
Iraupena: 48' 51"
Argi kodea: NZP-011
PARTAIDEAK
SOINU TEKNIKARIA
Jose Lastra
GENEROAK
Popa, Elektronikoa, Post-punka
Split 77
2010 - Noizpop
Formatua: CD
Iraupena: 48' 51"
Argi kodea: NZP-011
PARTAIDEAK
SOINU TEKNIKARIA
Jose Lastra
GENEROAK
Popa, Elektronikoa, Post-punka
Aritz Aranburu (ahotsa eta gitarra), Ekaitz Hernandez (baxua), Iskandar Rementeria (sintetizadoreak) eta Natxo Carmona (bateria) laukoteak jarri zuen martxan Split 77, Bilboko Deustua auzoan. Lehen kontzertua Orduñan eman zuten, eta ondoren Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketan parte hartu zuten. Gaztea irratiak antolatutako maketa lehiaketan entzuleen saria jaso zuten 1998an, eta horrek eman zuen taldea ezagutzera. Carlos Creator musikari eta ekoizlearekin grabatutako lehen maketa hartan The Smashing Pumpkins eta The Velvet Underground bezalako taldeen eraginak jaso zituen laukoteak, baina urteak igaro ahala ukitu elektronikoagoa hartu du taldearen musikak.
Bilakaera horrek Antenna (Gaztelupeko Hotsak, 2002) diskoan izan zuen isla, zeinean programazioak eta sintetizadoreak erabili zituen laukoteak. Rocka eta elektronikoaren arteko uztarketaren bilaketan lehen urratsak eman zituen Split 77-k disko horretan. Hura argitaratu eta denbora gutxira, Eskoziako Go North jaialdian parte hartu zuen, Aberdeen hirian, eta jaialdiaren harira Music Week aldizkariak kaleratutako disko bilduman bilbotarren kantu bat agertu zen.
Bigarren diskoa, Mentura (Noizpop, 2004), “arlo guztietan berezia” izan zen, taldekideen hitzetan (1). Lehen diskoa egin zutenetik Joy Divisionen “Isolation” kantuaren moldaketa lantzen ari ziren eta hori izan zen, ingelesez abesturiko “Disconnect” kantuarekin batera, bigarren diskoaren abiapuntua. Haatik, hurrengo diskorako urratsak finkatzeko baliatu zuen taldeak Mentura-ren grabazioa. Horrela, musika elektroniko dantzagarriaren esparruan murgildu zen lehen aldiz, Jose Lastra teknikariaren laguntzaz erremixak landu zituen -Felix Daniel disko jartzaileak lehen diskoko “Aio Spaceboi“-ren moldaketa ere egin zuen-, eta Joy Divisionenaz aparte, beste bi bertsio grabatu zituen: Itoiz taldearen “Espaloian” eta Nico kantariak ezagun egindako “The Fairest of the Seasons“. Diskoak oso diseinu zaindua zuen, kartoizko azal trokelatuarekin, eta lehen argitalpeneko 600 aleak numeratuak ziren. Lan horrekin, besteak beste, Gasteizko Azkena Rock jaialdian parte hartu zuen 2005ean.
Bi urte geroago Natxo Carmonak taldea uztea erabaki zuen, eta haren ordezkoa aurkitu bitartean geldirik egon zen Split 77. Azkenean David Rodriguez Deibol-ek hartu zuen Carmonaren lekua eta harekin hasi ziren Split 77 (Noizpop, 2010) prestatzen. Taldearen izena jarri zioten hirugarren lanari, “geure buruarekin zintzoak eta fidelak izan garelako” (2). Taldearen bi alderdiak batzen ditu, elektronikoa eta rockeroa. “Oinarri elektronikoaren gaineko jarrera rockeroa” duen taldea da Split 77.
Hirugarren diskoa Euskal Herriko hainbat lekutan aurkeztu zuten: Bilbon, Ondarroan, Tolosan, Arrasaten, Donostian, Larrabetzun, Andoainen, Gasteizen, Heletan (Euskal Herria Zuzenean jaialdia)… Baita Espainiako zenbait tokitan eta Vic-eko (Katalunia) Mercat de Musica Viva jaialdian ere. Split 77-ren azken sorkuntza “Txiki txikia” haur kantuaren moldaketa izan da. Taldearen webgunean entzun eta doan jaitsi daiteke.
Split 77-tik kanpo, Ekaitz Hernandez baxu jotzailea Txuma Murugarren kantariaren taldeko kidea izan da eta haren disko gehienetan parte hartu du.
Testua: Jon Eskisabel