2019.06.11
Tu-k

Tu-k

  • 1985 - 1989
  • Ondarroa (Bizkaia)
  • Popa

Tu-k taldea Ondarroa herrian sortu zen, 80. hamarkada erdialdean, Itoiz, Talking Heads, Echo & The Bunnymen edo Bauhaus bezalako taldeen eraginarekin. Tu-k bandaren izen bitxia erritmo kaxen soinu batetik hartuta dago (“tu, tu, tu, tu-ka..”). Hasieran, Josu Aranbarri (baxua eta ahotsa), eta Txomin Uribe (ahotsa, erritmo kaxa eta gitarra) bikote bezala hasi ziren, gero Ander Ibarloza (tronpeta) sartu zen eta bigarren maketarako kide berriak batu ziren taldera, Bernard (gitarra) edota Justo Urkiri (teklatuak). 1987. urteko maiatzean, lehen kontzertua eskaini zuten eta, urte bukaerarako, maketa bat prest zuten, Existentzia (1987). Maketa horretan sei kantu dotore hauek bildu zituzten: “The sun lies down, “Azken?”, “Norbait”, “Existentzia garden batek”, “Pornografiaz” eta “Beste uri bat besterik”. Josuk idatzitako “Azken?” ezezik, beste letra guztiak Kirmen Uribe poeta gaztearen obra ziren.

1989. urtean, bigarren maketa atera zuten, Beltza (1989). Lau kantu berriak lasaiagoak ziren, ilunagoak, pop musikaren esparrutik, rockerantz bideratuz, taldearen soinua gogortuz.

1990. urtean, Tu-k taldeak kontzertu pila eman zituen, batez ere, Gipuzkoa eta Bizkaia aldean. Zuzeneko horietan distortziorantz jo zuten, martxa gehiago eskaintzeko zaletuei. Jada, kantu poperoenak ez zituzten jotzen. Garai hartan, helburu nagusia bateria jotzaile finko bat lortzea zen, disko bat kaleratzeko asmoz. Ez zuten maketa gehiago grabatu nahi, mini Lp edo maxi single bat nahiago zuten. Azkenean, diskoetxe ezberdinekin hitz egin ondoren, Elkar zigiluarekin sinatu zuten. 1991. urtean, Tu-k taldekoek Piztiak izen berria aukeratu, “Beltza” kantu zaharra berreskuratu eta Huts nazazu (1991) kaleratu zuten.