2021.03.25
Zarama

Zarama

  • 1977
  • Santurtzi (Bizkaia)
  • Punka, Rocka
Zarama Santurtzin sortu zen (Bizkaia), 1977. urtean. Hasieran, taldekide dezente pasatu ziren taldetik, harik eta 80ko hamarkadaren hasieran egonkortu zen arte. Hastapenetako urte zalapartatsu horietan, euskarazko rockaren aitzindaritzat jo zuten. Hertzainak taldean gertatu zen bezala, Roberto Moso abeslariak euskaraz ikasteko erabakia hartu zuen taldean abestu ahal izateko. Zaramak (bizkaieraz, zaborra) izandako lehen talde iraunkorra honako hauek osatu zuten: Roberto Moso (ahotsa), Ernesto Alaba (bateria), Jesus Alonso Txus (gitarra) eta Javi Alvarezek (baxua).
414
Bildur naiz” izan zen taldeak grabatu zuen lehen kantua. Itziarko (Gipuzkoa) Mandiope dantzalekuan Euskal Musika 80 lehiaketan bigarren sailkatzeagatik zegokion saria izan zen. Garai hartan ugariak ziren horrelako sariketak, eta rock talde hasiberri askok bide hori hartu zuten: Ziper, Hertzainak, La Polla Records eta Zaramak, esaterako. Kantua lehiaketaren izen bereko bilduman argitaratu ostean, beste pauso txiki bat eman zuen taldeak: Nahiko single mitikoa grabatu zuen. Alde batean, “Nahiko” kantua, eta bestean, “Ezkerralde“. Lan hori argitaratzeko, gerora zeresan handia eman zuen diskoetxe baten babesa izan zuen Zaramak,Discos Suicidas zigilu independentearena. Oscar Amezagak (Muskaria aldizkariko sortzaileetariko bat) anaiarekin batera sortu zuenDiscos Suicidas, hain zuzen ere Zaramaren kantuak argitaratzeko. Jean Phocas soinu teknikaria eta Errobi taldeko orduko baxu jotzailea arduratu zen diskoa grabatzeaz. Diskoa grabatzearekin batera, etenaldi bat izan zuen taldeak, Espainiako armadarekin soldadutza egitera joan beharrak eraginda. Garai hartako musika taldeen buruhauste handienetariko bat izan zen soldadutza, baita talde askoren amaiera ere. Zaramak, ordea, aurrera jarraitu zuen.

1983an argitaratu zuen taldeak bigarren singlea, “Zaramaren erdian” eta “Gasteizko gaua” kantuekin (1976ko martxoaren 3an hil zituzten langileen omenez egindakoa hori). Ordurako, Zarama lehen diskoa argitaratzeko prest zegoen, eta luze gabe atera zuen.

825

Lehen diskorako promozio argazkia.

Indarrez (Discos Suicidas, 1984) izan zen taldearen iraupen luzeko lehen diskoa. Zaramaren garairik indartsuena islatzen du. Pixkanaka musika tresnak ondo jotzen hasiak ziren santurtziarrak, eta, kontzertuetan eskarmentua lortuta eta taldearen egoera ona izanik, disko indartsua egin zuten. Izenak berak energia hori transmititzen zuen. Bertan daude lehen garaiko kantu esanguratsu asko, tartean Gasteizko gaua“, “Goazen borrokara” eta “Itxoiten” ereserkiak. Disko horretarako, Angel Altolagirre (Negativo taldean ariturikoa eta orduan Alaska abeslariaren gitarrista zena) hartu zuten produktore lanerako, eta azken emaitzan eragin nabarmena izan zuen. Zaramaren lehen diskoa Hertzainak eta La Polla Recordsen estreinakoen garai berean atera zen. Laster eztanda egin behar zuen mugimendu baten lehen erreferentziak ziren hirurak. Urte berean, 1984an, Egin egunkariak antolatutako lehiaketan Zaramak lortu zuen boto gehien Bizkaiko taldeen artean, eta, horren ondorioz, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian egindako jaialdian jo zuen, Hegoaldeko beste hiru lurraldeetako irabazleekin: Hertzainak (Araba), RIP (Gipuzkoa) eta Barricada (Nafarroa).

Gaua apurtu arte (Discos Suicidas, 1986) izan zen estudioko hurrengo lana. Alta, aurretik Altos Hornos de Vizcaya taldeko Antonio Curiel El Curi abeslariarekin partekatutako diskoan hartu zuen parte Zaramak. El Curi Valladolid (Espainia) hiriko semea zen eta musika abentura askotan aritu zen gerora. Taldearen soinua indartu nahian, Tontxu Tabares gitarristak lagundu zuen taldea bigarren diskoan, baita ondoren kontzertuetan ere. Diskoa Frantziako Landetan grabatu zuten, garai hartan euskal talde ugarik egin zuten bezala. Rock diskoak grabatzen esperientzia handiagoa zuten Landetan, eta, kalitatearekin alderatuta, merkea zen han grabatzea.

Dena ongi dabil (Elkar, 1988) hirugarren diskoan onena eman zuen Zaramak, taldekideen ustez. Aipagarria da diskoari izena ematen dion kantua, Josu Exposito Eskorbuto taldeko kideak egin baitzuen (garai batean, 1977tik 1980ra bitartean, Zaramako baxu jotzailea izan zen Exposito). Disko horretan, Expositoren beste kantu bat ere badago: “Elkarrekin“. Disko biribila izan zen Dena ongi dabil. Diskoetxeak bultzada handia eman zion diskoari, eta bertan bildutako kantu esanguratsu eta ederrak ziren aurkezpen txartel hoberena. “Bihotzak sutan“, “Maiatzaren lehena“, “Kilikiz ‘kil’ nazazu” eta diskoari izena ematen zion kantua egin ziren ezagunenak. Behin baino gehiagotan berrargitaratu dute, baina, hala ere, ez da taldeak gehien saldu duen diskoa.

265

Irun, 1986. (Jon Iraundegi)

Diskoaren arrakastak bultzaturik, Bostak bat (Elkar, 1990) laugarren diskoan giro berriak asmatzeko ahalegina egin zuen taldeak, neurri batean hasierako zarata eta abiadura alde batera utziz. Diskoak hamar kantu zituen, eta horietako batean, “Txakurremea” izenekoan, David Bowieren musika erabili zuten. Bide horri eutsi zioten hurrengoan, Sexkalextrik lanean (Elkar, 1991). Teklatuek leku nabarmena hartu zuten lan horretan, eta “Iñaki, ze urrun dagoen Kamerun” eta “Zoaz Euskal Herrira“, kantuek oihartzun handia lortu zuten. Euskal Herriko musika panorama ordurako ez zen hasierakoa eta Zaramaren musika ez zen garai batean bezain oldarkorra eta indartsua. Talde gazteek gogor jotzen zuten eta Zaramaren musika biguntzen hasia zela esan daiteke. Horren arrazoi nagusietako bat teklatuak sartzea izan zen, eta, batez ere, bestelako musika estiloak saiatu izana.

Binilo bala diskoan, ordea (Elkar, 1994), gitarrek garrantzia berreskuratu zuten. Erraietara itzuli zen taldea eta Tontxu Tabares arduratu zen diskoa ekoizteaz. “Nahiz eta batzuetan beste estilo batzuekin ibili, benetako orduan gehien gustatzen zaiguna eta gure benetako emaztea rock&rolla da” (1). Urtain boxeolariaren omenez eginiko kantua eta Asturiasko (Espainia) Los Berrones taldearen “Txatxo” kantuaren bertsioa nabarmendu ziren lan honetan. Hala ere, Binilo bala izan zen Zaramaren estudioko azken diskoa.

Taldeak Santurtzin eman zuen azken kontzertua, 1994ko Ibilaldiaren barnean, non milaka euskaltzale gaztek bat egin zuten Zaramaren hilotza lurperatzeko. Tontxu Tabares (gitarra), Joseba Lafuente (teklatua), Roberto Moso (ahotsa), Txus Alonso (gitarra), Alfonso Herrero (baxua) eta Ernesto Alabak (bateria) osatu zuten azken Zarama, baina taldean aritutako hainbat musikari eta lagun gonbidatu zituzten agurreko kontzerturako.

410

Zaramaren azken kontzertua, Santurtzin (1995).

2009ko otsailean Zaramaren itzulera iragarri zuen Roberto Mosok, eta apirilaren 18an lehen kontzertua eman zuen Bermeoko Kafe Antzokian. Taldearen bigarren aro honetan Tontxu Tabares (gitarra), Joseba Lafuente (teklatua), Roberto Moso (ahotsa), Javi Alvarez (baxua) eta Ernesto Alabak (bateria) osatu zuten Zarama. Abuztuaren 18an Bilboko Aste Nagusian emandako kontzertua grabatu eta Zarama zuzen! zuzeneko disko eta DVDan argitaratu zuten (Elkar, 2009). Ondoren, Johnny Cashen omenez argitaratutako Beltza. Bye, bai Cash (Gaztelupeko Hotsak, 2011) diskorako “Jon & Johny Cash” kantua sortu zuten, eta kantu hori bera Sinestezina (Baga-Biga, 2013) disko laburrean argitaratu zuten, beste bi kanturekin batera: The Easybeats taldearen “Bring a Little Lovin’” eta “Sinestezina“.

ZARAMA

Zarama (2009).

Abestien hitzetan umorea eta kritika soziala uztartu ditu beti Zaramak, amodio eta desamodioari buruzko kantuak ere tartekatuz. Abestietako hitz gehienak Roberto Mosoren burutapenetatik atera dituzte, baina Xabier Montoia, Jon Mirande, Xabier Euzkitze,Joseba Egiguren eta Jorge Cerrato idazle, kazetari eta adiskideen hitzak ere erabili dituzte kantuak osatzeko unean. Era berean, bideogintzan ere muturra sartu dute, besteak beste Manolo Gil, Jesus Mari Arruabarrena eta Mikel Clemente bideogileen esku jarriz euren kantuak. Azkena, “Sinestezina” kantuaren bideoklipa izan da.

Roberto Mosok Loreak Zaraman. Rock erradikal egunak (Hilargi Edizioak, 2004) liburuan bildu zituen Zaramaren garaiko pasarte eta pasadizo ugari. Hor, emandako kontzertuak gogoratzeaz gain, taldearen inguruko abenturak eta garai hartako bizitza soziopolitikoa islatu zituen, Mosok ohikoa duen idazkera azido eta umoretsuarekin.

Zaramaren kantu batzuen bertsioak ere egin izan dituzte. Esaterako, Betagarritaldeak, 80/00 diskoan, “Bihotzak sutan” kantua moldatu zuen, eta “Iñaki, ze urrun dago Kamerun” ETBko umeentzako karaoke saioetako kantu izarra izan zen urte askoan.

Hertzainak, Itoiz eta Errobi taldeekin egin bezala, Elkar diskoetxeak taldearen lehen sei diskoak kutxa batean bildurik argitaratu zituen 2004an, eta Discos Suicidas zigiluak Zaramaren erdian bilduma osatu zuen taldearen lehen bi diskoetako kanturik esanguratsuenekin.

Testua: Koldo Otamendi

  • (1) Euskaldunon Egunkaria, 1994ko urtarrilaren 13a

Maiatzaren lehena

Badator, hemen dago
gure azken bultzada
irabazi arte
ukabilak altxa
Hiru munduak ba
mundu baten bildu
etorkizun beltza
orain gorriz margotu.

Herri guztietan
zuloak prestatu
Inperialismoa
itsasoan hondatuz
Maiatzaren lehena
iraultza ala hil.

Bi pauso aurrerantz
bat bakarrik atzerantz
langile kaleratua
patroia sokan.
Erakuntza eta indarra
klaseko elkartasuna.
Ez dute aldatuko
gure norabidea.
Bidean gelditu
zirenen omenez
herriak ez du ahanzten
eta ez du barkatuko.

Belaunikaturik
bizitzea baino
beti izango da hobe
zutik amaitzea.
Lurra izan beharko
lantzen duenarentzat
munduko langile
Elkar gaitezen ba!
Maiatzaren lehena
iraultza ala hil.