2019.12.18
Zein?

Zein?

  • 1997 - 2008
  • Sopuerta (Bizkaia)
  • Rocka

Zein? rock taldea Barakaldo eta Sopuerta herrien artean sortu zen, 90. hamarkada bukaeran. Ama Say taldea desegin zenean, Gontzal Bilbao eta Karlos Alonso musikariek talde berri bat eratu zuten Kepa Bilbao (ahotsa ta gitarra) eta Lino Prieto jaunaren (gitarra) laguntzaz. 1997. urtean, “Bautista Basterretxe” kantu herrikoiaren moldaketa bat egin zuten Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan bildumarako. Sei urte beranduago, 2003. urtean, Zein? taldearen lehen diskoa agertu zen, Seiehun eta bi. Ordurako, Julio J. Ortiz eta Joakin G. Picaza (Ama Say) musikariek hartua zuten Karlosek eta Linok utzitako lekua. Zein? taldekoek rock erritmoekin jolas egitea gogoko zuten, pop, blues edota noise nahasketak gordinak lortuz. Seiehun eta bi izenburuaren atzean istorio bitxia dago, izan ere, Gontzal Bilbaoen bi seme alabek, kasualitatez, erietxe bereko 602 gelan jaio baitziren.

ZEIN?

Kepa Bilbao, Gontzal Bilbao, Julio J. Ortiz eta Joakin G. Picaza, Zein? taldeko kideak.

2004. urtean, Zein? taldekoek, Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketa barruan, Euskal Talde Onenaren saria irabazi zuten eta bere bigarren diskoa, Photograma (Metak) ekoiztu Ondarroako I.J.M. estudioetan. 2008. urtean, Zein? taldearen hirugarren lana agertu zen, Ahari talka, Noizpop zigilupean. Pop rock musikaren aldeko apustua eginez, melodiak eta gitarra indartsuak jaso zituzten, psikodelia eta giro ilunagoekin. “Guk ez dugu musika bitxirik egin nahi, gure asmoa sentitzen duguna transmititzea da. Bilbo aldeko Ezkerraldean bizi gara, leku ezerosoa, lantegi asko dituelako eta, euskara aldetik, nahiko eskasa. Alde horretatik, talde txikia gara, baina euskal kulturari gure hondar aletxoa eskaintzeko ahalegina egiten dugu”.

Atzera

Mapak (Bonberenea, 2005-05-21)

Aukera bakarra

Ez da negar egiteko unea,
ezta atzera begiratzekoa,
hemendik alde egin behar dugu,
ahalik eta azkarren,
ahalik eta azkar...
Odol ttanttak, izerdi lehuna,
barneak irtengo zaizkit eta.
Sirenak entzuten hasi ditut, neska!!
Goazen, maitea!!
Azken batean, amaiera,
gure zortea aldatu da,
azken batean, amaiera,
gure zortea aldatu omen egin da!!
Nola asmatu nezakeen ba,
piparekin zebilela?
Segundu batean dena ondatu dela?
Ez da posible, ezinezkoa,
bihotza bortizki kolpeka ari da,
jada ezin dut ongi ikusi,
sute honek hilobira narama,
goazen, maitea...
Azken batean, amaiera,
gure zortea aldatu da,
azken batean, amaiera,
gure zortea aldatu omen egin da!!
Bideak itxita daude, irtengo gara leihotik,
aukera bat daukagu, maitea!!
Goazen azkar, salto egin!!