2019.02.18
Zorion Egileor

Zorion Egileor

  • 1948
  • Mundaka (Bizkaia)
  • Kantautorea

Atzera

Ikurrin zaharra
 

Ikurrin zaharra

1977 - Movieplay



Formatua: SG


Argi kodea: Kardantxa 021266/9


SOINU TEKNIKARIA

Joaquin Torres, J.C. Trigo


Musika moldakuntzak eta zuzendaritza: Horacio Icasto

Produkzio arduraduna: Felix Linares

Produkzio zuzendaria: Gustavo Ramudo


GENEROA

Zorion Egileor (Mundaka, Bizkaia, 1948) arte eszenikoen alorrean eginiko lanagatik egin da ezagun batik bat -besteak beste, El florido pensil antzezlanean, 80 egunean eta Zorion perfektua filmetan eta Goenkale telesailean parte hartu du-, baina musikak ere garrantzia handia izan du bere ibilbide artistikoan. 70eko urteetan musika, kazetaritza eta antzerkia uztartu zituen, harik eta hamarkadaren amaieran, antzerkiko profesional bihurtu zen arte.

Egileor musikari lotutako familia batean jaio zen, eta gaztetatik musika ikasi zuen. Batxilergoa amaitzearekin batera, kontserbatorioko ikasketak ere bukatu zituen eta Madrilera joan zen kazetaritza eta musikari lotutako ikasketak egitera. 1971ko udan, berriz, jaioterrira itzuli zen, eta Euskal Herrian euskal kanta berriaren mugimendua puri-purian zegoela ezagutu zuen. Uda hartan bertan, Santurtzin Festival del Abra musika jaialdia antolatu zuten, eta hiruzpalau kantu idatzita zituela-eta, lagun batzuekin batera, aurkeztu egin zen. Natxo de Felipek (Oskorri) jaso zuen lehenengo saria, artean bakarlari gisa, eta Zorion Egileor bigarren sailkatu zen. Hortik oso egun gutxitara, Bartzelonako EMI-Odeon diskoetxearen deia jaso zuen hiru disko grabatzeko proposamenarekin.

Bartzelonara abiatu zen berehala Egileor, eta han Bizi beti euskerea / Limosnatxu bat (1971) singlea grabatu zuen. Diskoak izugarrizko arrakasta lortu zuen Euskal Herrian, eta Egileorrek kantaldiei ekin zien berehala. Besteak beste, Estitxu, Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundirekin batera aritu zen zuzenean, eta Herrialde Katalanetan ere abestu zuen, Guillermina Motta eta Pi de la Serrarekin batik bat. 1971-1972 biurtekoan beste bi single grabatu zituen EMI-Odeonentzat: Ez / Zu izanziñean (1971) eta Ama / Polita…? (1972)

Garai berean Bilboko Herri Irratian saio bat egiten hasi zen, eta Akelarre antzerki taldean ere buru-belarri ari zen, hala aktore lanetan, nola antzezlanetarako musika idazten. Francoren heriotzarekin batera, beste saio batzuk egiten hasi zen Herri Irratian (Lagun artean), eta Bilboko Aste Nagusiaren sustatzaileetako bat izan zen. Baina ez zuen musika utzi eta jarraitzen zuen kantaldiak eskaintzen.

1977an Movieplay diskoetxearen eskaintza jaso eta Madrilera abiatu zen Egileor. Han grabatu zuen Herriari disko luzea, baina “amaitu baino lehen” argitaratu zutela salatu du kantariak berak. Ez zen gustura gelditu emaitzarekin, eta garai hartan antzerkiak asko deitzen zionez, musika alde batera uztea erabaki zuen. Orduz geroztik, bikoizketa lanak egin ditu eta batik antzerkian, telebistan eta zineman egin du lan. Segitzen du noizbehinka kantuak idazten, baina lagun artean baino ez ditu jotzen.

Testua: Mikel Lizarralde