HISTORIA

Euskal rock-and-rolla

2171

Rock-and-rolla 1954. urtean jaio zela esaten da, baina aitatasuna ebazterakoan ez dira ados jartzen historialariak. Batzuen arabera, Bill Haley & The Cometsek “Rock Around The Clock” grabatu zuten egunean sortu zen. Kantu hura rock-and-rollaren historiako lehen arrakasta handia izan zen, Richard Brooksen Blackboard Jungle filmaren oihartzunari esker. Historialari gehienek, ordea, Elvis Presleyren “That’s All Right Mama” hartzen dute XX. mendeko kultur fenomenorik zabalduenaren abiaburutzat. Musikari beltzen rhythm and bluesa eta zurien countrya uztartzetik sortutako soinu berriak aldaketa soziala ekarri zuen, errebeldian oinarritutako identitate kolektibo bat ernatu zuen, ikonografia berri bat sortu, kontsumo gizartearen beste zimendu bat ipini…

Euskal Herrira rocka ez zen 70eko hamarkadara arte iritsi, eta gehienbat irratiaren bidez heldu zen. Artean bakanak ziren diskoak eros zitezkeen dendak, eta horiek Ipar Euskal Herrian zeuden. Hegoaldean, Francoren diktadurak ez zuen nazioarteko modernitatearen arrastorik sartzen uzten, baina ezer gutxi egin zezakeen frontoietan antolatzen ziren kantaldietan ozen zabaldutako aldarrikapen eta salaketa mezuen oihartzuna isilarazteko. Testuinguru horretan plaza taldeek hartu zuten atzerriko rock taldeen kantuak dantzaldien bidez gizarteratzeko lana. Aldi berean, Ez Dok Amairu desegin ondoren bakarka jarraitutako kantariek (Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi…) eragin handia izan zuten belaunaldi gazteek ingelesez abesteko tentazioari itzuri egin eta euskaraz abesteko erabakia har zezaten. Haiek hasi ziren Donovan, Jacques Brel eta abarren kantuak euskaraz kantatzen, eta gazteentzat aurkikuntza handia izan zen musika modernoa eta euskara lotu zitezkeela jakitea. Hala aitortzen du Anje Duhaldek Euskal rock’n’roll. Histoire du rock basque liburuan: “1970eko gau batean joan nintzen Lertxundiren entzutera. Ustekabean Donovanen kantu bat euskaraz abestu zuen. Orduan amerikar folk eta rock asko entzuten nuen, baina ez nuen sekulan pentsatuko hango harmoniak euskal kantuarekin uztartzen ahal zirenik. Gau hartan hori ulertarazi zidan Lertxundik”. Antzeko mintzo da Bernardo Atxaga idazlea Pays Basque et culture. Le réveil du hérisson (Andre Gabastou) liburuan.

Duhalde da, hain zuzen, euskal rockaren sorreran parte hartu zutenetako bat. El Fuego izeneko plaza talde batean aritu zen, Mixel Ducaurekin batera lehen euskal rock taldea, Errobi, sortu aurretik. Gure kantagintzaren tradizioa, garai hartako folk-rockaren eraginak eta Daniel Landarten hitz engaiatuak biltzen zituen Errobik. Baionan sortu arren, Hego Euskal Herrian egin zituen kontzertu gehienak, eta urte gutxi batzuk geroago rockak izango zuen gorakadari bidea zabaldu zion.

Ordurako, euskal rockak bazuen bere ereserkia, artean argitaratu gabea: “Euskal rock n’ roll“. Parisen ikasle bizi zela idatzi zuen Niko Etxart kantari zuberotarrak, 1969an, Woodstocken (AEB) rockaren historiako jaialdirik ospetsuenetako batean Joan Baez, Creedence Clearwater Revival ,The Who, Jimi Hendrix, Crosby, Stills, Nash & Young, Jefferson Airplane, Janis Joplin eta abar ikustera milioi erdi lagun batu zen urte berean. Haatik, 1979. urtera arte ez zen argitaratu izenburu bereko disko txikian. Laster, belaunaldi batentzat, euskal rockaren sinbolo bihurtu ziren kantua eta Niko Etxart. Parisetik Euskal Herrira itzulita, 1972an, rock abeslari izatea eta euskaraz abestea erabaki zuen Etxartek.

Rock progresibo edo sinfonikoaren garaia zen. Pink Floyd, Yes, King Crimson, Genesis, Emerson, Lake & Palmer eta beste hainbat taldek modan jarri zituzten konposizio luzeak, konplexuak eta handinahiak, eta birtuositate instrumentala. Rocka -edota folka, zenbait kasutan- musika kultuarekin edota jazzarekin uztartzen zituzten; kontzeptu edo hari baten inguruan garatzen zuten maiz sorkuntza, eta zuzeneko emanaldietan beste baliabide batzuk eransten zizkioten: irudien proiekzioa, antzezpena… Euskal Herriko musikari gazteak ez ziren Europa osoan zabaldutako joera indartsu horren eraginetik kanpo geratu -Franco hil ondotik, rock musikaren kontsumoa normalizatzen hasi zen-, eta eredu anglosaxoiaren ispiluan begiratu ziren beren taldeak sortzeko. Aurretik aipatutakoez gain, Itoiz, Enbor, Lisker, Magdalena, Sakre, Koska edota Zen taldeek osatu zuten euskal rockaren lehen belaunaldia, 70eko hamarkadaren amaiera aldera. Itoizek izan ezik, talde horiek gehienez pare bat disko grabatu zituzten, sortu berriak ziren diskoetxeetan (Xoxoa, IZ, Elkar), eta 80ko hamarkadaren hasieran desagertu ziren.

Lehen rock jaialdiak antolatzen hasi ziren, Lekeitioko Rock Gaua, Mairulegorretako leizeetako jaialdia Gorbean, edota Lemoizko zentral nuklearraren aurkakoa, Aixerrotan, 1981eko abuztuaren 28an, non Niko Etxart, Magdalena eta Zarama taldeek hartu zuten parte.

Garai bertsuan, baina, rock sinfonikoaren joera nagusitik aparte, euskal kantagintzaren tradizioa eta rockaren modernitatea euskal literatura garaikidearekin uztartuko zituen kantari bat sortu zen: Ruper Ordorika. Haren lehen diskoak, Hautsi da anphora (1980), aro berri bat ireki zuen.

Testua: Jon Eskisabel

2014.04.25