HISTORIA

RRV-ren eztanda

2195

Rock Radical Vasco deituriko mugimenduaren barruan, 1983. urtetik 1990. urte bitartean, herriz herri jotzen ibili ziren Euskal Herriko zenbait musika talde eta haien inguruan sortutako azpiegitura (diskoetxeak, gaztetxeak, irrati libreak…) sartu ziren. RRVk ez zuen musikalki norabide zehatz bat izan, nahiz eta rock eta punk sustraiak nagusitu ziren mugimenduan. Talde guztiak Euskal Herrian sortuak ziren, eta erradikaltzat jotzen ziren haien kantuen hitzak eta jarrera. Besteren artean, Zarama, Hertzainak, Kortatu, La Polla Records, Barricada, Cicatriz eta Vomito taldeak sartu zituzten hizki haien azpian, baina askok muzin egin zioten izendapen hari. Talde gehienek gaztelaniaz abesten zuten.

Rock Radikal Vasco delakoa etiketa bat balitz bezala agertu baino lehen, Euskal Herrian bazen kutsu erradikaleko rocka, nahiz eta, oro har, bide laburrekoa eta diskografia aldetik eragin gutxikoa izan. 1977an hasi ziren lehen punk-rock taldeak sortzen gurean, nagusiki Ingalaterratik zetozen doinuei jarraiki. Geografia osoan sakabanaturik zeuden, oso baliabide eskasak zituzten, eta emaitzak ere horrelakoxeak izan ziren. Punkaren filosofiari loturik, musika egiteko ez zegoen instrumentu bat jotzen jakin beharrik, eta laster batean sortzen (eta desegiten) ziren hastapenetako talde haiek: Odio, Basura, Vulpess, Optalidon, Cirrosis edo Doble O (gerora RIP izango zena) izan ziren talde aitzindarietako batzuk. Horrela, 80ko hamarkadaren hasieran sortu eta sendotzen hasi zirenetatik, honako talde hauek egin zuten aurrera: Araban, Hertzainak eta La Polla Records; Bizkaian, Zarama, MCD eta Eskorbuto; Iruñean, Barricada; Gipuzkoan, RIP, Kortatu, Vómito, Bap!!… Ipar Euskal Herrian berriz, RRVk ez zuen apenas eraginik izan.

RRV ez zen bere kabuz sortutako mugimendu bat izan, edo, behintzat, ez zen musika taldeek beraiek kontzienteki sortutakoa izan. Izan ere, urte luzeetan zeresana eman zuen etiketaren sortzaileetako bat, lehendabizikoz jendaurrean aipatu zuena, Jose Mari Blasco kazetaria izan zen (garai hartan Soñua diskoetxean zebilen eta La Polla Records taldearen managerra zen). 1983. urteko urriaren 11n, Egin egunkariak musikari eskainitako Plaka-Klik orrietan idatziriko artikulu batean erabili zuen aipaturiko definizioa estreinakoz: «Nahi izan edo ez izan, Euskal Rock Erradikala jada errealitate bat da, eta horren barruan ez dira soilik aurretiaz aipaturiko taldeak biltzen, horiek izan arren esanguratsuenak, baizik eta askoz talde gehiago». Hala ere, Marino Goñiren arabera, “Iruñeko Jarauta kaleko lau pertsona izan ginen kontzeptu berria formulatu genuenok gure mugen barruan eta kanpoan ezagutzera emateko alderdi musikal hutsa gainditzen zuen mugimendu hau” (1).

Artikulu hori idatzi eta berehala, nuklearren kontrako jaialdi ikusgarri bat egin zuten Tuteran (Nafarroa), eta RRV zeritzon haren adierazgarri garbia izan zen. 1983ko urriaren 22ko jaialdi hartan, ordura arte sakabanatu samar zebilen makina bat talde esanguratsuk (Barricada, Zarama, Eskorbuto, Hertzainak, La Polla Records, RIP, Basura…) bat egin zuten, musikalki zein filosofikoki, NATOren, inperialismoaren, energia nuklearraren eta, funtsean, ezarritako gizarte ereduaren kontrako jarrera agertzeko. Kaleetan ernaltzen ari zen, eta, gehienbat, musikaren bitartez bideratzen ari zen mugimendu baten izozmendiaren muturra erakutsi zuen Tuterako kontzertuak.

Blascorekin batera, Marino eta Patxi Goñi anaiak izan ziren RRVren asmatzaile eta bultzatzaile nagusiak. Urte haietan Soñua diskoetxean zebiltzan, eta egun Gor zigiluan ari dira. Manifestu bat idatzi zuten, eta zaku hartan sartu zituzten une hartan giro berean mugitzen ziren talde horiek guztiak. Talde askok ez zuten bat egin ezarritako etiketarekin, baina beste batzuek ordea, hura onartu eta erabili egin zuten. Nahi eta nahi ez, hura onartu edo haren kontra egon, RRVk zer esan ugari eman zuen.

Txapelketak eta kanpainak
Egin
egunkariak -eta bereziki Pablo Cabeza kazetariak- garrantzi handia izan zuen RRVren zabalkundean. Izan ere, Egin-en orrialdeetan agertu ohi zen rock musikari buruzko tartea baliatu zuten RRVren sustatzaileek mugimenduaren izena eta filosofia lau haizeetara zabaltzeko. Norabide horretan koka daiteke, hain justu, Egin Rock Txapelketa, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako irakurleen talde gustukoenak aukeratzeko antolaturiko lehiaketa. Txapelketaren azken festa Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian ospatu zen, eta milaka gazte bildu ziren. Herrialde bakoitzeko talde bozkatuenak jo zuen jaialdin hartan: RIP (Gipuzkoa), Hertzainak (Araba), Barricada (Nafarroa) eta Zarama (Bizkaia).

RRVaren sendotze bidean jarritako beste oinarri pisutsu bat, berriz, 1985ean Herri Batasunak bultzaturiko Martxa eta borroka kanpaina izan zen, ekitaldi politikoak eta RRVren ideologiarekin bat egiten zuten taldeen kontzertuak uztartu zituena. RRVrekin gertatu bezala, talde askok ez zuten horretan parte hartu nahi izan, baina hala ere, arrakasta itzela izan zuen ekimenak. Martxa eta borroka-ren bidez, urte batzuk lehenago punk eta rock musikaren aurka (drogazaletasunarekin eta euskal nortasunaren ezabatzearekin lotuz) agertutako jarrera zuzendu zuen ezker abertzaleak.

RRVren sendotzeak eta kontzertuen zabaltzeak aldaketa handia eragin zuten denbora gutxian, eta hasieran nahiko baztertua eta hedapen txikikoa zen kontua milaka eta milaka gazteren bilgune bilakatu zen. Haietako kontzertu asko, herri mugimenduaren borrokari lotuak ziren, eta, horregatik, ez ziren falta izan presoen aldeko kontzertuak, Nikaraguaren aldekoak, soldadutzaren aurkakoak, edota tokian tokiko gaztetxe edo irrati libreen aldekoak.
Musika aldetik, ez zen mugimendu homogeneo bat izan. Era askotako musika estiloek bat egiten baitzuten hiru hizki horien azpian. Esaterako, Barricadak kaleko rocka jorratzen zuen, Kortatuk ska doinuak, Potatok reggaea, Vomitok rock iluna, Tijuana in Bluek alaitasuna eta eromena eta La Polla Recordsek punk-rocka. Musika baino, jarrera zen talde horien guztien lotura arteko nagusia.

Mugimenduak aurrera jarraitu zuen eta Euskal Herritik kanpo ere ezaguna egin zen. Horrek aukera eman zien taldeei gure mugetatik kanpo kontzertuak emateko. Zentzu horretan, dezente izan ziren Euskal Herritik kanpo aritu ziren taldeak, batez ere gaztelaniaz aritzen zirenak. Baina Kortatu, Hertzainak edota Jotakie Alemania, Herbehereak, Italia, Bretainia eta Frantziara ailegatu ziren. Bereziki aipagarria izan zen Euskal Rock izenpean 1985eko azaroan Bartzelonan ospatu zen makrojaialdia. RIP, Hertzainak (nahiz eta poliziarekin izandako zenbait arazo zirela medio ezin izan zuen kontzertuan parte hartu), La Polla Records, Kortatu eta Cicatriz taldeek 10.000 lagun erakarri zituzten.

Gaztelaniatik euskarara
Gaztelania izan zen RRVren hizkuntza nagusia, eta euskaraz saiatu ziren lehen taldeak, Zarama eta Hertzainak izan ziren. Kuriosoa da bi taldeon artean dagoen bide paralelotasuna, nahiz eta oso desberdina izan talde bakoitzaren bizi eremua. Biek ala biek erabaki antzeko bat hartu zuten: Euskal Herrian punka egiteko, euskaraz abestu behar zen. Horrela, bi taldeetako abeslariek, Xabier Montoiak (gerora M-ak taldean arituko zena) eta Roberto Mosok, hurrenez hurren, euskaraz ikasteari ekin zioten.

Badira ere gaztelaniatik euskarara jauzia egin zuten taldeak. Nabarmenena eta eredugarriena akaso, Kortaturen kasua izan zen. Hiru disko argitaratu eta gero, hain zuzen, ia erdara hutsez abesten zuten haiek euskaraz ziharduten Kolpez kolpe diskoan. Danba eta Bap!! taldeek antzeko bilakaera izan zuten.

Kantuen hitzei eta taula gaineko jarrerari zegokienez, berriz, salaketa eta probokazioa ziren nagusi, eta horrek harreman zuzena zuen garaiko testuinguru sozio-politikoarekin. Frankismoaren amaierak itxaropenezko argia piztu zuen arren, desilusioa eta inkonformismoa nagusitu ziren gazteen artean: langabezia, desindustrializazio basatia, soldadutza, errepresioa, askatasun falta, poliziaren oldartzeak, Elizaren boterea… Kantuek kaleko giroa adierazten zuten, kalean bizi zenaren ispilu argia ziren. Cicatrizen kantu batek ederto biltzen du garaiko sentipena: «Somos zombis mutantes inadaptados, automarginados seres, en un mundo de atrasados». Ezarritako gizartetik kanpo kokatzen zuten euren burua garaiko musika talde gehienek.

Diskoetxeak eta prentsa
RRVren sendotzea, ezinbestean lotu behar da garai hartan bizi zen egoera sozio-politikoarekin. Zuri-beltzean fotokopiaturiko fanzineen ugaltzeak, irrati libreen sareak eta okupazioaren bidetik eskuraturiko gaztetxeen mugimendu zabalak garrantzi handia izan zuten RRVren inguruko mugimendua izugarri zabal zedin.

Urte gutxira sortu ziren lehen rock diskoetxeak (Soñua, Oihuka, Discos Suicidas, Basati Diskak…), eta haiek kaleratzen zituzten diskoen berri emateaz arduratu ziren aldizkari espezializatuak (Muskaria) eta egunkarietako musika gehigarriak (Bat, Bi, Hiru, Devórame…). Egun, digitalizioaren eta teknologia berrien aurrerapenari esker gertatzen denaz bestera, garai hartan tarte handia zegoen diskoen eta maketen artean. Maketak disko bat izateko egin behar zuen bidaia logikoa zen.

Pixkanaka, rockaren inguruan modu undergroundean sortutako sarea (taldeak, grabazio estudioak, diskoetxeak, managerrak…) profesionalizatuz joan zen. Diskoetxeek (Elkar, IZ, Soñua…) grabazio estudioak ireki zituzten, eta han trebatu ziren lehen soinu teknikariak: Jean Phocas, Kaki Arkarazo, Angel Katarain… Ekoizpenaren arloan, Goñi anaiak izan ziren aitzindariak RRVren diskoetan. Halaber, lehen management agentzia sortu zen rockaren arloan: Matxitxa.

Erreferentziazko itzala
Tamalez, bestelako faktoreek ere eragin zuzena izan zuten RRVren belaunaldian, batik bat drogek. Asko izan ziren heroinaren ziztadapean edota gaindosien atzaparretan eroritako musikari eta jarraitzaileak. Une hartan heriotzatik libratu ziren beste asko, berriz, HIESaren birusak kutsatu zituen -artean ezezaguna baitzen-, eta urte batzuk geroago zendu ziren.

RRVren garaiko doinuak eta jarrerak erreferente bilakatu ziren Euskal Herri osoan, eta oraindik ere badira gazte askorentzat. RRVk bigarren aro bat izan zuen, musika talde ugari sortu ziren La Polla, Hertzainak, Eskorbuto edota RIP eredu zituztenak, Ingalaterra edo Estatu Batuetara begira egon gabe. Halaber, ugari izan dira kanpotik RRVri begira hazi diren musika taldeak: Reincidentes, Boikot, Ska-P edota Extremoduro, Espainian; Banda Bassotti, Italian; Mokoka, Frantzian… batzuk aipatzearren.

Data zehaztea zaila den arren, RRVren amaiera 90eko hamarkadan hasieran Euskal Herrian gertatu zen musika joera berrien sarrerari loturik dago ezinbestean. Hertzainak taldeak “Aitormena” kantua konposatu zuen unean, 1989an, amaitu zela dioenik ere bada.

Egun, 25 urte geroago, RRVren itzala luzea da Euskal Herriko musika talde, festa gune eta taberna askotan.

Eriz Zapirain-ek zuzendutako Salda badago dokumentalak RRVren hastapenak jasotzen ditu. Halaber, Espainiako telebista publikoak, TVE-k, ekoitzitako Aquellas movidas dokumental sortaren barruan, Rock Radikal Vasco la gran martxa de los ’80 izenekoa estreinatu zuen 2013ko otsailean.

Testua: Koldo Otamendi

  • (1) Entzun! 58. zenbakia 2008/2009
2014.04.25