Zirraragarri eta lotsagabe dator FLASH taldearen lehenengo diskoaren aurrerapen ikusentzunezkoa. Uda honetan kaleratuko da, LP formatuan, Londresen egoitza duen eta mundu mailako underground punk eta rock soinuetan erreferente nagusietako bat den La Vida Es Un Mus zigiluan.
Urola kosta eta Goierri artean 2020an sortuak, Brigada Criminal, Arrotzak, Oki Moki,…eta beste hainbat taldetan jardundako kideen proiektu berria da honakoa. Destilatu gabeko rockanrolla, gordina, zuzena eta urgentziaz beterikoa. Gitarrek gidatutako 11 abestiz osaturiko diskoak arrantzale herriko euskera kaletarra eta erdara nahasten ditu. “Nazkauta nitxiok”, “Incontrolable”, “Mundua neria dek”, “Bihotz gorrak” bezelako abestiek, norbanakoaren ahalduntzea, antiautoritarismoa, rockanrollaren goratzea, edota turistifikazioa bezelako gaiei lotsagabe abesten diete. Punk irmotasuna, hardcore intentsitatea, powerpop itsaskortasuna eta glam ikutuak, baina gainproduzitutako soinu modernoetatik at, zakar, pertsonal eta arriskutsu.
Ikusgai da diskoaren aurrerapen “teaserra”: https://youtu.be/5YwFNORv1eA