BERRIAren euskal musikaren ataria da BADOK, eta askotariko berrikuntzak izango ditu datozen hilabeteetan. Podcast bat ere jarriko du martxan aste honetan: ostegun honetatik aurrera, astero aireratuko dute Murmur musika podcasta. Lehendik ere izan zuen BADOK-ek podcast bat: Dunbala. Jagoba Salvadorrek eta Eneritz Furyakek aurkezten zuten lehenbizi, eta Salvadorrek jarraitu zuen gero. Baina duela bi urte bide hori eten egin zen. “Berrikuntzen abiaburua izango da podcast hau. Murmur proba bat izango da, etor daitekeenaren erakusle”, azaldu du Gorka Erostarbe BADOK-eko koordinatzaile eta podcast berriaren aurkezleak.

Sara Zozaia musikaria, Gorka Erostarbe MurMur saioaren gidaria eta Ander Mujika sintoniaren egilea eta musika teknikaria, lehen grabazioan. LARA MADINABEITIA
“Garaian-garaian sortzen ari den euskal musikaren talaia eta erakusleihoa izango da Murmur”, iragarri du Erostarbek. Bi atal izango ditu saioak, txandan-txandan: batean, musika nobedadeen inguruko informazioa emango dute, eta hiruzpalau kanta jarri. “Hor sortu daitezkeen loturak, oihartzunak eta bestelakoak azaltzen saiatuko gara, kantak jartzearekin batera”. Beste atala elkarrizketa bat izango da. “Normalean lan berri baten inguruan hitz egingo dugu sortzaile, musikari edo talde bateko kide batekin. Salbuespenak egon daitezke urteurren edo gertakizun berezi bati lotuta”.
Podcastaren bi atalak egun berean grabatuko dituzte, Azpeitian (Gipuzkoa), Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean, Dinamoa sormen gunean. Eta Badok-ek eta BERRIAren webguneak astero atal bat sareratuko dute: aste batean elkarrizketa, eta hurrengoan, nobedadeen ingurukoa. Ostegun honetan, estreinako atalean, Sara Zozaia musikaria elkarrizketatuko du Erostarbek —iazko udazkenean attä EPa kaleratu zuen Zozaiak—. Elkarrizketak ordu erdi ingurukoak izango dira., eta nobedadeen gainekoak, hogei minuturen bueltakoak.
Okerrik ez bada, podcast berriaren denboraldiak uztailera arte iraungo du. Izango dute zer kontatu. “Durangoko Azokaren produkzio uholdera iritsi gabe, baina udaberria sasoi emankorra izaten da. Aste Santutik sanjoanetara bitartean, musika argitalpen batzuk izaten dira, eta horiei erantzuten saiatuko gara”.
Erostarbe “gogotsu” dago egitasmoari heltzeko. “Urte askoan kultura gaiak lantzen aritu izan naiz BERRIAn. Musikaren alorrean aritzeko, zer hoberik podcast bat baino. Audioak aukera ematen du, gainera, musika entzuteko eta komunikatzeko. Komunitatea sortu, eragin eta biltzeko nahia ere badugu podcastean musikariak gurera ekartzean. Loturak kanten artean egitean ere bai. Eta BADOK-ek eragin dezake horretan”.
Murmur podcastaren sintonia Ander Mujikak sortu du. Haren lana nabarmendu du Erostarbek: «Musikaria da Mujika, eta Dinamoko soinu teknikaria ere bada. Mujika ariko da gurekin podcasta grabatzen, eta babes handia izango da niretzat. Musikaren alderdi ugari ezagutzen ditu, gainera». Atal bakoitza iragartzeko, bideo pilula edo amu batzuk grabatuko ditu Mujikak berak, nahiz eta podcasta soilik entzutekoa izango den.
Bestalde, Badok-ek betetzen duen funtzioa nabarmendu du Erostarbek: “Podcastaren aroan gaude erabat. BADOK-ek hor egon behar du, euskal musikaren atari nagusia izanik. Bada hor magma handi bat BADOK-en aurretik egindako entziklopedia lanean ere, eta horrek erraztasunak emango dizkigu podcasta egiteko. Gainera, belaunaldi berriekin konektatzeko modu bat ere izango da Murmur sortzea».
ATZERA