2018ko kantu kutunak IV

Jon Urzelai

2019.01.02
Hemen, orain - Drumkopters(Drumkopters)
play_button
add_button
Ezjakintasunaren kateak suntsitu - Broken Brothers Brass Band(Dut)
play_button
add_button
Arabaman - Bidelapurrak(Hitzak eta musika: Ander Solozabal)
play_button
add_button
Belar nerabean - Benito Lertxundi(Hitzak eta musika: Benito Lertxundi)
play_button
add_button
Don boogie on - Skabidean(Skabidean)
play_button
add_button
Ongi etorri Sankara - Suaia eta Ama Rebel(Hitzak: Gorka Suaia-Musika: Suaia eta Ama Rebel)
play_button
add_button
A2 - Guzural(Guzural)
play_button
add_button
Cayetana - NAU(NAU)
play_button
add_button
Instant bat - Mikel Uraken(Hitzak: Aiert Goenaga-Musika: Mikel Uraken)
play_button
add_button
Harrapakina - Killerkume(Killerkume)
play_button
add_button
Argitan jaulki, argitan aurki - Isuo ta Kezman
play_button
add_button

2018: zerbaiten beharrean, dena

Behin elkarrizketatu nuen musikari batek esan zidan, orokorrean, pertsona bat kontzertu batera musikaz gaindi dagoen beste zerbaiten bila joaten dela. Ekitaldiak nolabaiteko transzendentziarik izan ezean, bertan beste musikari batzuk, antolatzaileak, kazetariak eta halakoak besterik ez garela elkartzen.

Gaur, milurtea adin nagusitasunera heldu den honetan, oraina ere badiren iraganeko oihartzunek garrantzia izaten jarraitzen dute gurean. Mikel Laboaren betiereko itzulerak eta Fermin Muguruzaren etengabeko iraultzak - barkatuko digute Nietzsche eta Trotskik -  zeresana eman dute aurten ere; Benito Lertxundik ospakizun gau berri bat eskaini digu, Pott bandak ere bizirik dirauela adierazi digu Ruperren bakarkako lanaren eta hainbeste ustiatu ditugun Sarriren hitz eta oroitzapenen bitartez, eta Imanol Larzabal bera ere berreskuratzeko ordua iritsi zaigula dirudi. Adibideekin nahi beste jarrai genezake: Garik diska berria kaleratu du, Anestesiaren gorrotoak 25 urte bete ditu, Su Ta Gar taldeak 30, euskal rocka sortzeagatik Niko Etxarti mila esker eman dizkiogu eta bIDEhUTS kolektiboak beste edozein kulturatan pentsaezina zatekeen ertzeko zentraltasun bat izaten jarraitzen du gurean. Eta hori dena, tabernetan RRVa edo bere aldaerak entzun eta trikipopa berreskuratu dugun bitartean. Beti itzalpean egon diren musika eta guneek ere bidea egiten jarraitzen dute lurrazpian, edozein ekosistema kultural osasuntsurentzat ezinbestekoa den humusa zainduz. Doinu guztiak batera eta etengabe ditugu entzungai eta euskal musikaren izen handi gehienak oraindik ere gugan daude denoi arrotzak zaizkigun garai hauei kantari. Zonbiak bideoklip batean nola, istorio guztiak daude bizirik Historia hil omen zenetik jada hamarkada batzuk pasa diren honetan. Era berean, paralelismo erraz batez, rockak jantzi duen geure Euskal Historiaren amaiera ere atzean uzten ari garela esan genezake, geldo baina ezinbestean.

Bitartean, kimu berriak ere mintzo dira. Jaio dira Erraia eta Mukuru bezalako zigiluak, Salbatuko Gaituen Euskal Rapa (©) bere bidea egiten ari da, elektronika normalizatzen hasiak gara behingoagatik eta mundua konkistatzen ari diren kale musikei ere geure itzulpena ematen saiatzen ari gara, dela laborategian nola kalean bertan. Eta halere, nahiz eta oraindik euskal kontakizuna idazten diardugun, badirudi horretan musikak ez duela orain arteko zeresanik izango. Ala bai, ikusiko da. Mikel Laboa gurtzera iritsi bagara, Joseba Irazokiri ere bere ordua ere iritsi dakioke, nork daki. Kontua da zailagoa dirudiela elkarrizketatu nuen musikari hark aipatzen zuen beste zera hori euskalmusikan topatzeak. Nahiz eta 2018. urtean ia 200 lan argitaratu diren euskaraz eta Josu Amezagak bere doktorego tesian bildu zituen datuen arabera, duela 30 urte euskaraz plazaratu ziren lanak 17 besterik ez ziren izan.

Astuntasunetik arinkeriara pasa omen gara, edo astunkeriatik arintasunera. Nolanahi ere, Euskal Herriko musikaren aniztasuna inoizko handiena dela baiezta genezake beldur handirik gabe. Eraikitzeko dugunaren planoa inoizko lausoena da, baina horrenbeste pieza eta horren koloretsuak nekez izan ditugu inoiz mahai gainean. Dena posible izanagatik, denak ezinezko dirudien garaiotan, hari mutur horiek guztiek ziurgabetasuna sor diezaguketen arren, urtu zaizkigun heldulekuekin jolasean aritzeko abagune aparta ere bada musika zaleontzat. Zerbaiten beharrean, dena baitugu muturren parean.