2020ko kantu eta disko kutunak (V)

Iker Gurrutxaga

2021.01.07
Denbora(Bengo)
play_button
add_button
Gose - Deus Ez(Deus Ez)
play_button
add_button
Besamotza - Jah Goikoa eta Reggae Zaharra(Hitzak: Jakoba Errekondo-Musika: Joseba Tapia)
play_button
add_button
Esan ezin(Hitzak: Ianire Aranzabe-Musika: Ianire Aranzabe, Oriol Flores)
play_button
add_button
Besteek zer(Hitzak: Gartxot Unsain-Musika: Merina Gris)
play_button
add_button
Azalean - Anita Parker(Anita Parker)
play_button
add_button
Hegan (90eko bi bala) - Zetak(Zetak)
play_button
add_button
Itzala(Ezpalak)
play_button
add_button
Hormak apurtzea - Sua(Hitzak eta musika: Sua)
play_button
add_button
Diotenez - Petti(Hitzak: Harkaitz Cano-Musika: Petti)
play_button
add_button
Nana nana - Inun(Mikel Inuntziaga)
play_button
add_button
Suge gorriaren itzal luzea - Marmoka(Marmoka)
play_button
add_button

Hasteko eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot BADOK atariari niri halako ataka estuan jartzearren. Normalean alderantzizko egoeran izaten naiz eta ariketa hau oso aberasgarria izan zait. Zergatik? Bada kanpoan utzi behar izan ditudalako zerrendatuko nituzkeen asko eta asko. 2020 hau ez da izan urterik oparoena kopuruz, baina sekulako kalitatea duten lanak kaleratu dira gurean. Eta zer esanik ez euskaraz. Hartara, tranpa txiki batzuk egingo ditut aukeraketa egiterakoan, dozena banarekin motz geratzen baikara. Aipatu, baita ere, kantuak ez daudela gogokoenetik hasi eta hurrenkera horretan jarriak. Badaezpada. Gogokoenen zerrenda ordenatu bat egitea ia ezinezkoa iruditzen zaidalako.

DISKOAK

Liher — Hemen herensugeak daude (Egilea editore)
Transmedia proiektu zoragarri baten aurrean gaude. Diskoa bere horretan gozatzeko modukoa da, borobila, estilo aniztasuna soinu propioarekin lantzen duena. Lide Hernandoren ahotsak, hezurretaraino sartzen doan bezala, limurtu egiten gaitu. Baina ilustrazio guztiek, "Teloia" kantuaren bideoklipak, diskoa bazetorrela kontatzeko egin zuten film laburrak… aipamen berezia merezi dute. Bai musikagatik baina baita egin duten apustuagatik ere.

Kuartz — II (Egilea editore)
Disko hau aukeratzerako garaian bi gauza jarri nahi izan ditut balioan. Batetik, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan egiten den musika sekulakoa dela eta, bestetik, biko taldeek duten ahalmena. Lumi, Niña Coyote eta Chico Tornado edota Habi (hauek ere 2020an atera dute diskoa) taldeak etortzen zaizkit burura. Baina Kuartzek lehen unetik harrapatu ninduen. Diskoaren azalaren esanahia, mezua, "Etxeko zakurra" kantuaren bideoklipa… Eta diskotik zuzenekoetara dagoen alderik eza. Hori guztia kontuan izanda, lan honek bai ala bai zerrendan egon behar zuen.

Kyxo — Agoor (Egilea editore)
Soinu freskoa ekarri dute, surferoa. Eta aurten ez dira bakarrak izan, Oki Moki taldekoak ere hor daudelako (askoren ustez Working Class People 2020ko diskorik onena da). Baina Kyxo taldearen "AMZ" entzun nuen momentutik diskoaren zain nintzen. Eta ez zidaten hutsik egin. Lan laburra bezain interesgarria da Urnietako taldearena. Zuzenean ikustea da orain zintzilik geratu zaidana, baina ziur naiz berandu baino lehen ikusiko ditudala. Txori txiki batek esan didanagatik, gainera, asko merezi du haien zuzenekoak.

Kai Nakai — Baimenik gabe (Egilea editore)
Ez naiz musika urbanoaren oso zalea, egiari zor. Baina Kai Nakai hortik hasi eta urrunago doan proiektua iruditzen zait. Euskal Herrian mespretxatua izan den baina gero atzetik denok dantzatu dugun musika mota bat egitera ausartu delako Iratxe Aguilera. Horri gehitu behar zaio euskaraz, ikuspegi feminista batetik eta Gasteizen sortutako proiektua dela. Gainera, ez du reggaetona bakarrik jorratu, bestelako estiloak ere landu ditu. Nicki Minaj bezalako artistak gogorarazi dizkit, eta hori asko esatea da. Horrez gainera, musika urbanoa gurean barruraino sartu denaren adierazpen gorena iruditzen zait. Orain erronkarik zailena izango dute guztiek ere aurretik, zuzenean defendatzearena.

Trini Fox — Ataraxia (Egilea editore)
Nahikoa isilik pasa den diskoa da eta sekulako indarra duena Urrestillako hirukote onena. Hard rocketik hasi eta nu metalerainoko abaniko zabala hartu dute eta merezi du entzutea. Konfort egoeratik ateratzeko balio duen lan horietakoa, mezu zuzenez beteta. Txandal metala egiten dutela diote, erdi-brometan, erdi-serio. Egiten dutena, ordea, egurra banatzea da, eta jarrai dezatela horrelako diskoak egingo badituzte.

Bulego — Bulego (DeepSoda)
Urteko fenomenoetako bat izan da ezbairik gabe Azkoitiko taldea. Ezerezetik hasi eta egin dutena sekulakoa da. Lan handia hartu dute marka bat sortzen, iruditeria bat lantzen eta musikarako soinu berezi bat lortzeko bidean. Eñaut Gaztañagarekin grabatu dituzte aurten kaleratutako bi lanak. Bai, bi EP kaleratu dituztelako: Bulego eta Ilun dagoen arren. Pop musikaren beste adierazpen mota bat bilatu dute eta zuzenekoetan barrua husten dute. Gainera, balio erantsia eman behar zaio zuzenekoen alde egin duten apustuari. Izan ere, aurkezpen kontzertua eman eta gero, Euskal Herrian aire librean eman zen lehenengo kontzertua ez bazen, lehenengoetakoa eman zuten Azkoitian bertan. Horretarako sekulako lanak hartuz. Etorriko dira gehiago eta, ziur, kantu sorta zabaltzen joango direla. Ilusiorik behintzat ez zaie falta. Pop musika eta sintetizagailuak gogoko badituzue, entzun beharreko lana.

Maria Rivero — Parentesiak (Egilea editore)
Itxialdian harrapatu gintuen disko honen loratzeak. Esanahi berezia hartu zuen, mezu irekiz eta doinu gozoz jositako diskoa delako. Bakarkako ibilbidean bere lehen diskoa du hau eta kolaboratzaile bikainak izan ditu alboan. Udaberrian harrapatu gintuen, eta balkoian entzunaldi batzuk eskaini nizkion. Eguzkiak aurpegian jotzen digunean eta goxo-goxo gaudenean entzuteko diskoa dela iruditzen zait Riverorena. Ez dakit, zure buruarekin aurkitzeko laguntzen duen terapia modukoa.

Dena — Ezer sentitzeko (Egilea editore)
Gazte izateak ez du kalitateari uko egin behar zaiola esan nahi eta hori aldarrikatzen du Dena talde ondarrutarrak. Beren lehen diskoa da kaleratu dutena eta eskaintzeko duten aurreneko lagina hau bada, zer izango ote da datorrena! Momentuz, ordea, honekin disfrutatu dezakegu. Post-hardcore, nu-metal zein punk-rock doinuak entzun ditzakegu. Mezu ezkorrak garai ezkorretan. Gazteak beti izan du kexatzeko beharra musikaren bitartez eta hori egin dute Dena taldekoek ere. Hiruko honek zer esanik emango du aurrerantzean ere.

Pleura — Bakarrilketa (Maldito Records)
Nafarroako uztaren adibide onenetako bat da Pleura taldea. Batetik, Nafarroako iparraldeko punta batetik besterainoko kideak elkartu direlako eta, bestetik, sekulako kalitatea duen diskoa grabatu dutelako. Sorkari taldea ere aipa nezakeen hemen, haiek ere Hutsune diskoarekin lan bikaina egin dutelako. Baina Pleurak badu zerbait, adierazteko zaila dena, desberdin egiten duena. Ziurrenik horren errudun Olaia Inziarteren ahots hauskorra da. Fintasun horrekin halako amorrua adierazten du hainbat kantutan, ezen liluratuta uzten gaituen. Euskal Herritik kanpora ere harrera ona izan du eta horren adierazle izan da Estatu Batuetako irrati batean urteko rock disko onenen zerrendan sartu dutela. Bejondeiela!

Skabidean - Izaera (Egilea editore)
Euskal Herrian reggaea eta rocksteadya asko jorratzen dira nahiz eta beren eszenari ez zaion halako tarte zabalik eskaintzen. Baina, zoritxarrez, urte krudel honetan antzeko zerbait esan genezakeen beste hainbat genero musikali buruz ere. Mimo handiz eta aparteko kalitatez grabatutako diskoa da Skabidean taldearena. Ez dira gutxi taldea osatzen dutenak, 11 baitira musikariak. Eta, aitortu beharra dago, haizezko instrumentuek aspaldian entzun ez dudan soinu-kalitatea dutela. Hori izan baita azkenaldian gure ekoizpenetako gabezietako bat. Diskorako lehendabizikoz Black Birds hirukoa gehitu da taldera: Lorena Aisa, Claudia Rodriguez eta Idoia Tapia. Hiruko honek duen gaitasuna ere sekulakoa da. Zer nolako enpastea zuzenekoetan. Ea merezi duten moduan aurkezteko aukerak sortzen zaizkien 2021ean.

Mihise – Kronik@ (Balio Dute)
Disko kontzeptuala jorratzea apustu serioa da garaiotan. Izan ere, askok kantu solteak egin eta banaka-banaka aurkezteko joera hartu du azkenaldian. Gehiago izan diren arren (Rodeo taldearen Ezherrian disko puska kasu), Usurbilgo hirukote honen lana berezia iruditu zait. Hasi eta buka bueltaka entzuteko lana da, eta behar den moduan barneratzeko hiruzpalau entzunaldi behar dituena, gutxienez. Musikari garrantzia handia eman zaion arren, eta musika instrumentala egitetik datozela nabaritzen den arren, erabilitako hitzek pisua ematen diote kantu bakoitzari. Post-rock zaleak harrapatuko dituen diskoa, baina ohiko rock doinuak maite dituztenei ere zabalduta. Gainera, Balio Dute zigiluarekin atera dute beren lana. Jarraitu beharreko zigilua ezbairik gabe.

Aguxtin Alkhat — Hutsaren hatsa (Hutsaren Hatsa)
Istorio pertsonalak azaleratzea, barrua biluztea, denoi kostatzen zaigun zerbait da. Bada, pentsa zer izan behar duen zure istorio hori mundu guztiaren eskura jartzea. Mikel Urdangarinek Izurdeen lekua disko ederrarekin ariketa hori egin du, amaren galera hizpide izanda, baina pauso bat harago joan da Aguxtin Alkhat Hutsaren hatsa diskoan. Mezu intimoak, bizipenik pertsonalenak, modu borobilean josi ditu musikarekin bi estilotan banatuta. Biniloaren A aldean kantu akustikoagoak ditu eta B aldean rockeroagoak. Txarrenari onena ateratzeko kantuak, kilometro 0 ekoizpen moldean. Diskoa hasi eta bukatu Euskal Herrian ekoitzia baita, sormenetik banatu dituen kopietaraino.

KANTUAK

Bengo — Denbora
Oiartzun bezalako herri baten iruditeriatik urrun dagoen abeslaria da baina komunitate haren parte dena. Begiak irekitzeko balio beharko lukeen kantua. Txiltxoko kolektiboarekin batera trap musika beste modu batetara lantzen duena eta kalean gertatzen den hori kantuetara eramaten duena.

Deus ez — Gose
Urteko kantu rockero ederrenetakoa. Desberdina, emo estiloaren ukitu argi batzuekin. Rockak badu etorkizunik horrelako kantuekin. Orain diskoaren zain egon behar, ea berandu baino lehen iristen den. Yo Ciervo taldearen "Salba nazazu" kantuari ere aipamena egin beharrean nago, bietatik bat aukeratzea benetan kosta zaidalako.

Jah Goikoa eta Reggae Zaharra — Besamotza
2020an euskaraz egin den bertsio ederrenetakoa izan da zalantzarik gabe. Tapia eta Leturiaren zaletua naiz oso eta aurten bi bertsio kaleratu dituzte. Bata hau eta bestea Leire Berasaluzek eta Kristina Aranzabek elkarrekin abestutako "Begi nini nimiñoa". Biak ere dotoreak. Baina bat aukeratu behar eta kantu honek duen mezuaren eta alaitasunaren kontrasteak maitemindu egiten nau.

Esanezin — Esan ezin
Ianire Aranzabek martxan jarritako crowdfunding kanpainak nola ez zuen arrakastarik izango lagin hau erakutsita. Pop musikaren beste alderdi bat, estetikoki asko zaindua. Aurten kaleratu nahi zuen diskoa, baina pandemiak atzeratu egin dizkio buruan zituen ideiak. Dena dela, 2021ean ekarriko duenak halako maila badu, ez du inor epel utziko Esanezinek.

Anita Parker — Azalean
Zentsura jasan duen kantu bat 2020an. Bai, kantu honen bideoklipak ezbaitzuen zentsuraren filtroa pasa titi-mutur batzuk ikusten zirelako! 2020. urtean aizue! Pandemiak diskoa atzeratu die Anita Parker taldekoei, baina laster izango dugu haien berri. Doinu dantzagarriak behar ditugu eta hauek horren alde egiten dute. Etxean, parrandan, dutxan, kotxean… Kantu hau jarri eta dantzarako gogoa sortzen dit aizue!

Merina Gris — Besteek zer
Ed is dead ekoizleak 2020an landu duen harribitxi bezala aurkeztu du Merina Gris taldea. Eta ez nau harritzen, kantu bakarra atera eta ikusi besterik ez dago zer nolako arrakasta lortu duen. 2021ean diskoa etorriko al da? Nor dira taldea osatzen dutenak? Ea laster horren guztiaren erantzuna jasotzen dugun. Momentuz, indartsu sartu dira.

Zetak — Hegan
Zetak magia da. Euskal Herrian elektronikak behar zuen halako erreferentzia bat. Zuzeneko ikusgarriak, kantu erakargarriak eta denetariko mezuak. Onartu behar dut, dena dela, The Chemical Brothers taldearen bertsioa dela zuzenean gehien erotzen nauena, bikaina delako egiten dutena. Aurten eserita gozatu behar izan duguna zutik eta beste giro batean gozatzeko aukera izateko gogoz nagoela aitortu beharra daukat. Eta kantu asko aukeratu nitzakeen, diskoen zerrendan sartu nezakeen "Zeinen ederra izango den"… Baina tranpa egin dut. Batez ere kantu honen bideoklipa izugarria iruditzen zaidalako. Ai, eta Cadillac urdin hori. Orain arte Loquillorena zena, Reparazena da hemendik aurrera!

Ezpalak – Itzala
Hozkailuan gordeta dagoen harribitxia da Ezpalaken disko berria. Kolpatu topatu izena du udatik grabatuta duten lanak. Atera dituzten aleak ordea… ai ama! Hiru kantuak ere sekulakoak, baina "Itzala" berezia da. Pentsa, Gatibukoek ere (musikak salbatuko gaitu, bai) dagoeneko jo dute haren moldaketa. Eñaut Gaztañagaren lana aurten sekulakoa izan da, bai Ezpalak taldearekin zein Grises taldearekin eta baita grabatu dituen beste askorekin ere. Haietako asko, goiko zerrendan sartzeko modukoak, gainera.

Sua — Hormak apurtzea
Zuzenean ikusi beharreko taldea da Maruri-Jatabeko Sua taldea. Etengabeko eboluzioan doaz eta kontuz. Proiekzio handiko taldea da, kanpotik begiratuz gero, nazioartean ere zeresana eman dezakeena. Umil-umil eta pausoz pauso ari dira lanean. Aipamen berezia Ane Barrenetxeari. Euskal Herrian oholtza berak bezain besteko jarrerarekin zapaltzen duen emakume bat behar zuen gure rockak. Aurretik bagenituen eta baditugu sekulako maila duten abeslariak, baina Anek horri plus bat gehitu dio. Denarekin apurtu asmoz iritsi da.

Petti — Diotenez
Diskoen kupoa beteta neukanez, tranpa egin behar. Manipulazio estrategiak, Chomskyk idatziak eta Harkaitz Canok euskarara ekarriak. *Zart kolektiboarekin ateratako diskoa, kolektibo horrek duen esanahi guztiarekin. Eta, tartean, honelako kantu puskak dituena. Mesedez Petti, ez utzi diskoak kaleratzeari.

Inun — Nana nana
Misterio handirik ez duen kanta batek umore onez jartzen gaituenean halako fenomeno berezi bat sortzen da. Entzuten duzu eta ez dakizu zer duen, baina aldarte onean jartzen zaitu eta kantatzera bultzatzen zaitu. Horixe da Mikel Inunziaga Inun-ek kantu honekin lortzen duena. Bide batez, aipatu behar Xatirorekin zuzenekoan egiten duen ekarpena ere. 2018an atera zuen aurreko bere lana eta ea laster zerbait gehiago ekartzen digun zornotzarrak.

Marmoka — Suge gorriaren itzal luzea
Kantuetan fikziozko istorioetan oinarritutako kantuak edota benetako gertakizunak jasotzen dira. Garaian bertsoetan jasotzen zena, gerora kantuetan ere gorde da. Eta horixe egiten du abesti honen bitartez Marmoka taldeak. Iaz Hondarribian jazo zen gertakaririk bizarroenetako bat jasotzen dute kantu honetan. «Jaizkibelgo gune hezetan, xiraunak daude eguzkitan»… Gogoratzen ez baduzue, entzun kantua eta barre-algarak ziurtatuta dituzue kantu eder honekin. Izan ere, letraz gaindi, kantu ederra da Marmoka taldearena. Bideoklipa ez galdu gero!