2021eko abesti gogokoenak (IX)

Jon Urzelai

2022.01.13

Astoaren urtea izan omen da aurtengoa txinatarrentzat, arratoiaren hurrengoa eta tigrearen aurretik datorrena. Utikan, euskaldunok aski ongi dakigu oker daudela; 2021a ekialdearena izan da, bai, baina ez horren urrunekoa. Aurtengoa Chill Mafiaren urtea izan da, kito.

Chill Mafia, Chill fucking Mafia. Barkhatu hizkera, horrenbeste ereserki eta kantu generazionalen sobredosiaren bestondoa izango da. Afera da aurtengoaz aritzeko nagoela ni hemen —CHILLMAFIAAAAAA!— eta, ulertuko duzuenez, zaila zaidala urteko fenomenoaz hitz egiteari muzin egitea. Are gehiago, zalantza ere badut ea kazetari gisa besterik egin ote nezakeen. Duela urtebete inork ez zituen ezagutzen —primo!—, baina orain geure familiakoak bezalakoak dira. Guztion etxeetan sartu dira gainera, inor ez da libratu: ez Last Tour, ez Gaztea, ezta instituzioek antolatutako jaialdiak edo gaztetxeak ere. Nekez halako onespena jaso duen beste talderik. Kasu, laster zeure herriko kazetan ere elkarrizketatuko baitute Kiliki Frexko —aditu!—, eta ez harritu zeure osaba hurrengo familia bazkarira txandal horia soinean duela agertzen bada, galdetu bestela Daddy Tapiari. Ezinezko zirudiena egia bihurtu dute: klase ertaina beldurtu ei dute, zaharruno kulturetak txunditzearekin batera —itsatsia!— ; establishment-a egurtu dute, hanka bat zirkutu handietan pausatu bitartean; euskararen salbatzaile zein galbide ere badira —txatxo!—; eta komunistekin zein feministekin izan dituzte beef-ak, baita bien ala bien onespena jaso ere. Halakoak dira garaiok.

Hautsak xurgatu bezainbat dituzte harrotu, baita ipurdia mugitu ere —gora eta behera—. Dena jarri dute hankaz gora eta bazterretik egin dute hori guztia, nola ez –zenbat jende kabitzen da ertzetan?—, eta, gainera, Nafarroari buruz hitz egiten jarri gaituzte guztiok, zer eta zalditeria arina eta guda zaharrak aipatu ere egin gabe. Ez daukate meritu makala. Bere egin dituzte, besteak beste, transgresioa, zaharberritzea, sexua, auzoa, folklorea, kebapak, rockanrona, erdera, drogea, sare sozialak eta farmazia. Zergatik ez. Berpizkundea, broma gutxi.

Badakizue, beste hark zioen moduan —emaiok!—, meme bat gara.