Iker Zia
2017.03.20Zera gertatzen zait: menperatzen ez ditudan hizkuntzetan musika asko entzuten dut, baina dena ez harrapatu arren inoiz ez naiz izan hitzak irakurri eta itzultzeko ohitura duen entzulea. Beti nahiago izan dut musikak esaten didanarekin istorio bat asmatu, askotan irudiak eta guzti. Euskaraz eta erdaraz entzuten ditudan kantuetan berriz, arreta handia jartzen dut hitzetan, eta kontatzen dituzten istorioak kantuaren foku bihurtzen dira. Kantu on bat izugarri handitzen da istorio on batekin, baina erdipurdiko hitz batzuekin bere interes ezagatik erortzen da. Geroz eta literarioagoa naiz, eta The Icer Companyrekin egin dugun esperimentu narratiboaren esperientziak, banandu ezin den musika eta kontakizunen konbinazio horrekin, pixka bat obsesionatu nau. Kantugintza hori da, transmititzea, eta horretarako kontatzea da tresnarik eraginkorrena. Hitz guztiek kontatzen dute zerbait, batzuk orokorrak dira, baina zerrenda hau konkretura joateko ahalegin bat da. Alegiazko edo fikziozko istorioak, lekuak, pertsonaiak, diskoak… maite ditut, “benetazkotik” asko dutelako. Ideia horrekin milaka zerrenda egin ditzakegu; horregatik, fikzio konkretuak bilatzen saiatu naiz (nahiz eta baten bat nik asmatutako istorioa izan, barkatu). Asmatutako istorio, leku edo izenen azpian dagoena da garrantzitsua, eta horretara iristeko bidea fikzioak ematen digu. Batzutan agerikoa da, bestetan ez hainbeste, baina beti izango da magikoa izan ez dena sortzea.