Pedro Elias Igartua
2015.12.14Dozenaka kantu topatu ditut drogei buruzkoak edota drogarako erreferentziekin. Hamabi hauek gustukoak ditut, baina gaurko aukera besterik ez da.
Hertzainak, “Sigarrillos amariyos” (Hertzainak, 1984)
Josu Zabalak idatzi zuen kantua Alfreditok kontatu zion bezala. Kantu paregabea da euskal rockaren diskorik funtsezkoenean. Hogeita hamar urte pasatu dira eta nahiz eta gauzak berdinak ez izan, konturatzen gara hainbesterako ere ez direla aldatu. Abesti honek garai baten oihartzuna ekartzen digu umorez eta amorruz. Kantuaren gaurko irakurketa gura baduzue, iaz Ruper Ordorikak Azukre koxkorrak diskorako grabatu zuen bertsioa entzun dezakezue.
Hertzainak, “Drogak AEKn” (Hertzainak, 1984)
Kantu zirikatzaile hau ikur bihurtu zen. Euskaldun berriaren balada hau punk baten ikuspuntutik hartutakoa zen. Bego, hitzen egilea, AEKn irakaslea zen eta kokoteraino zegoen sex, drugs & rock´n´roll-ak abertzale askori hazkura sortzen zielako. Handik gutxira gauzak aldatzen hasi ziren. RRV hartan talde ospetsu askok erdal rocka besterik ez zuten egiten. Hertzainak-ek berriz (Zarama taldearekin batera) hankaz gora jarri zuen euskal rock and rolla, Errobi, Koska edota Itoizen ereduak gaindituz.
Kortatu, “Platinozko sudurrak” (Kolpez kolpe, 1988)
Eusko Ardandegian garaiko saltsa dantzan entzun dezakegu Muguruzatarrek Mikel Antzarekin batera idatzi zuten kantu honetan. Kantuan aipatzen diren politikarien izenak aldatu dira gaur egun baina sudurrak gero eta luzeagoak dituzte, beti gezurretan dabiltza-eta. Kortaturen estudioko azkenengo grabazioa izan zen Kolpez kolpe-koa eta lehenengoa euskara hutsezkoa.
Jotakie, “Joxemai beltza” (Joxemai beltza, 1989)
Kutsu techno-funkya duen kantu honek Jotakieren azkenengo grabazioari izena eman zion. Abesti oso jantzia Joxemairen etanolezko amesgaiztoak kontatzeko. Behin irakurri nuen nonbaiteko ohiko droga batek bertan beste edonon baina kalte gutxiago sortzen zuela. Egia ote da?
Pottoka, “La revoluzione della tradizione” (La revoluzione de la tradizione, 1992)
Kantu hau Pottokaren lehenengo grabazioan zegoen. Balerdi Balerdi taldearekin grabatu zuen. Artzaina eta kantaria… baina rockaren semea ere bai. Arzalluz bezain lodiak (eta maltzurrak) ez izateko Pottokak eta bere lagunek bazuten formula bat, porroak erre eta haragi gutxi kontsumitu.
Anestesia, “Droga eta biolentzia” (Gorrotoaren ahotsa, 1993)
Anestesia beti indarra soberan zuen taldea izan da, euskal hardcorean basatienetakoa. “Droga eta biolentzia”, orain hogeita bat urte egindakoa, taldearen klasiko bilakatu zen eta zuzenean ere abesten duten kantua da.
Ruper Ordorika, “Crack (pipa bat)” (So'ik so', 1995)
New Yorken konposatutako kantu hau So'ik so' diskoaren hasieran dago. Dena den, edozein hiritan gerta daitekeen kontua dugu istorio honetan. Leiho batetik ikusitakoaren ostean gupidazko amaiera dakarkigu abestiak. Ruper Ordorikaren bosgarren grabazio honetan bide berriak zabaldu zituen gure singer-songwriter-ak. Ben Monderren gitarraren soinu misteriotsua, kantuari hasiera ematen diona, hemendik aurrera askotan entzungo genuen Ruperren grabazioetan.
7 Eskale, “Gaupasada” (Barrenkaleko bluesa, 1997)
Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek Josu Zabalarekin batera izan zuten lehenengo taldea 7 Eskale izan zen. Zatika pasodoblea eta ekialdeko musikaren oihartzuna ere ekartzen digun kantu honek gaupasa baten eta sostengu kimikoen arteko lotura kontatzen digu. Jaien denboraldian, batez ere, gure herriaren edozein lekutan ikusi ahal dugun atrezzoa azaltzen da abesti honetan.
Betagarri, “Freaky festa” (Freaky festa, 2000)
Festatxo honetan Jamaikako erritmo eta ganja-rekin gure lagunak zorabiatu egin ziren… Baina damutu, damutu ez. Parranda zale baten patua beti hurrengoko parranda da. Eta e(ska)sa bada gaua, agian saiatu “reggae punky party” bat egiten.
The Uski's, “Bizitzeko behar dodana” (Itxosun zarati, 2005)
Aspaldian Mixel Ducauk Jon Maiaren kopla bat kantatzen zuen, trikitixa, porrusalda eta sagardoa goraipatzen. The Uski's-ek, rock&roll ikustokitik, olatuak, gitarra, zerbeza eta marihuana aldarrikatzen ditu. Behin The Uski's Chuck Berryren telonero izan zen Barakaldon. Jai handia izan zen antzinako rock& rollak duen magia dastatzeko.
Txuma Murugarren, “Les cigarrillos” (Gainsbourg gainbegiratuz, 2007)
Serge Gainsbourg-i eskainiko gorazarre diskoan dago. Ez dakit Txuma erretzaile damutua den baina Gainsbourg tabako zale amorratua zen eta kantu honetan bere bizio eta bere izaeraren aztarnak gurutzatzen dira. Txumak sinesgarri egiten du kantatzen duena.
Andoni Basterretxea, “Paseo egin alde gaiztotik” (Lou Reed, mila esker, 2014)
Zerrenda honetan dagoen kanturik zaharrena. Lou Reedek 1972an Transformer diskorako grabatu zuen eta hamarkada hartako rock kanturik esanguratsuenetako bilakatu zen. Aurreko hamarkadan New Yorkeko Warholen Factory-tik zebilen jendeari buruzko kantua zen. Orain Paseo egin alde gaiztotik euskaraz ere entzun dezakegu (Txuma Murugarrenek itzulita), Lou Reeden beste bederatzi kanturekin batera. Eta nor egokiagoa Andoni Basterretxea baino guri laguntzeko ibilalditxo basati honetan. Oso bertsio sendoa ekoitzi dute Fernando Saundersek eta Paco Locok Andonirentzat. Delirium Tremens desagertu eta gero konturatu ginen galeraren handiaz.