Danele Sarriugarte
2015.12.14Leialtasuna gisako kontzeptuak hartzen ditugu ahotan epaitzeko ea moldaketa bat ona den, berdin egokitzapen bat, omenaldizko plagio bat eta zer esanik ez itzulpen bat; jatorrizkoaren mamuak eta aurak gaitu gu hartzaile zapaltzen, ditu haiek sortzaileak baldintzatzen, bereziki jatorrizko delakoa sakonki maite eta miretsi badute.
Sakrilegio bezalako hitzak. Horren originala hobea dela, beste honek kantua zapuztu duela, beste film hark ez duela bostehun orriko eleberriko laugarren kapituluko hamaseigarren lerroko tapiza behar bezala potretatu. Nahiz eta badagoen (musikaz ari garenez) Johnny Cashen Hurt, Sinéad O’Connorren Nothing Compares 2 U, Janis Joplinen Piece of My Heart; nahiz eta badauden Jimi Hendrixen perla ugariak, Nirvanaren unplugged kontzertuko gauak eta gizonak, Jeff Buckleyren Hallelujah.
Sortzen, ez gara hutsetik hasten, irensten dugun guztiaren ondorio gara, irensten dugunaz osatzen dugu gerora kanporatuko duguna. Eta irentsi duguna irentsi ez ezik digeritu ere ondo digeritu badugu, kanporatutakoak izango du zerbait irentsitakoan ez zegoena. Gehituko dio zer edo zer, estutuko edo askatuko du, bortitzago eta bareago bilakatuko. Irentsitakoa izango dugu abiapuntu eta ez eredu.
Ez, ez gara hutsetik sortzen hasten, gure aurretik izan direnen alaba da ehuneko laurogeita hemeretzian gure sorkuntza; arimarik gabea, hala ere, geure arrastoa falta bazaio, ehuneko bat hori ez badu. Bertsio sakrilego apartak ez direlako soilik ingelesez egin, hona hamabi aleko nire aukeraketa. Bertsioen kontzeptu berri baterantz.