Onintza Enbeita
2015.12.14Akordatzen naiz, umetan, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Xabier Leteren kantak kantatzen genituela etxean. Ez genuen jakingo seguruenera zer kantatzen genuen "Izarren hautsa", "Xalbadorren heriotzean", "Gu gazte sentimentalak…" kantatzen genituenean, baina kantatu egiten genituen. Baita "Gazte gera gazte ta ez gaude konforme" izeneko kanta hura ere, gure amari hainbeste gustatzen zitzaiona. Munduak hitz egiten zigun Ez dok Amairu izeneko mugimendu batez, eta amak hitz egiten zigun ar guztien artean gitarrarekin agertu zen eme bakarraz.
Entzun nahi genuen musika aukeratzeko garaia heldu zitzaigunean Su ta Gar eta EH Sukarra zeuden modan. Jaiotze basatia eta Negu Gorriaken lehen diskoa izan ziren erosi nituen lehenak. Ez naiz ordenaz gogoratzen, baina badakit, Durangoko azoka batean erosi nuela bata eta hurrengo urtean bestea. Gero etorri ziren Urtz, Exkixu eta Sorotan Bele eta elkarrekin zerikusirik ez zeukaten arren, joan ginen guztiak ikustera Kortezubira, San Romanera, Zornotzara, Durangora, Amorotora, Aulestira, Forura, Busturira… eta ez dakit nora gehiago. Eta hara eta honako bidean, autoestopean hartzen gintuen jendearen kotxeetan edo gu baino zaharragoak ziren lagunen kotxeetan, ordurako jotzeari utzitako taldeak deskubritu genituen: Hertzainak, Delirium Tremens, Kortatu, Itoiz… Itoiz… izeko Gorane ezkondu zen egunean San Romanen jo zuten, eta hiru ahizpok eta gurasoek han hartu genituen azken bi edo hiru edo lau edo bost tragoak. Zazpi urte nituen, baina badakit, behin, Itoiz ikusi egin nuela San Romanen.
Gure kotxea erosteko garaia ere heldu zen, eta orduan konturatu nintzen, izeko Pilik kantatzen zigun "Ez da posible" haren atzean, Ruper Ordorika izeneko gizon bat zegoela: ahots dotorea, kotxean bakarrik zabiltzanerako lagun ona. Eta Eskoziara bizitzera joan nintzenerako, zeharo seduzituta nengoen. Egunean ehun aldiz nongoa nintzen esplikatu eta gero, "Zaindu maite duzun hori" entzutea izaten zen terapiarik onena. Handik bueltan ostera, gauza asko aldatuta zeuden; itxuraz berdin jarraitzen duena baita gehien aldatzen dena. Behin, autobusean Bilbora nindoala, konturatu ere egin gabe, negarrez hasi nintzen Anari entzunaz, eta bidaiarik zailenak norbere barrutik norbere kanpora egiten direla konturatu nintzen.
Eta ia-ia konbentzituta nengoenean Bide Ertzean, Katamalo, Hutsa edo bakarlarien estilo hori zela neurea, ondoen eta gusturen entzuten nuena, Madrilgo gorteetan ikusi nuen neure burua. Han, batzutan edo sarritan, amorrua kanporatzeko bide bila ibiltzen da bat, eta hara non, Berri Txarrak belarrietan jarrita egiten ditudan hegazkineko joan-etorriak askotan. Beste askotan, loari uzten diot zeruan zehar eraman nazan, baina jakina, loa ere beti ez da eskatutako momentuan etortzen, eta zerbait behar bidaiak arintzeko.
Eta joan eta etorri eta etorri eta joan, horixe da niretzat musika: bidaia laguna. Horregatik dira desberdinak zeharo gaur esango ditudan kantak eta bihar esango nituzkeenak: bidaia aldatu ahala, bidaideak ere aldatzen direlako. Baina musika, orokorrean, berba potoloetan esaten den musika hori, beti dago hor.