Burua eta gorputza astintzeko kantuak

Ane Arruti

2022.02.21

1. “Antoine nahasia” (Joxe Ripiau): Urte askotan nire telefono mugikorreko dei-tonua izan da. Asko markatu ninduen talde honek. Azken Portuko jaietan ikusi nituen lehenengo aldiz eta ondoren Ezpeletan, azken aurreko kontzertuan. Nire ezjakintasunean, lehenengo aldiz konturatu nintzen posible zela beste talde formatu bat, ez zuela zertan beti bateria-baxua-gitarra izan behar, moldeak puskatzeko zeudela (nahiz eta gero guk hori egin, karkarkar).

2.  “Oreinak” (Anari):  Katixa lagunak ikastolako patioan lehenengo aldiz walkmaneko kasko bat utzi zidanetik, Anariren musika beti egon da presente nire bizitzan. Orain dela lauzpabost urte “Oreinak” kantuarekin negar asko egin nuen, hor deskribatzen duen egoerarekin guztiz identifikatuta sentitu nintzelako. Baina, aldi berean, zorionez, egoeraz jabetzeko eta aurrera egiteko balio izan zidan.

3. “Behin argian ezarrita” (Willis Drummond): Ziur aski zuzenean gehien ikusi dudan taldea izango da. Bigarren diskoarekin deskubritu nituela esango nuke eta geroztik gertutik jarraitu izan ditut. Lehenengo diskoko kantu honek beti hunkitu izan nau. Ez dute beti jotzen zuzenean, baina jotzen dutenean… Puskaterako indarberrituta.

4.  “Ausardiarik ez” (Mice): Miren Narbaizaren bakarkako proiektua zabaltzen duen kantua. Ahotsek batera eta bestera eramaten naute, hasierako giro soinu horiek, gitarrak… Hitzei dagokienean, lehenengo kantua halako zintzotasunarekin zabaltzea, ziurgabetasun guztiak, beldurrak kanporatuz… sekulakoa iruditu zitzaidan, ausardiarik ez izateko, oso ausarta.

5. “EZ eguna” (JP Lohian): Disko osoa jarriko nuke zerrendan. Auskalo zenbat buelta eman dizkiodan. Letrak, musika, berak nola sortu duen dena… Harribitxi bat. Bat aukeratu behar eta, “EZ eguna”-rekin geldituko naiz, bukaerako erritmo aldaketa horiek nabarmentzeko.

6. “Begizuloetatik” (Birkit): Musikazuzenean jaialdi batean ezagutu genuen elkar eta geroztik ahizpatasun moduko bat sentitzen dut berarekin. Gerora ezagutu ditut gehiago, baina une hartan bera ezagutzeak halako lasaitasun bat eman zidan, “ez naiz honetan dabilen ama bakarra”. Aurreko diskoa asko entzun nuen eta orain taldearekin atera berri duenari ere ari naiz buelta batzuk ematen, entzunaldiro hobetzen den horietakoa iruditu zait.

7.  “Pistola aluan” (Sorkun): Bere ahotsak ez du parekorik eta bere bakarkako lehenengo diskoa, Onna, izugarria iruditzen zait. Kantu honen gordintasunak barruak mugitzen dizkit baina aldi berean amorruz oihukatzeko gogoa ematen dit.

8. "Ixo" (Ginger): Zain nago, ea noiz kaleratzen duten grabatu duten disko laburra. Zuzenean ikusi ditut eta oraindik aurkeztu ez duten eta izenik ez dakidan kantu batek harrapatuta nauka. Bitartean, “Ixo” kantuari su ematen segi beharko.

9. "Ezin gelditu" (Kuraia): Lehenengo diskoko kantu gehienak dira “super-hit”-ak. Gure parranda guztietan egon da Kuraia eta gustura egiten nuen kantu honen bertsioa ere. Pena bakarra daukat, ez nituela zuzenean inoiz ikusi.

10. “Gauza txikiak” (Potemkin): Gauza txikien kantu handia. Behetik gora doana. Melodiak eramaten zaitu baina kantu honetan gitarrak dira batez ere harrapatzen nautenak.

11. “Madarikatuaren kanta” (Sharon Stoner): 2021. urteak talde honetako bi musikari handi ezagutzeko eta beraiekin musika egiteko aukera eman dit. Aitzakia ederra izan da beraien lanari errepaso bat emateko.

12. "Bide zuzena” (Ibil Bedi): Kasualitatez Ahotsenean ikusi nituen 2019an. Eta atentzioa eman zidaten, zerbait berezia zutela iruditu zitzaidan. Kantu honek badu indar bat, burua astintzeko gogoa ematen dizu.