Distortsioak harrapaturik

Matxarda

2022.06.27

Hamar urtez eszenatokietatik nahikoa aldendu garen arren, musikak beti jarraitu du gure bizitzetan. Agian, musika talde berriak bilatzeko grina ez dugu orain dela urte batzuk bezain bizirik, baina BADOK-i esker Euskal Herrian gertatzen ari denaren zati baten berri jasotzen jarraitzeko aukera dugu eta baita atzera begirada egiteko ere. Askotariko musika entzuten dugu baina distorsioak badu zerbait gure belarriak engantxatzen dituena.  Hauxe loturazko arrazoirik gabe osatu dugun zerrenda:

1. — "Amets gaiztoak" (Bap!!):  Disoa honetako edozein kanta jarri genezake. Andoaingo gaztetxe zaharrean ikusitako lehengo kontzertuetako bat izan zen Bap!-ena. Izugarria.

2. — "Bonberenea" (Deabruak Teilatuetan): Nortasun propioa zuen taldea, abesti hau ez da haren musikaren erakuslerik hoberena baina bide batez Bonbereneari aitortza ttiki bat egiteko modua da. Bi baten truke!

3.— "Unean uneko" (Dut): Dut-en lehenengo diskoa eromena izan zen gure belarrientzat. Bigarrena izugarria eta  azkenekoa eztanda. Baxu distorsionatuak, erritmo azkarrak eta soketan zein ahotsetan melodia ederrak…

4.— "Huts azpitik" (Humus): Beraiekin hainbat kontzertu eman genituen. Zuzeneko bortitzak. Natalia jotzen eta abesten ikustea plazer bat da.

5.— "Lehengo munduaren azkena" (Karidadeko Benta): Garai batean, asteburu askotan egunkarietako agendak begiratu eta kontzertu bat ikustera joaten ginen kontzerturik ez bagenuen. Horietako bat Karidadeko Bentaren azkeneko kontzertua izan zen. Leku ederra, giro polita…

6.— "Niu Xit" (Rukula): Erritmo dantzagarriak distortsioari lotuta, ahotsik gabe…  irla bat itsasoaren erdian.

7.— "Malva rosa" (Dena): Gustua ematen du hain jende gaztea distortsioaren munduan murgilduta entzuteak.

8.— "Cosmic" (Kurkuma): Malerrekan bada mugimendua. Ozpinduk, Larba, 2sonT, Pleura…

9.— "A ala B" (Willis Drummond): Ez da gehiegi jarraitu dugun taldea baina izugarria da duten energia.

10.— "Hegaz (gizakia) naiz" (Zea Mays). 25 urte daramatzate taldean bizipenak partekatzen. Ederra.

11.— "Sanatorium" (Occhi di Farfalla): Kamaleoiak bezala eraldatzeko gaitasuna izan duen taldea, segi dezatela kilometroak, izerdia eta doinu berriak egiten!