Miren Aranguren
2015.12.23Riot Grrrl mugimendua 1990. urteetan abiatu zen Bikini Kill eta Bratmobile gisako musika taldeek bultzatuta. Feminismo kulturala deritzona sortu zen AEBetan —feminismo erradikalaren altzoan— eta kultura-adierazpide eta egiturak aldatzea zuen jomugan, praktika artistiko feministak oinarri. 1991n Riot Grrrl manifestua-k ikusi zuen argia Bikini Kill Zine 2-n, eta pertsonala politikoa da leman sakondu eta musika esparruan emakumeek zuten garrantziaz ohartarazi zuen. Kapitalismoari aurre egiteko aldaketa sozialaren protagonistak izan nahi zuten, emakumeen gaineko imaginarioa aldatu eta zuk zeuk egin filosofiari jarraiki.
Euskal Herrian ez dugu horrelako mugimendurik izan. Baina horrek ez du esan nahi gurean ez ditugunik emakume apurtzaileak izan oholtza gainean. Asko izan dira, uste duguna baino gehiago, eta egun ere badira, oraindik asko baitago puskatzeko, ereduak aldatzen dituztenak, eszenatokiaren gainean zein ikusle, antolatzaile eta teknikari lanetan. Baina indibidualki aldatzen dituztenez gain, badira eredu hegemonikoak aldatzen laguntzen duten musika proiektu feminista ugari: Emarock, Mefsst!, Eten, Nesken gaua, Ladyfest… besteak beste.
Noizko grrrl musika errebolta feminista Euskal Herrian?