Esan Ozenkik 30 urte

Jon Eskisabel

2021.04.19

Esan Ozenki diskoetxe kutuna izan zen haren katalogoko diskoekin hazi eta hezi ginen milaka gazteontzat, baina horrez gain azken hamarkadetan euskal rockaren bilakaera ulertzeko ezinbesteko zigilua ere bada. Arriskuak hartuz eta beti begirada etorkizunean jarrita, Esan Ozenkiren katalogoa 90eko hamarkadatik aurrera Euskal Herrian loratutako estilo aniztasunaren isla da, bertan aurkitu baitaitezke euskarazko heavy, rap, posthardcore edota noise poparen lehen talde aitzindariak. Halaber, Irungo zigiluak euskara jarri zuen berriz ere Euskal Herrian egindako rockaren erdigunean eta abangoardian. Hori guzti horrengatik, sinesgarritasun, sormenarekiko kezka, autogestio eta errespetuaren sinonimo da Esan Ozenki.

(Esan Ozenkiren 20. urtemuga ospatzeko Spotifyn egindako promozio kanpainarako idatzitako eestua)