Hedoi Etxarte
2016.08.26Bi hilabete daramatza Luis Soldevila sukaldariak errepikatzen: «Euskal Zerbait Erradikal bat behar dugu». Aldarriaren hondarra aurrekoa da. Iazko udaberrian Ion Celestinok Entzun! aldizkarian halakoak sententziatu zituen: «80. hamarkadatik hona rockak hiriari ezer gutxi eman diolako iritzia dugu, ez du himno berririk sortu, eta hori horrela, beste toki batetik eta beste modu batean gauza berriak sortzeko proposamen bat da».
Alegia, RRVa izan zen etiketa bat zeinari esker mezu eta estetika asko hedatu ziren. Baina egun, horren imitazioa euskarazko musikak bizi duen mugaren jatorrietako bat da. RRVaren imitazio nerabeek klase kultural jantziagoen arbuioa jasotzen dute. Musikari askok euskara utzi eta ingelesa hautatzen dute musikari labela eman nahian.
Zerbait erradikal horren bilaketan, Barañainen finkatutako Sustraian Recordseko Yabablues maisuak eta John Howell agurgarriak bi mixtape egin dituzte azken asteotan. Euskal Funk Erradikalaren bi labealdiak banatuta: 1970etik 1986rako ekarpenekin bata eta 1986tik 2016rakoa bigarrena. Bazterrean geratu diren harribitxi beltzak. Belztasuna ez kolore soil gisa, ez musika pakete gisa, baizik eta praktika molde gisa: talde lana, lan anonimoa, bertute profesionalaren eta bertute amateurraren arteko muga lausoan, entzulea eta musikaria eskutik helduta.
Ordutik Atlantiko Beltza ikastaroa pasa da Iruñerritik –Iruñea NOLA?-ko jendeak antolatutako ekarpen eta eztabaida gune bat–. Zeren jaia eta borroka, eztabaidarik gabe, errepika bat delako, mantra bat. Arkeologia lana beharrezkoa da: zerk sortu zituen egun hain ohikoak eta garaikideak diren soinu beltz horiek guztiak? Non ari dira sortzen etorkizuneko estetikak?
Gure erronka: ze lotura izan dute musika "beltzek" afera sozialarekin? Alegia: pentsa dezakegu musika egiteko molde berri bat ez dena rock antropologikora mugatuko ("nire taldea, nire promoa, nire esponsorra, nire karrera", Soldevilaren hitzetan)? Okurritzen zaigu eszena berri bat ikusezin diren emakumeek mugarik gabe parte hartuko dutena ("emakumeek musika jo dezakete, ez dute soilik abesteko balio", Olaia Onekaren hitzetan)? Eta Euskal Herriko egungo desklasatuak non daude? Zer entzuten dute langileek, zergatik? Nola gainditu musika komertziala vs hipsterismoa dikotomia? Distintzio unibertsitarioaren forma "berri", "berezi" horiek ekoizten dute NRJ edo Kiss FMk baino estetika borobilagorik?
Eta hala marraztu zuten Zerbait erradikal baten hipotesia: "nire taldea, nire promoa, nire esponsorra, nire karrera" gaindituko duen bestelako eredu bat, 80ko hamarkadaren mitoaren pisurik gabea. Konpromisoa ez duena konfundituko urtean bitan gaztetxe batean jotzearekin, manifestazio bati atxikimendua ematearekin, selfie solidario bat egitearekin, argazki saioetan infinitura begiratzearekin edo elkartasunezko abesti bat jotzearekin. Jakingo duena musikaria disolbatu behar dela jendetzan: klasikoko musikariek XIX. mendera arte egiten zuten bezala edo brass bandetako second line-ak bezala. Talde fetitxerik gabeko eszena lokal bat: eskualde bakoitza burujabe.
Alegia, musika beltz bat: komunitatetik komunitatearentzat, Brechten zentzuan: ez pentsatu jendeak zer nahi duen, izan jendetzan bizitzen eta zure subjektibitatea jendetzarena izango da. Musika egiteko modu beltz bat historia ezagutuko duena.
Eraldaketa behar horren zantzuen zerrenda txiki bat da hau, azken urteotakoak ia denak. Kanpoan daude gainera Euskal Atlantiko Beltzean erdaretan abesten direnak, eta hitzik gabekoak, eta klasikoak. Baina daudenak badira: RRVaren eta coolturaren eremu erosotik kanpokoak, espazio kolaboratiboak, batzuetan ekintza bakarrerako batu diren gaizkideak, jazzeko musikariak nitroglizerinarekin jolasten, gaztetxeetako hardcore abeslariak hip hopa egiten, bertsolariak Lana del Reyrena egiten, BAMekoak Iruñerrikoak Ezkerraldekoak Bidasoakoak: The Cradle Will Rock!