Genealogia bat

Gotzon Elizburu

2019.09.09
Lehenbiziko bala - Negu Gorriak(Hitzak: Fermin Muguruza, Jon Maia-Musika: Fermin Muguruza, Iñigo Muguruza, Kaki Arkarazo)
play_button
add_button
Inkisidoreen dantza iluna - Dut(Musika eta hitzak: Dut)
play_button
add_button
Automatak bezela - PI.L.T.(Musika: Rafa Rueda, Aitor Abio, Jose Manuel Sampedro-Hitzak: Rafa Rueda)
play_button
add_button
Kaleak berreskuratu - Fly Shit
play_button
add_button
Argilunak - Naizroxa(Naiz Roxa)
play_button
add_button
Enfant terribleak - Anger(Anger)
play_button
add_button
Etxeorratz - Napoka Iria(Hitzak eta musika: Napoka Iria)
play_button
add_button
Nor da piztia? - Liher(Liher)
play_button
add_button
Dena oskol - Izaki Gardenak(Hitzak: Jon Basaguren-Musika: Izaki Gardenak)
play_button
add_button
A sangre y fuego - Xabi Bandini(Hitzak eta musika: Xabi Bandini)
play_button
add_button
Niu xit - Rukula(Rukula)
play_button
add_button
Distortsioen munduan - Behi Bideko Andere Xuriak(Hitzak eta musika: Jurgi Ekiza)
play_button
add_button

Antzeko zerrenda bat osatzea eskatu zaien kide gehientsuenek gauza bera diote: kosta zaie dozena bat kantako hautaketa egitea. Niri ere bai. Gaztetxo nintzenetik gaur arte nire musika zaletasunaren genealogia bat egiten saiatu naiz, niretzat gakoak izan diren taldeak aipatuz lehenik. Ondoren, modu libreagoan egun entzuten ari naizen talde batzuk gehitu ditut. Hautaketaren zaila bikoitza izan da niretzat, asko kostatzen baitzait disko batetik kanta bat hautatzea, diskoa bera osotasun gisa ulertzen baitut. Joera gero eta minoritarioagoa da, streaming bidezko musikaren garaiotan. Beraz, esan gabe doa, kasu guztietan diskoak osorik entzutera animatzen zaitudala.

1. "Lehenbiziko bala" – Negu Gorriak: punka baizik entzuten ez zuen 13 urteko gaztetxoari Gure jarrera diskoak ortzimuga berriak ireki zizkion. Ondorenera entzun dudan musikaren abanikoa hemen hasi nintzen irekitzen. Estiloen nahasketa eta bide berriez gain, taldekideek egiten zutena aztertzen hasi nintzen: Anestesia, M-ak, Dutekin diskoa... Erraila mordoko autopistara sartzea modukoa. "Lehenbiziko bala"-k irekitzen du lana eta Neguren ezaugarri gehienak biltzen dituen hit-a iruditzen zait.

2. "Inkisidoreen dantza iluna" – Dut: Talde kuttun bat hautatu behar banu zalantza gutxi egingo nuke Dut hautatzeko. Ferminekin atera zuten diskoagatik iritsi nintzen Dutengana. Loroan lehen aldiz Askatu korapiloa diskoari play sakatu nionean buruak eztanda egin zidan. "Inkisidoreen dantza iluna"-rekin hasten da. Hasierako barealdi ilun eta misteriotsuaren ondoren eskemak hausten dituen ekaitz bortitza eromenezko bateria erritmoz, bihotza ahotik jaurtitzeko moduko amorruz abestua. Lan osoa biltzen duen giroak ileak lazten ditu: hitzak, produkzioa... bikaina.

3. "Automatak bezala" – PI.L.T.: kostata irentsi nuen lana da mungiarren Denbora, baina behin sartuta askatu ezin den magnetismo bat dauka. Gauza berriak deskubritzeko bulkadaz erosi nuen disko hau. Punta-puntako taldea izan zela uste dut, oso garaikidea metalaren eta rock alternatiboaren autobidean. 2017an kontzertu batzuk jotzeko itzuli zirenean bizitzako amets bat bete nuen, kanta bikain honekin besteak beste, lepoa astinduz.

4. "Kaleak berreskuratu" – Fly Shit: Euskal Herriko hardcore eszenak eman duen talde onenetakoa. Ia 25 urte eta beraien martxan, DIY filosofiari leial egurra ematen jarraitzen dute. Egitura enrrebesatuak, bapateko erritmo aldaketak, zapatilla... Beste edozein kanta ere hautatu nezakeen baina ...Bizitza Baina Nola Bizi? kaleratu berritan ikusi nituen lehen aldiz Soraluzen eta txera berezia diot lan honi.

5. "Argilunak" – Naizroxa: burua lehertu zidan Iqharaturic diskoak. Bortizkeria, bateria erritmo eroak eta azkarrak, egitura konplexuak, tenpo ez ohikoak... Bide berriak ere ireki zizkidan Naizroxak gerora oso gustukoak izan ditudan muturreko taldeak ezagutzeko bidea emanez: Converge, The Dillinger Escape Plan eta abar. Milurteko berrian argitaratu den lanik onenetakoa deritzot. 2007koa bada ere, atzo argitaratua dirudi. Gaurkotasunik batere ez du galdu, ez baita antzeko beste ezer egin, nik dakidala. Diskoko kantu bat hautatzea ezinezko zaidanez, isilune luzearen ondoren 2015ean argitaratu zuten Argilunak kantatzarra hautatu dut. Izan zitekeen baina sekula iritsi ez den lan berriaren kimua.

6. "Enfant terribleak" – Anger: Musikherriaren garaietan ezagutu nituen Anger eta bere kideak. Posthardcorea, rock alternatiboa eta funkya nahasten zituen bost lan eder utzi zizkigun taldeak, Arkaitz Biainen hitz zorrotz eta inspiragarriz osatuta. Erreferentzia bat. Zaila egin zait bat hautatzea, guztiak ere oso gustuko ditudalako baina azkenean Hirugarren azala diskoko "Enfant terribleak" hautatu dut, Twitterreko “politika” friboloa nagusi den garaiotarako paregabea.

7. "Etxeorratz" – Napoka Iria: eskualdekoak izanik ia hasieratik ezagutzen dut taldea. Mirenen ahots indartsu eta jostaria edonor harrapatzeko modukoa da, Anderren gitarra arregloen edertasuna eta sentsibilitatea ahaztu gabe. Arnasten ikasteko berriz lanak erabat hunkitu ninduen. Napoka helduagoak ageri ziren. Leherketa handirik gabe, sentsibilitate handiz hazten doazen kanta ederrak eta sakonak. "Etxeorratz" kantak ondoren datorrenaren tonua bikain markatzen du.

8. "Nor da piztia?" - Liher: Euskal Herrian gaur rockaren panoraman dagoen talde sendoenetakoa iruditzen zait. Tenpluak erre lanarekin jauzi handia egin zuten lehenengo diskotik, talde izaera indartuz. Disko aberatsa, ñabardurez betea rock lehorraren errailean, Lide Hernandoren ahots indartsuak kontraste ederra eginez. Zuzenean ahots hori bizita aho zabalik geratzen ez denak... Horren adibide gorenetakoa "Nor da piztia?" kantaren hasiera indartsua. Hurrengo lana entzuteko desiatzen.

9. "Dena oskol" – Izaki Gardenak: Erosi nuenetik etxeko disko jogailuan buelta gehien eman dituen LPa zalantza gabe. Ederra, hunkigarria. "Dena oskol" kanta jarri dut diskoari izena ematen diona delako, baina zortzi kantak izan zitezkeen. Musika eta Jon Basagurenen melodia ederrez gain, hitzak ere bereziki aipagarriak dira.

10. "A Sangre & Fuego" – Xabi Bandini: amorragarria den gauza bat gertatzen zait sarri. Taldeak gustatzen hasten zaizkit agur esaten dutenean. Horixe gertatu zitzaidan Kerobiarekin. Zuzenean ikusi izan nituen baina ez zitzaizkidan sekula asko gustatu. Beste musika estilo batzuetan barneratuta nenbilen garai hartan. Utzi zutenean entzuten hasi eta gustatu egin zitzaidan. Ordutik egin dutenaren jarraitzaile izan naiz. Anticontinente asko gustatu zitzaidan eta Xabi Bandinik bakarka atera duen diskoak buelta asko eman ditu loroan.

11. "Niu xit" – Rukula: ez da hitz asko behar. Martzianoa eta dantzagarria. Zuzenean ikustera joan, ez zara damutuko. Lehen notatik gerria mugiaraziko dizute, jauziak eroa bezala ematera bultzatu, euren musikaren urruneko kontrolez gidatua dena.

12. "Distorzioen munduan" – BBAX: azken urte luzeetan zuzenean gehien hunkitu nauen taldea. Bergarako Gaztetxean ikusi nituen iaz, nor ziren jakin gabe. Ordubetez ileak tente izan nituen belarrientzat gozamen hutsa izan zen kontzertuan. Bira berezia eta diskoa egin zuen Behi Bideko Andere Xuriak taldeak Xendarineko Ahizpak, Paxkal Irigoien, Jurgi Ekiza eta beste musikari batzuek lagunduta. Gitarra elektrikoen distortsioz eta ahots koro ederrez lagunduta Lete, Iriondo, Urdangarin eta antzekoen bertsioak jo zituzten. Ekizak bere bakarkako lanean argitaratu zuen "Distortsioen munduan" kantaren moldaketa dakart hona. BBAXek izen bera jarri zion diskoari. Zirraragarria.