Katixa Agirre
2015.12.29Facebook aurreko garaiak ziren. Zehatzago esanda, Internet aurreko garaiak ziren. 90eko hamarkadako lehenengo zatiaz ari naiz, institutuko lehenengo urteez. Sare sozialak aurrez aurre ehuntzen ziren artean eta argazkiak ere eskutik eskura partekatzen genituen. Orain sinestea zaila egiten zaidan arren karnet tamainako argazkiak ematen genizkion elkarri, souvenir modura… egunero klasean ikusten ginen arren. Esku artean dut orain nire gelakidea omen zen Estitxuk –erabat ahaztuta nuen hamalau urteko aurpegiak– emandako argazkitxoa. Atzealdean hurrengo eskaintza egin dit Estitxu delakoak: "Katixarentzat, inoiz ezagutu dudan neskarik su-ta-gar-zaleenarentzat". Zur eta lur geratu naiz. Nor da Estitxu? Hain ondo ezagutzen ninduen orduan? Eta benetan al nintzen ni hain su-ta-gar-zalea? Nik behintzat ez dut gogoan.
Badaezpada ere, Interneten sartu eta Su ta Gar idatzi dut bilatzailean. Kantak bata bestearen segidan etorri dira eta, hasieran herdoilduta bezala sentitzen banaiz ere, berehala datoz oroitzapenak bor-bor. Estitxu ez zebilen batere oker. Letra guztiak gogoratzeko gauza naizela ohartzen naiz, "Libreeeee izateko haiz jaioa, Mariiiiiiii ez zara izango niretzat…" eta beste guztia. Gogoan ditut diskoetako azal guztiak eta burura etorri zait zuzeneko hura ere, Gasteizko Gaztetxean…, edo akaso Araba Euskaraz batean izan zen?
Tira, azkenean, esteka bizkorraren garaietan gertatu ohi den moduan, gauza batek bestera eraman nau. Orduko nire soinu-banda guztia etorri zait, hau jarioa. Eta zerrenda hau atera da, guztiz adierazgarria iruditu zaidana. Erdi iraultzailea, erdi pinpirina. Horrelakoak baikinen. Gogoan duzu?